kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Quito-n arrebarekin / Nikolas Ormaetxea, "Orixe" / Euskal Editoreen Elkartea, 1988

Quito-n arrebarekin Xabier Mendiguren / Argia, 1988-02-21

“Gurean, lehorte edo uholde” esan lezake norbaitek. Hor edukiko zaituzte hilabetetan eta are urtetan alerik ere atera gabe eta hara non azaltzen zaizkigun halako batean hamahiru liburu, denak batera eta bapatean. Norbait zenbaki horren beldur bada, esan dezagun haren lasaigarri eta goxagarri Arrueren “Santa Jenobebaren bizitza” duela bi hilabete kalean genuela, beraz hamabi dira berez, Jaurlaritzak babestutako bilduma honetan atera berri direnak.

Pozarren hartu ditugu liburuok noski, baina zabar xamarra iruditu zaigu denak batera argitaratzea. Horrelaxe suertatu delako edo propagandarako hots gehiago ateratzen delakoan? Ez dakit juxtu zein den arrazoia, baina liburuei behintzat nik esango nuke mesede kaxkarra egiten zaiela. Guztiz gomendagarri diren titulu batzuk galdu egiten baitira horrenbeste lagunen artean.

Hala eta guztiz, guk geure ahalegintxoa egingo dugu, eta guztiek ere merezi dutelakoan banan banan komentatu. Eta hasteko, saileko orain arteko azkena hartuko dugu, Orixeren Quito-n arrebarekin. Bitxia da gero orain dela hogeitabost urte pasatxo hildako egilea klasikoen artean kokatzea, ez klasikotzat har ez daitekeelako ezpada garaikidetzat hartu behar genukeelako. Hala beharko luke agian, baina egia da gaur egun ez dugula Orixe autore moderno bezala irakurtzen, eta izan ere ez zen bat ere modernoa, ez gustoz eta ez hezieraz. Joxe Azurmendik ARGIAren 86ko Urtekarian komentatzen zuen, Orixe kritikatu zuen belaunaldiak asko irakurri zuela Orixe. Geroztikoontzat erlikia baino ez da izan ia ia Orexa-huitzitar haundi hau.

Beraz egoki eta bidezko da Orixeri klasikoen artean zor zaion omena ematea, eta liburu honek —baita beste askok ere, jakina— ondo bete lezake lantegi hori. Quito-n arrebarekin elkarrizketa sail bat dugu, Jokin Zaitegik Guatemalako erbestaldian 1950-1954 bitarteko “Euzko Gogoa” aldizkarian hamabi emanalditan argitaratua. Haiek jaso eta Iñaki Segurola gazteak bildu ditu liburu honetarako. Edizio paratzeak ez du lan berezirik kasu honetan baina gogoan hartzekoa da Segurolaren hitzaurrea.

Ameriketara joanda, berrogei urtean ikusi gabeko Denuxi arreba sabelkidearekin izandako elkarrizketak dira liburua betetzen dutenak. Solasgaiak, honunzkoak eta harunzkoak; hau da: inpernu-garbitegi-zerua bezalakoak eta haurtzaroa, hango eta hemengo bazterrak, gerra garaiko izugarrikeriak… Denak ere elkarrizketa bizi, bizkor eta zaluan josi eta txertatuak.

Orixeren euskararen indarra eta adierazkortasuna goraipatu beharrik ez dut izango baina bai gogoratu irakasgai polita dugula askok, gure euskara geza eta graziarik gabea beste maila batera jaso nahi badugu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak