kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Birundak (ele laburrak) / Ander Iturriotz / Luis Haranburu, 1982

Iturriotzen “Birundak”: Fruitu exotiko eta gotiko bat Mikel A. / Argia, 1983-01-23

Gure liburudendetako apal eta mahainak prosaz josiak esnatu dira urteberriarekin. Joria izan bait da 1982. urtea narratiba aldetik; edo hala eskeini nahi izan digute gure editore kupidagabeek. Liburu azaletan, “marketing”a dela eta, zertxobait saiatu dira. Bereziki batek deitu zigun guri adiera bertan agertzen zen marrazki edo collagearengatik: Birundak (ele laburrak). Egilea: Ander Iturriotz. Editorea. Haranburu Editor, S.A. Gurekin eraman genuen etxera.

Azala irristakorra

Liburu bati ematen zaion izenburua garrantzitsua izaten da. Horregatik jo genuen bai Azkue eta bai Arestigana. Lehenak hau esan zigun: “Manatu zuen populuak egin zezan zazpi egunez hiri hartako murru guzien birunda. (Larreguy)”. Bigarrenak guztiz argitu zigun: “Bira handia”. Iturriotzen lehen liburu honen izenburu osoa hau da: Guztia bailitzan zazpi gauen birunda. (Eta ez norbaitek Eginetik sinestarazi nahi izan zigun bezala: “Durundiak”).

Susa literatur aldizkariaren 4. zenbakian argitaratua zeukan A. Iturriotzek ipui bat: “Hilobi Ipotxak” izenekoa; horrek eta beste hamaikak-11 osatzen dute liburua. Iturriotzek idaztankera oso berezia darabil. Alde batetik, hitzak berreskuratu ditu. Bere hiztegi propioa sortu du, gaurregungo narratiban arruntak bilakatu diren hitzak baztertuz. Konzesiorik (ia konzesiorik) gabeko estiloan, lehen ipuinetik azkenerarte, mundu barroko bat eraiki du egileak. Gramatika egitura landuak eta hitzen bidez sortutako imajina zail bezain ederrak eskeintzen dira zenbait pasartetan. Honek zenbaiti liburua esku artetik irristaraziko dio. Zeren liburu hau poesia bailitz irakur daiteke. Poesia landu bat… Bainan, ele laburrak dira, ipuin liburu bat da.

Mamia exotikoa eta berria

Ele labur hauen mamiari begiratuz, eta orokorki, giro exotikoa atzematen da. Kutsu arkaikoa ere badarie eleei. Eta agian honetan egiten dute bat, arkaikotasunean, estiloak eta gaiak. Eta denborarekin hasiz gero, jarrai dezagun. Ipui edo ele labur hauek biltzeko erabil daiteken parametroa denbora bait da. Zenbait ipui mitikoak dira, mito bat kontatzen da horietan (“Itzazpikoneko azken neskutsa”, “Hilobi Ipotxak” eta “Tigresa maitale”). Denbora eza, edo hobe, edozein denboratan gerta daitezkeen ipuiak ere badira, ipui obsesiboak; hauetan protagonista guztiz harrapatzen duten gertaerak deskribatzen dira, kontatzen zaizkigu (“Amonaren orratz eztenak”, “Zaldi amorratuaren gisara”, “1933ko bikorren gudua” eta “Haragiz tenta lezantzat”). Lehenean kokatzen diren bi ipui (“Amenophi ginzeph” eta “Peilenen oinetako berrien eskertzaz”). Geroan kokatzen den beste bat, futurista eta komiki-desastre kutsua hartzen dioguna (“Desplazerrik eman gogo bazuen”). Gaur egungo gai bizi bat ikuitzen duen beste bat ere agertzen da, eta hau orainean kokatuko genuke; honetan Iturriotzen estilo hertsi eta zailak pistoia arrauntagotzen du (“Gutunak”). Eta amaitzeko ipui erromantiko bat, “Ehunate”, erromantikotasunaren giro ilunarekin eta sinboloz betea.

A. Iturriotzen ipui gehienetan sexoa ageri da, bainan egileak ez du abisatzen, hau da, sexoa arruntki agertzen da, kuttunki landua bainan inongo traumarik gabe. Hala behar duelako.

Hezurraren zaporea

Eta hezurrarekin bueltaka hasi baino lehen, behar ez lituzkeen akats eta erru gehiegirekin eskeini digula Haranburu editoreak liburu hau, aurkibiderik ere ez dakarkigu.

Non kokatu liburua? Egilea ausarki dakusgu letren eremu latzean barrena zaldi amorratu gisara. Ohitura eza ote liburu hau zail egiten duena? Ala ezjakintasuna? A. Iturriotz saiatu da bere mundua eskeintzen eta horretarako aukera bat egin du hizkera aldetik. Liburua zailagotzen duen aukera, bainan, beste guztjak bezala, liburu hau ere geroak epaituko du eta ziuraski salbatuko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak