kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Alizia eta biok / J. Iñaki Lasa / Ustela, 1982

Alizia eta biok Xabier Etxaniz / Argia, 1982-12-19

Euskal idazle gazte gehienek argitaratzen duten lehen liburua poesi liburua izan ohi da; horietako bat daukagu “Alizia eta biok” hau, J. Iñaki Lasak egina.

Liburuan bi zati guztiz ezberdinak ikusten dira hasiera batetik; Iganaldia bata eta Alizia eta biok bestea. Estruktura aldetik ere, banaketa hau ematen da, lehen zatia —31. orrialderaino— dena loturik bait dago, eta bigarrenean ordea, poesi labur eta luzeak ageri direlako. Azter ditzagun beraz, bi zati hauek banan banan.

Iganaldia

Poesi kontakizun honetan eboluzio bat ematen da, hasierako egoera, sentimendu eta paisai deskribapenetatik heriotzara, urkamendira pasatzen gara; sentimendu ezkor batetara, “Bihar ez da inor geldiduko” esatera; pertsonaiaren, idazlearen harrotasuna adieraziz, borroka luzearen ondorengo irabazle sentimendua, nagusitasuna, “Iritsiko da eme eguna” esatera bortxatzen duena, alegia.

Kontakizunean zehar aipatzekoa litzateke errepikapena, konstante batzu agertzen direla denbora guztian, (uhinak, hondartza, ilunabarra, zoragarri adjetiboa,…); gure barne muinetara ideia batuz, paisai batzu sartuz. Agian piska bat astuna bilakatzen da dena segidu, etengabe agertzean, baina errepikapenak berak ematen dio arintasuna ta astuntasun hori bat batera.

Nik hiru egoera nagusi ta garrantzitsu aurkitzen dizkiot lehen zati honi:

— eskribapen fisikoa.

— barneko egoera; kezka, zereginik eza, izatea.

— besteen etorkizun beltzaren aurrean egilearen harrotasuna.

Alizia eta biok

Bigarren zati honetan beste zatiketa bat ere, eta bi multzotan, ematen da. Bigarren zati honen hasieran heriotza daukagu gai nagusitzat.

“Erranen didazua?” azpian dago poema multzoan, heriotza da egilearen kezkarik nagusiena, larriena, handiena; heriotzaren hurbiltasuna, zain egotea. Horixe litzateke hasierako zortzi poema hauetan aurkitzen duguna batik bat.

“Ametsak direla? Fantasia dela?” izenburupean dauden beste poemak, falta diren guztiak, konstante batzurekin aurkitzen ditugu. Hots, erreferientzietan oinarriturik egindako poesiak direla; hor dauzkagu Aliziari buruzkoak (bere aitari, Alizia berari eta Lewis Carrolli egindakoak); kanpoko eta hemengo litaraturarekin zerikusirik daukaten poemak eta azkenik esaera ezagunetan —agian zentzu gabeetan— oinarritutakoak.

Esan dezakegu, eta hutsik egin gabe geure ustez, azken zati honetan egilearen barne egoeran igonaldi bat eman dela, ez da heriotza kutsu hura hain nabari eta beste aldetik jotzen omen du egileak. Maitasuna, Aliziarekiko harremanak, amets eta errealitatea, kritikak, ea.

Aipagarri iruditzen zaizkit kritikazko bi poemak, alde batetik Henry Georgeri eskainia eta beste aldetik Gandiagaren poesi batetan funtsaturik dagoena. Lehengoan Aliziaren aita —Henry George— eta Lewis Carrollen arteko haserreaz aritzen zaigu Iñaki; bigarrenean Gandiagarena alegia, euskal idazleen egoeraz, literaturaz, egiten digu kritika bizkaieraz. Euskara aldetik poema hau bizkaieraz dago, eta gero Lauaxetaren beste bat ere ageri da, dena den poema gehienek ez bada askok lapurterazko kutsua daukate.

Eta ia kritika, edo hobe esanda aipamen, hau bukatzeko: parentesiak nahi nituzke komentatu. Zortzi bat dira eta gehienetan idazlearen presentzia nabarmen egiteko daudela esango nuke; egilearen pentsamenduak, egoerak azaltzeko; une hartan bota nahi zuena plazaratzeko. Poesiarekin puskatzen dute, sarritan hizkuntza desberdinez eginak, ez hain poetikoa prosa baino.

Orokorki hartuta liburuan sentimendu gorabeherak ematen dira, baina J. Iñaki Lasak zioen bezala: “eguneroko bizitza horrelakoa da eta liburu hau esperimentu bat da”. Irakurtzea merezi duen esperimentu bat erantsiko nioke neuk.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak