kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Europako mugetan barrena / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2001

Literaturaren mugetatik at Joxemari Carrere / Gara, 2001-09-29

Lisboatik Berlinerako bidean Mosku igarota abiatu zen trena. 2000ko ekaina zen. Sei astez iraungo zuen bidaiak. Trenak zama berezia zeraman: idazleak. Europako ia zoko guztietatik heldutako idazleak, bakoitza bere literatura eta bizitza kargak zainatuak. Abian zen Literaturaren Expressoa Europa. Edorta Jimenez bertan eta bidaia horren kronikak igorri zizkigun “Gara” eta “Euskaldunon Egunkaria”ren bitartez: lagunei bidaian ezagututako lekuak, jendeak, bizitzak; izandako kezkak eta deskubrimenduak kantatzen zaizkien legez. Bat-bateko kronikak izan ziren haiek, telefonoz igorriak, batzuetan aurretik idatziak, beste batzuetan, idatzi ezinean, buruz emanak. Europako hamaika leku ezberdinetatik igorritako kronikak. Baina hori orain dela urtebete izan zen: Tren haren arima baino ez da geratzen. Holandesaren itsasontzia bezala, burdinbideetatik igarotzen da, bere baitan oraindik Europako literaturen arima galdu errariak daramatzala. Eta urtebete geroago Edorta Jimenezek ia premiazkoak izan ziren kronika haiei gehitu die kronika luzeago bat. Etxeko lasaitasunean, jasotako informazioak, kafe batean, trenean edo hoteleko bakardadean idatzitako sentsazioak, denboraren filtroak uzten dizkigun oroimenen zantzuak, bildu eta bidaia liburu bat eskaintzen digu euskal irakurleei.. Literaturaren Expressoa, Europako mugetan barrena abiatu zen trena.

Europako mugak. Mundakako idazleak orrialde guztietan muga horien gainean egiten du gogoeta. Non daude Europako mugak? Nolakoak dira muga horiek? Era guztietako mugak aipatzen dizkigu egileak. Deigarria egin zitzaion telefono mugikorren muga; Europako ekialdean ia ez ziren ikusten eta horrek muga bat erakusten zuen. Muga aipatzen zuen literatura txikiak aipatzean, estaturik gabeko literaturak edo ezezagunak egiten zaizkigunak, hizkuntza bera askotan ezezaguna egiten zaigun bezala. Poeten eta eleberrigileen arteko mugak. Mugak alde guztietatik. Eta horiek guztiak zeharkatzen ditu idazle bidaiariak. Egunez egun murgiltzen den mundu pertsonal zein kultural horietan zeharkatu beharreko bide berriak deskubritzen ditu. Irakurlea barne bidaia horretan eramango du; berak ere, ia konturatu gabe, deskubrimendu eta gogoeta horietan bere burua aurkituz. Literaturaren bidetik Europaren gaineko hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu idazleak.

Europako mugetan barrena bidaia kronikan nabari da egilearentzat berarentzat egindako liburua dela. Egin behatrekoa esango nuke. Idazleak berak esaten duen bezala, bidaia amaituta ez da berdina etxera itzuli dena eta Lisboatik abiatu zena. Izan ere, bidaien helburuak hori beharko luke izan; egungo turismokeriaren gainetik. Edortak askotan huskeriak diruditen kontuak azalduko dizkigu (hau bestearekin ligatu nahia, harako haren ezinegona, edo urliaren mozkorkeria), baina ustez garrantzirik gabeko pasarte horiek emango diote sinesgarritasuna, hurbiltasuna, kontakizunari. Hausnarketa sakon eta burutsuetan baino gehiago bidaiak eragindako inpresioak, zalantzak, egitasmoak, aurkezten dizkigu irakurlearen konplizitatea bilatu nahian, irakurlea bidaide gisa hartuz. Uste dut ez gaudela ohituak bidaia kronikak irakurtzen gure literaturan eta Edorta Jimenezek genero hau ezagutarazten diga modu duin batez. Literatura eta kazetaritza kronika uztartzen ditu polito, irakurlea egiatasunaren eta fikzioaren mugetan eramanaz. Aurretik idazle bizkaitarra ezagutzen dutenek beste alde bat ezagutuko diote eta ezezaguna dutenak ez dira damutuko (espero dut) bere mugetan barrena abiatuz gero.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak