kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Europako mugetan barrena / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2001

Zertaz ari gara Europaz hitz egitean? Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-09-15

Edorta Jimenez, iazko ekaina hasieratik uztailaren erdialdea arte, sei astez ibili zen Literaturtrena 2000 delakoan. Mundakarrarekin batera, Europako herrialde eta kultur eremu askotako ehun bat idazle igo ziren OK Expressoa izenez Egunkaria-n eta Gara-n argitaratutako kroniketan ezagutarazi zigun trenera.

Liburu honetan, aipaturiko kroniken bilduma aurkituko du irakurleak, baina kronikok liburu honen zati bat besterik ez dira. Bidaian zehar treneko egunkarian idazle askok idatziriko testuek (ingelesez, frantsesez, portugesez, alemanez…) osatzen dute liburuko bigarren zati inportanta. Eta, azkenik, garrantzitsuentzat jo dezakegun multzoa dago: Jimenezek berak behin bidaia amaituta idatziriko testuena.

Hiru multzook nola josten diren? Egileak berak ematen digu irudia: puzzle bat osatzen dute guztien artean, puzzleko hiru pieza nagusietako bakoitza bakarka ere irakur daitekeen arren. Liburua egileak emandako testu ordenuan irakurriz gero, hala ere, puzzle ederragoa ageri zaio irakurleari, izen, abizen, herrialde, geltoki, kale, liburu, jaki, edari, ahots… zaparrada baten laguntzaz betiere. Zaparrada horretan zorabiagarriena, lagun ezezagunen izen uholdea. Alde horretatik, zeharo lagungarria da Jimenezek liburuaren amaieran idazle bidaiari guztien izen abizenekin eta jatorriarekin alfabetikoki eman digun zerrenda.

Behin lagungarri hori gogoan, kronika mardul bezain interesgarri honen hitzetan murgiltzea ez da batere zaila egiten. Eta OK Expresso-aren ibilbideak ibilbide asko dituela ikus dezake berehala irakurleak. Idazlearen barne ibilbideak ez du ezkutatzen kultura diferenteetako hamaika pertsonaren arteko harremanena, adibidez, eta azken bide horrek, hain zuzen ere, hamaikatxo pasadizo adierazkor eta interesgarri agertzen dizkigu: Europako historiaren jarioaren ezaupideak ere, zalantzarik gabe, testuak blaitzen ditu. Horren adierazle dira mundakarrak berak bidaia amaieran idatziriko hitzak: “Hiri bonbardatuen bisitan izan garela ematen du. Bai. Nire aldetik, autobusean jesarrita, goizago, eta Berlin obretan ikustean, Bigarren Mundu Gerra oraindik amaitu barik dagoela egiten dut gogoeta”. Europa du gogoeta gai Jimenezek liburu osoan, bai, baina ez ekonomikoki batutako Europa hizpide dutenen moduan, Europa osoko (euroaren eremuaz gaindikoa ere bai) hainbat biztanleren jarrerak, pentsamoldeak, gatazkak eta kultur ezaugarrien berri ematen baitigu liburu honek, hitzetik hortzera darabilgun Europaren kontzeptu diru koloreko hori esaten zaiguna baino askoz ere askotarikoagoa dela argi utziz. Garai bateko Gerra Hotza pasatu omen den arren, ingelesak-whiskyak eta errusierak-vodkak oraindik norbere eremua izaten jarraitzen dutela ikasi dugu ere, eta ez da anekdota hutsa.

Aldaketaren kronika

“Europako mugetan barrena OK Expressoan ibili ondoren ez naiz ekainean Lisboan abiatu zena”, diosku Edorta Jimenezek liburuko azken atalean. Bere lanak irakurleak aldaraziko ote dituen jakitea ez da erraza, baina Europari buruz ematen zaigun ikuspegia osatu behar genukeela zalantzarik ez da geratzen. Ez da lorpen makala, alajaina, ia eztabaidarik piztu behar ez omen duen gaia gogoeta iturri bilakatzea. Ines Pedrosa portugaldarrak bidaia egunkarian idatziriko testuko pasarte batek ibilbide luzeak idazle bidaiariengan izan zuen eragina agertzen digu: “Peeter Sauter estoniarrak zera dio idatzi duen poema batean, Europako Batasuna dagoeneko existitzen dela prostituzio, poesia eta filosofia mailan, baina inoiz ez dela lortuko arlo politikoan”. Erabaki beza irakurleak horrekin ados den ala ez. Erabakia hartu bitartean, Edorta Jimenezek bere burua biluztuz osatu duen puzzlea osatzea ez du lan zaila izango, estilo zuzen eta atseginez erabat barregarriak diren pasarteetatik guztion baitan har txikitxo bezain tirtiria txertatzeko modukoetara jauzi naturaltasun osoz eginez.Liburu gomendagarria, benetan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak