« Irribarrea galtzen danean | Belaunaldi esperientzia baten irudi etereoa »
Onkoteak / Bixente Serrano Izko / Pamiela, 1987
Onkoteak Dabid Zuazalde / Argia, 1988-03-13
“Pamiela”koek “Ibiltaria” izeneko sail honetan idazle nafar berrien liburuak kaleratzen dituzte, euskaraz zein espainieraz. Liburu xumeak baina prezio merkean, bertako gobernuaren laguntzari esker.
Bixente Serrano Izko politikagintzatik genuen ezagun. Burrukan luzaroan ibilia, gero hainbat saltsatan, batetik bestera, eta badirudi azkenean utzia duela arlo hori —agerpen publikoei dagokionez behintzat— eta bizitza pribatuari atxeki. Horren erakusgarri edo, kaleratu berri dioten bere lehendabiziko liburua, euskaraz gainera.
“Onkoteak” honetan narrazio labur batzuk kausitu ditugu, molde desberdinetakoak, kezka sakon eta bilaketa formal batzuen fruitu. Gaietan bizitza honen inguruko gogoetak egiten dituela esan liteke: gizarte honek ezarritako mugetan bizi ezina, nork bere barnean dituen kontraesan eta eskizofrenien agerpena, sentimenduak eta pentsamenduak idatziz, literaturaren bidez adierazi nahi eta ezina… Giza taldea eta banakoa ukitzen ditu beraz, eta tratamendu ironikoa azpimarratuko nuke nik; hori, eta lehiazko bizimodu krudel batean bizi beharrak izaera sentiberadun bati dakarkion mingostasuna.
Zeresanean interesa badu, esateko moduan ere saiatu zaigu Serrano Izko bere espresabideak bilatzen bai lexikozko hautapenetan, bai esaldien taiuan, bai eta ipuinen egituran ere. Hala ere, ezin esan genezake erabat asmatu duenik. Batetik dispersoegia da, zizka-mizka han eta hemen probaketan bailebilen; bestetik, hizkuntza oraindik ere behar bezala ez menderatzeak bere ajeak ditu, nahitaez.
Bada Joxe Lizasoren pasadizo polit bat. Joan omen zen lagun batekin bertsolari gazteen saio batera. Halako batean intentzioa bai baina borobiltzen asmatu ez zuen baten bertsoa aditu eta esan omen zuen lagunak: “Joño, horrek esan nahi zian ba”. Eta Lizasoren erantzuna: “baita gure herriko mutuak ere”. Mutuak ez bezala, bertsolari gazteak ikasiko zuen esaten agian, eta espero dugu Bixente Serrano Izkok ere —gaztetxoa ez bada ere euskalduntasunean gazte denez— hobetuko dituela bere izkribuak.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera