« Idazleen Europa? | Hitzen misterioa »
Mattin Mottela / Jose Mari Satrustegi / Ibaizabal, 2001
Sakanako txiki-handiak Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-09-22
Pertsona orok behar du, eta batez ere ahula edo txikia denean, heroi bat, zeinarengan bere ezinak eta nahiak haragituko dituen. Era berean, herri edo kultura orok behar du, batez ere txikia izatearen erruz zapaldua izan denean, trikimailuren bat, handiaren edo zapaltzailearen aurrean bere nortasuna azaleratzen lagunduko diona. Ideia hauexek dira Jose Mari Satrustegik azpimarratzen dituenak Martin izatera heltzen ez den Mattin pertsonaiarengan eta motela baino motelagoa den mottela-ren ekintzetan, ahulak eta txikiak handiaren edo indartsuaren aurrean erakutsi behar izaten duen ausardia eta jakituriaren aurkezpenean, zapaldua izan den herri eta klase sozial bati hauspoa emango dion literaturan barrena.
Mattin mottela ipuin liburua bost atal nagusik osatzen dute (31 ipuin guztira), atal bakoitza Sakanako (edo nahiz eta Sakanakoa ez izan, bertan jasotako kontakizuna) pertsonaia bati dagokiolarik: Mattin Mottela, Joan Soldadu, Elezuri alfer handia, Burundiko sei gizon eta Hamalau izeneko erraldoia (eta bere arreba). Sakana ibarrean ahoz aho transmititutako ipuinak dira guztiak, egileak liburuaren aurkezpenean aitortu bezala, sutondoan gurasoen ahotik entzundakoak. Bost atalon komuneko elementua txikiak handia nola garaitu dezakeen erakustea da. Eta hori baliabidea izango da, bide batez, kultura txikiak handitik nola defendatu behar duen aldarrikatzeko.
Totel erakargarria
Mattin Mottela amarik gabeko haur tentel antzekoa da, herriko agintedunei, elizgizonei eta lapur ankerrei irabazten dakiena. Testuetan ez da tentela denik antzematen, baina irakurleak Mattinen hitzen bidez jasoko du pertsonaiak bere buruaz egiten duen deskribapena.
Mattin ez da bihotz txarrekoa, nahiz eta pasadizo batzuek ondorioekiko arduragabekeria nabarmena erakusten duten. Mattin Mottelak ospe txarra zuen herrian, lapur fama zuelako. Liburuan jaso den Mattin, aldiz, literaturak ederretsitako pertsonaia dela esan genezake, edo eta urteen poderioz, irakurketa literarioaz gain, balio soziologiko-literarioa erantsi zaiela pertsonaiaren gainean eraikitako gertakizunei.
Satrustegik idatziz jaso dituen totel honen gorabeherek, bere garaian, entzuleen ezintasunei irteera ematen zien. Mattin heroi bat zen azken finean, eta heroi haren larruan sartzen zen entzulea.
Eguneroko bizitzan lortu ezin ziren nahikerien hegaldi gorenak ageri dira mezuetan: sinestezinak aldian, gogorrak askotan, ondorioei askorik erreparatu gabe beste batzuetan. Erakutsia ematea edo eta mendeku hartzea zen Mattinen helburua. Bere abilezia besteen inozentzian oinarritzen zen. Hau da, artean eskarmentatu gabeko jendearen fede onean.
Pasarteek, kronologikoki txertatuta daudenez, istorio oso bat osatzen dute. Kontakizun lineala darabil egileak, eta ipuinen egitura ere berdintsua denez kasu guztietan, irakurleak erraz antzemango du, betiere mendeku hartzea lortuko duen pertsonaiak kontakizunari asmatu uste dion bukaera.
Alferkeria, lanaren balioa eta klase sozialen arteko gatazka gai nagusi dituen ipuin bilduma honetan, bi ideia kontrajartzen dira: pertsonaiaren irudi ahula batetik, eta bere abilezia ausarta bestetik.
Mattin Mottelaren ondoko atalek, denek komunean dituzten elementuak istorioen linealtasuna, zentzu kronologikoa, txikiak handia garaitzen duen ideia, pertsonaiaren ausardia edo argitasuna, Sakanan jasotakoak izatea eta pertsonaia edo lurralde txiki batek handiaren aurrean nola irabaz dezakeen jakinarazteko trikimailuren bat erakustea da. Elezuriren kasuan, adibidez, egoera zailetan adimena nola pizten den goraipatzen da, baserritarren mundu txiroa eta moztasuna garaitzen duen mezua dakarte ipuinek. Burundiko sei gizonen istorioetan, ostera, lurralde txiki bateko jende apala nazio mailako erronka zaratatsuan garaile ateratzea.
Mitoaren desmitifikazioa
Idazleak sarrera gisa azalpen bat egiten dio ipuin bilduma bakoitzari. Azalpenok argigarri dira ipuinen nondik norakoak ulertzeko eta testuinguruan jartzeko. Ipuinen iturriak aipatzen dira, eta egiatasuna ematen dio puntu honek atalari.
Azpimarragarriak dira, hein berean, egilearen ekarpenak: ahoz aho transmitituriko herri literaturaren gordailua prestatzea, eta batez ere, herri txikien mitoaren aurkezpena eta, aldi berean, mitoaren desmitifikazioa; hau da, ospe txarra zuen pertsonaia baten istorioak kontatuz, irakurleari bere irakurketa propioa egiteko aukera zabaltzea. Era berean, gaizki tratatua izan zen pertsonaia bat berreskuratzeko aukera zabaldu die Jose Mari Satrustegik Sakanakoei.
Bilduma honek ez du balio gaur egungo irakurleek beren nahikeriak pertsonaiarengan haragituta ikusteko (erreferentzia kronologikoa antzinakoa delako) baina balio du gaur egunean balio historikoa duen ahozko literatura eta garaiko klaseen arteko gatazkak eta bizipenak hobeto ezagutzeko.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez