kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hamaseigarrenean aidanez / Anjel Lerxtundi / Erein, 1983

Lertxundi, zazpigarrenean aidanez Miquel Hernandez / Argia, 1983-05-15

“Jon Mirande” Euskal Gobernuko saria irabazi zuen ihaz Andu Lertxundiren azkeneko nobelak —Hamaseigarrenean, aidanez titulupean— autorearen zazpigarren liburu literarioa. Anduren sorketarik onena dudarik gabe. Bi etapa nagusi ikusten ditugu Anduren sortze lanean: lehenean Hunik arrats artean (1970, ipuinak), Ajea du Urturik (1971, nobela, osatu ez zen trilogia baten lehen partea) eta Aise eman zenidan eskua (1980, ipuinak, baina azken honen “Hausdurak” ipuin luzea kenduta) sartuko lirateke. Eta azalduko dugu zergatik ez dugun sartzen hor Goiko Kale (1973, nobela edo antzeko zerbait) nahiz eta lehenagokoa izan. Aise…-n dauden ipuinak, diren modukoak direlako hobeto sartzen dira beste liburuekin batera kalitateari begira batez ere —kalitate apalagoa— baina baita konta-moduari begira ere. Ez da kasualitatea Aise…-n agertutako bi ipuin Hunik arrats artean liburukoak izatea. Aspaldikoak direla, lehenengo haien garaikoak, inpresioa sortzen dute gainerakoek. Arras diferente gertatzen da “Hausdurak” Aise… n agertzen den nobela motzarekin eta hori horrela delarik egokiago iruditzen zaigu bigarren etapan sartzea non Goiko Kale delakoa, Tristeak kontsolatzeko makina, Gizon kabalen piurak eta Hamaseigarrenean, aidanez ere sartuko liratekeen. Sensibilitate finagoa agertzen da, teknika landuagoak, estilo zainduagoa, azkeneko nobela honetan batez ere.

Herri batera ailegatzen den emakume baten historia kontatzen da bertan, hiru partetan, parte bakoitzak hiru kapitulu dituelarik. Herri txikia, txaskarrilo zalea, esamesaka maiz dabilena, etorri berri den emakume lirainaren ekintzak nahastuz aritzen dena, errealitatea fantasiekin konfundituz, herri txikietan maiz gertatzen den bezala (eta handietan ere). Emakumearen prehistoria ezezagun gertatzen denez gero herritarrentzat are misteriotsuago gertatzen da eta beraz esamesaka ibiltzeko lur jorratua da.

Baina gaia ez zaigu kontatzen, hasieran bedaio, momentuan gertatzen ariko balitz bezala, ez dago beraz nobela osoa teknika tradizionalean egina eta hau dela-eta “Hausdurak” ipuin luzea izan zen kontateknika zailagoen aitzindari. Hortaz aparte suspensea sortzen digu narratzaileak hasi hasieratik eta errealitatea arakatuz ibiliko da arazoaren muina azken orrialdetaraino argitu gabe. Alde horretatik nobela poliziako edo misteriozkoaren konta-moduaren eragina agertzen du, irakurlea ez aspertzeko gogoz, hau ondo lortzen duelarik.

Lehen orrialdean bertan “—Martzelina, ustekabean gertatu da!” (11) esaten zaigu, baina “zer gertatu den” zehazki inolaz ere esan gabe.

Lehen partearen lehenengo bi kapituluetan pertsonaia batzuengandik besteengana pasatzen da ahotsa (eta hitza), pertsonaia-aldaketa egon dela zuzenean abisatu gabe —abiso bakarra parrafoen arteko tarte handiago da baina nobelan zehar tarte handiago horrek ez du beti seinalatzen ahots aldaketa eta beraz ez da funtzio bakar batera limitatzen— Martzelinak (protagonista edo) eta honen laguna den Mariak hitzegiten dute txandaka, eta halaber Korneliok etc.

Lehen partearen hirugarren kapituluan argitzen zaigu berriketa guzti horiek historia arakatzen ari den idazle bati kontatuak direla: “Gurasoei entzun nien orain arteko eta geroago etorriko denaren berriren bat. Nire aita jaiotzez, guzti hauek gertatu ziren herrikoa da…” (53).

Horretaz den bezanbaten asko gogoratzen digu Márquezen “Crónica…” zeren etengabe agertzen bait da historiaren jasotzaileari erreferentzia hori (Márquezenean baino gehiago apika) eta antzeko moduan nahasten dira jasotzailearen eta historiaren denborak. Esaterako, goikoaz aparte, Anduren liburuan: “Beti harritu eta kezkatu nau zergatik jasotzen eta gordetzen dituen herriak horrelako ixtoriak eta ahazten agian garrantzizkoagoak zaizkigunak” (53). “Martzelina baino hogeita hamar urte beranduago herriratu nintzen…” (56). “Biharamunean ezagutu nuen Martzelina… osatua nuen ideia ia ispilu batean bezala ikusi nuen Martzelinak bere etxeko atea ireki zidanean” (59). Eta Márquezenean: “Lo vi desde la misma hamaca y en la misma posición en que la encontré postrada por las últimas luces de la vejez, cuando volví a este pueblo olvidado tratando de recomponer con tantas astillas dispersas el espejo roto de la memoria” (14). Bietan idazle bat doa herrira historiaren puzzlea konposatzera, bietan emakume zahar bat. Bietan ematen zaio mila buelta anekdota nagusiari, zeharo borobildu baino lehen.

Hirugarren kapituluan beraz pertsonaia baten funtzioa hartzen du narratzaileak eta pertsonaiek bezala hitzegiten du hirugarren kapitulu horretan beste pertsonaien ahotsik agertzen ez delarik.

Bigarren partearen lehen kapitulutik hasten da Martzelinaren senarraren historia (Domingo), zeren lehen partean Martzelina izan bait da nagusi. Parte honen lehen kapitulu osoa Domingo apustulariaren historiaren hasiera ematen digu narratzaileak bigarren kapituluan bezala eta konta-teknikarik klasikoena aukeratuz. Hirugarren kapituluan jasotzaile-pertsonaien hizketak zuzen zuzenean cassettean entzungo balira bezala entzuten dira.

Hirugarren partearen lehen kapituluan jasotzailearen denbora eta historiaren denbora batu egiten dira bigarren partearen eta lehenaren hirugarren kapituluetan bezala eta nobelaren anekdota nagusia kontatzen da, desbelatu egiten da misterioa. Hirugarren parte hau da motzena.

Nobelaren kontatzeko manera moderno eta klasikoak nahasten dira beraz, aberasgarri gertatzen delarik, baina ez da pobreago kontatzen den mamia, anekdota originala da oso eta humanitatearen alde krudel unibertsal hori agertzen digu errealismo handiz. Hain zuzen hori da liburuaren lorpen handi bat, sortu nahi duen errealismoa lortzen duela eta zeharo “sinesten” dugula gertatzen edo kontatzen ari zaiguna, zinema onenean jazotzen den lez. Gizon-emakumeen krudeltasuna handia da izakeraz, umeak ere beran modura krudelak dira, munduko konstante bat da, nahiz eta pelikula ñoñoek kontrakoa azaldu nahi diguten errealitatea estaliz. Krudela besteak kritikatzen, bakoitzaren bizitza pribatuan sartzen, gauza txikienetan ere. Krudela konpetitzen, hiltzen, jolasten eta apustuak egiten ere, liburu honetan agertu bezala.

Guzti hori Anduren estilo zuzenaz emana are aberatsago gertatzen da gaurko euskal narratiba eta nobelagintzan ematen diren beste ejenplu erretorikoen aldean. J.A. Arrietaren nobelarekin batera onenetakoa dugu Anduren nobela hau azkeneko urte hauetakoen artean, eta esan dezagun bide batez krisirik ez bide dugula eta inoiz ez dela gaur bezainbeste literatur prosa argitaratu euskaraz. Baina berriro esan dezagun erretorikaz ikutuegi somatzen dugula, prosa ona egitea lexikorik aberatsena azaltzea soilik izango balitz bezala. Ez da hau Anduren kasua eta gogora ditzagun Pío Barojaren hitz hauek: “—¿Las leyó usted? —Comencé a leerlas, pero no seguí. —¿Y por qué? —Porque estaban escritas en estilo florido y pedantesco… Holgárame yo mucho… antojábaseme…, para mí, entonces, ésto era pestífero. Es la incomprensión que se tiene para todo lo que no es habitual”.

Hizkera zuzena, bizia, hala narratutakoan nola mintzatutakoan ere. Hizkera zeharo koherentea nobela desarroilatzen den medio ruralean; errealistago gertatzen bait da baserritar jendeak (edo mendi-jendeak) euskaraz hitzegitea ziutateko poliziak (esaterako) baino, jakina. Problema gutxiago hizkuntza aldetik. Arazo guzti honek eraman du Andu apika eta baita Bernardo Atxaga ere menditar mundura (ikus honen azkeneko ipuinak). Azken honen ipuin rural baten titulua parafraseatuz (eta halaber J. Manterolaren lan poetikoarena, nondik Atxagak hartu duen, ik. Euskalerria X. eta XI. tomoak): Post tenebras spero lucem. Bai, badirudi gure literatur prosa argia hasi dela berriro ikusten eta Lertxundiren kasuan, benetan eta garbi “zazpigarrenean, aidanez”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak