kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bordaberri'ko gozo-mikatzak / Txomin Garmendia / Auspoa, 1983

“Bordaberri’ko gozo-mikatzak”, baserri-elaberria oraindik ere bizirik Iñaki Kamino / Argia, 1984-02-12

Hiru aste dira Txomin Garmendia bertsolariari omenaldia egin zitzaionetik, eta hara, Txominek bere aurreneko elaberria kaleratu!

Izenburuan “baserri-elaberria” jarri dut euskal elaberrigintzak horrelako tradizio bat baduelakoan nagoelako. Izan ere elaberri hau lehen ere ateratako beste batzuri elkartzen zaie alde askotatik: hor ditugu “Uztaro” bat, “Larraundiko sendia” bat eta baita “Garoa” bat ere, edota Ameriketara alde egin beharra aditzera ematen diguten “Lardasketa”, “Polli eta Pello”, “Bizia garratza da” eta besteren bat.

Ardatza baserria da eta noski bertako bizilagunak: ama, aita, alaba bat eta anaia bi. Semealaba hauen ibilerek eta ibilera hauek gurasoengan sortutako aburuek zuzenduko dute elaberriaren haria. Ohiturazko elaberria da, baserriko bizimodua e.a. kondatzen dizkiguna, baserriaren eragozpen latzak argi eta garbi uzten dituena eta honen aurrean gaur egungo gazte batzuk (elaberriaren hari erreala 52.-53. urte inguruan mamitzen baita) zer irtenbide eta zein erantzun daukaten.

Mataza osatzeko hiru gaztez baliatzen da Garmendia bakoitzaren egitekoa oso garbi utziz: bata, anaia zaharrena, oinordekoa da noski, baina bere buruz baliatzeko oso ondo moldatzen ez dena (baserriko lanetan bikain ibiltzen da baina), bere lana soldaduzka betetzea izango da elaberrian barna. Hurrena neska dugu: baserriko lan amaigabeez neketurik kalera lanera jaisteko erabakia hartzen du eta kastillano batekin ezkonduko da haseran gurasoak oso naigabetuz. Azkena anaia gaztea dugu. Honek bizkortasunez ez du faltarik eta ez du baserria gehiegi maite, eta Ameriketara alde eginen du lanera.

Soldaduzkak, kastillanoarekin ezkontzeak eta Ameriketara joateak gurasoen bihozmina ekarriko du eta elaberriak nahiko itxura pesimista hartuko du. Hauek genituzke elaberria osatzen duten alderik behinenak, baina beste zenbait baliakizun behar du Garmendiak bere lana itxuratuko badu: hor ditu tartekaturik beste asko nonnahi: guzti hau gertatzen den bitartean etxekoek daramaten biziaren erakusketa, beren nondik norakoak gurasoei agertzeko semalabek bidaltzen dituzten eskutitzak (hiru semealaben kontuak ez dira hirurak batera gertatzen, beti dugu semealabaren bat etxean), ipuin zaharrak eta artazuriketetako kontuak, gabonen garrantzia, kristautasuna eta abertzaletasunaren pindarrak, afariak, bertsoak, Erniorako erromeriak…

Idazlearen lana oso garbi geratzen da: narrazioa da idazlearen bidea askotan, lehenaldiz egina eta hirugarren pertsonan idatzia. Narrazio hau guztiz objetiboa, ez digu liburu guztian idazleak bere iritziaren pindarrik ere adierazten, oso era neutroan kondatzen da. Hala ere nagusiena elkarrizketa da, gurasoek beren artean edota semealabekin dauzkaten autu-mautuak. Narrazioaren denbora lineala da une guztietan, baserri-elaberrietan ohizkoa den legez bizitzaren hariari jarraitzen zaio kontaera.

Teknika falta nabaria Garmendiaren idazlanean, gerra aurreko edozein elaberri izan liteke hauxe lasai lasai, eta hainbeste urte iragan ondoren ezer gehiago ere espero zitekeen. Pertsonaiez dihardugula ere antzeko gauza: oso funtzio garbia dute denek eta ez da elaberri guztian aldatuko, ez dira bilakatzen. Dauzkaten kezka guztiak materialak dira: etxea berrituko ote, beribil ori jasoko, baserrirako emakumea bilatu beharra e.a. Ez ditugu, egia esan, pertsonaiak ezagutuko, barnetik nola diren ez dugu ikusiko. Zintzoak, elizkoiak eta langileak bai, baina ez dute ia ezberdintasunik. Oinordekoa eta anaia bizkorra ezberdinak badira, elaberriak nahi ta nahi ez hala eskatzen duelako, beste eran izan ezin zitekeelako.

Oso garbi du idazleak elaberriak behar dituen gertaerak nagusi behar dutela, eta horregatik, 2. kapitulurako agertuko digu neskak Donostiara lanera joateko duen irrika edota anaia gazteak baserri nekeza uzteko. Sobran dagoenik ere ez du maite (Ameriketara joateko itsasontziko pasadizurik ez digu ematen ezertarako, ez bait dira bere istoriorako pertinenteak). Elaberriaren bukaera oso ohiturazkoa da, hirurak ezkontzen dira, hirurak dira oso zoriontsuak, baserriaren jabe egiten dira, ekonomia aldetik ere zoriak ez die atze egiten (lana gogotik eginen dute halabaina).

Giro honetako gaitzak ere azaltzen dira: mozkorrak, etxearen nagusiaren diruzalekeria, atsoen esamesak, baserriko etxekoandrearen lan egin beharra (aita ostatuan edo ferian delarik), oinordekotzak sortzen dituen kalteak…

23 kapitulutan burutzen du elaberria idazleak bakoitzari izen bana emanez.

Amaitzeko eta laburpen antzean bi gauzatxo: beti atsegina gertatzen den gaia, nahiko landu gabea gertatzen den teknika, eguneroko gauzek lotua, pertsonaia errazegi batzuren bidez tajutua eta garai batean oso garrantzizkoa zen baserri-elaberrigintza hobetuko ez duena. Ohizkoak diren gertaerak eta euskara ederrez idatzia, eta euskara ederrez aipatutakoan ez dut esateagatik esan nahi, estilo goxo eta herrikoiez egina eta zalantzarik gabe euskara aberatsez tajutua, aurreneko kapitulua irakurri besterik ez dago honetaz jabetzeko.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak