kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Obabakoak / Bernardo Atxaga / Erein, 1988

Obabakoak Dabid Zuazalde / Argia, 1988-08-04

Urteak ziren Atxagaren ipuin bilduma agindua zigutela. Aurrena giro ruralekoak izango ote ziren, gero Obaba-Hamburgo izango ote zen, azkenean Obabakoak hau etorri zaigu, bertan sartzen direla Hamburgon edo kokatutako hainbat ipuin, bai giroen arteko loturazkorik ere.

Guzti horren interpretaziorik egiteko asmorik ez dugu. Sinbolismo merkeetarako guraria eta jakituria falta zaizkigu, eta bat ere disimulu eta lotsarik gabe esan dezakegu liburua zoragarria iruditu zaigula, euskal literaturan oso gutxitan ikusten den bezalakoa, perla bat baino gehiago harribitxiz beteriko kutxa. Zaila da kutxa hori eta bertako harribitxiak definitzen, lekua ere zabalagoa beharko genuke, baina saia gaitezen zertxobait zehazten.

Liburuko lehen berrehun orriak narrazio solteez osatuak dira, eta beste berrehunak “Azken hitzaren bila” testu luzeak betetzen ditu, honen barruan ipuin aske mordo bat tartekatzen dela. Irakurleak honez gero entzun du Bernardoren ipuin ezagunak daudela liburu honetan. Hala ba bai: lehen parte nagusi horretan badira lau bat lehendik ere argitaratuak, eta bigarrenean beste horrenbeste edo. Dena dela, ipuin zaharrak ere berri samar dira hemen: batetik liburu osoaren barruan toki eta esanahi berezia hartzen dutelako, edo denbora aldatuz, edo narratzailearen perspektiba aldatuz. “Camilo Lizardi…” ia bere hartan utzi du, baina irakurleak “Post tenebras…”-en aldaera berria dastatu eta konparazioetarako aukera izanen du.

Teknika, estilo eta tonu ugari erabili ditu ipuinotan, asteasuarrak ohi duen maisutasunaz. Laburrekin batera ohi baino luzeagoak. Liburu osoan bereziena, “Hamaika hitz Villamedianako herriaren ohoretan eta bat gehiago” deritzan izkribua, ene uste apalez. Genero jakin batean sailkatzeko zaila, narrazioarekin bidai liburuen eitea ere bai bait du, bertan bidaiarik egin gabe, guzti hori han-hemenkako gogoetaz zipriztindua. Genero jorratuaren usadiozko arauek ematen duten euskarririk gabe ere ondo baino hobeto moldatu da Atxaga, askatasun osoaz bere prosa goxo eta eder, arin eta sakona eskaintzeko.

Bernardo Atxaga ez da, bere obran barrena ondo erakutsi duenez, liburuak nola hala taiutzen dituen idazlea. Honakoan ere ez. Saio berezia egin du hemen, ipuinak narrazio-marko orokorrago batean txertatzen, “Azken hitzaren bila” lanean. Arabiarren Mila eta bat gauak gogorarazi digu tarteka; eraginak eta erreferentziak oso ugariak dira ordea. Trebezia aparta du Bernardok gauza xinpleak esanaz garrantzitsuagoak adierazteko, eta orri askotan sumatuko dituzu halako keinu bereziak. Literatura eta kulturaren zenbait prolemez esplizitoago mintzo da “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra eta adibide bat” testuan. Honetan eta beste zenbaitetan, aipagarria da ironiaren erabilera, aurreko urteetako idazkietan galduxea zuena.

Gehiago ere luza gintezke, irakurtzean hainbeste une atsegin igaro arazi dizkigun liburu honetaz baina bukatu beharra dago. Amaitu dezagun esanez gure herriaren kultura eraiki nahi badugu, Joxe Irazu utziezinezko zutabea dela, gure literatur ondareari egundoko ekarpena egin diona eta hala segitzea espero duguna; harrika aritze zoroek gure teilatua hondatu besterik ez dute egiten (cf. Sarrionandiaren “kritika konplizea” ).

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak