kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Denboraren aroak / Jean Louis Davant / BAK, 1982

J.L. Davant: poeta integral bat Josu Landa / Argia, 1982-11-14

Berandu heldu zen Jean Louis Davant poesiaren eremura, baina —berantiarra izanik ere— ugari eman ditu bere fruituak dagoeneko. Duela pare bat urte “Makila gorria” izeneko liburuaz estrainatu zen, eta aurten beste bi eman ditu argitara: “Itsasoak iraultzan” deritzona “Maiatz” aldizkariaren bidez, eta orain komentatzen ari garen “Denboraren aroak” delakoa.

Oso zati berezituak dauzka liburu honek eta —egia esan— haien artean dexente desberdintasunak aurki daitezke lehenengo irakurketa batetan. Baina zati bakoitzaren berezgarriak onartuta ere, betiko Davant berarekin egin dugu topo oraingoan ere: Davant bibentzial eta sentikorrarekin. Zeren Davanten ezaugarririk nabarmenena nire ustez bere bertsoek bizitzarekin duten atxikimendua litzateke. Egia esan, hori esatea ezer gutxi esatea da bizitzari atxikitako poesi mota ugari dagoelako. Baina Jean Louisen bibentzialismo hori ez da prosaikoa, sentibera baizik, eta sentiberatasun horrek maila sinbolikoen arteko nahasketa sujerikorrak eta irakurlearengan unibertso poetiko berri bat sortarazten duten imajinak biziki ongi burutzen ditu. Orain arte esandakoa jeneralegia gerta daiteke, baina pasa gaitezen ondoren zatiz zati bakoitzaren ezaugarriak ikuskatuz.

Lehenengo zatiak honako izenburua darama: “Aroak hazten gaitu, otoitza zor diogu”. Eta berau da, nire ustez, liburuaren zatirik helduena lirikoki eta sinbolikoki. Liburuaren mamia zein den zehazteko poetaren beraren hitzetan esango dugu bizia gudua dela eta denbora, berriz, etsai. Elemendu berri bati ematen dio pisurik handiena beraz, denborari, eta hauxe izango da ardatz nagusia, honen inguruan egituratuko dira gainerako elemendu guztiak eta honi esker berenganatuko dute olerkiok espero gabeko zentzu bat.

Denboratasunarekin batera —edo paraleloki hobe esanda— beste bi elemendu nagusi sartzen dizkigu Davantek, naturaren kontenplazioa eta gizakiaren bihotza. Izadiko gauzek eta pertsonaren sentimenduek —erlijiozko elemendu batekin batera— osatzen dute Davanten mundu sinbolikoaren aberastasuna.

Aberastasun sinboliko horrek behera jotzen du bigarren zatian, eta lehen sensazioak sujeritu nahia zena testimonioa bihurtu zaigu orain. “Baina hor ari gara zinaurriak bezala” dio bigarren zatiaren izenburuak eta ongi aski adierazten digu Davant lirikoak Davant lekukoari uzten diola mikrofonoa. Eta gogor mintzo zaigu poeta langilea, poeta laboraria. Lekua ematen zaio lana egin beharrez inguru latz batetan murgildu denaren ahots kraskatuari. Eta punto, explikazioak oro soberan daude.

Hirugarren zatira heldu gara azkenik, eta “eternitate gosez ortzeen ihizlari” izenburuaren bitartez mozorroturik, sorlekuaren bideari lotzen zaio poeta: Zuberotarra, Euskalduna eta Abertzalea dugu Davant, eta koordenada horietaz harro abiatzen zaigu; harro, esperantzadun eta borrokalari. Arbasoen bidetik doa Jean Louis konbikzioei uko egin gabe eta bide horrek merezi duen hizkuntzarik ederrena lantzen saiatzen da. Emaitza lurrari dedikatutako kantu luzea da: bertatik aitama, aberria, maitea, zerua, lurra eta euskal arimaren ziztagarri guztiak aurretik doazkigu ileran.

Gure aburuz, Davanten poemagintzaren barnean emaitza handiena aportatu duena liburu honen hirugarrena da, eta ez ageri duen berritasunagatik bakarrik, baizik eta Davantek egoera konkretu baten aurrean poesi mota apropos bat moldatzeko azaldu duen ahalmenagatik ere. Poeta integrala delako. Errealitate bitxienen aurrean erantzun egoki eta baliagarririk emateko gai delako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak