kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lehortean / Gotzon Garate / Gero, 1980

Lehortearen oinazea Mikel Hernandez Abaitua / Argia, 1981-06-07

Norbaitek esaten zuen orain dela ez gehiegi “Oh Euzkadi!” batetan herri honetan behar zirenak ipuinak zirela, lehenengo pauso bezala, gure prosa eta gure irakurlegoa desarroilatzeko. Ezingo du kejatu zeren azken bolada honetan horrela gertatzen ari baita, ez kaso egin diotelako, ateratako liburuak idatziak baitzeuden iritzi hori atera zenerako, baizik eta asmo hori gogo eta buru askotan eman delako batera eta espontaneoki. Esana dago ia behin baino gehiagotan gure prosa (edo honen parte bat) azken boladan poetikoegia zela. Segur aski ez zen hainbeste, nere ustez Ustela Saila editorialeak utzi zuen inpresioa da hori esatera bultzatu zuen agentea. Nolanahi ere orain badugu uste hori hausteko materiala, urria bada ere, eta horrela Gotzon Garateren azken liburuan, “Lehortean”, ipuin poetiko bat aurkitzen dugu, bakarrik, gainerako guztiak anekdota eta abenturez beteta daude. Hau kontextu handiago baten barruan sortzen da —kasualitatez, agian— zeren gaur egun abentura eta pasadizuaren rebalorizazio baten aurrean aurkitzen baikara beste egunetako abanguardismo ikertzaile menturoso (eta abenturoso) baten kalterako.

Atari gisa, liburua irekitzen duen ipuinak markatzen digu hasieratik zer primatuko den hurrengo orrialdeetan zehar: bakardadea (ipuin batetan, linea batetan, bakarrik eta maiuskulaz agertzen zaigu), ezbeharra, jende penatua. Autoreak “Ipuina” deitutako lehenengo ipuinean gizon deskraziatu bat jarriko dizu (kontalaria) eta gero honek neska txiki bat aurkituko du (irakurlea?) zeinari, berak nigarregin eta hura negarrarazi ondoren, ipuinak kontatuko dizkion belaunetan mantentzen duela. Horrela xamurtasuna agertzen da ere, liburuan zehar aurkitzen dugun beste leit-motiv bat, baina ez dira halaz ere hogeitalau ipuinetan zehar aurkitzen diren gai bakarrak. Ez, ez da soilik iturri negartia agertzen, broma, misterioa, sadismoa (Saderen Justine liburuan agertzen den modura) aurkitu ditzakegu ere, baina dolorea, ezintasuna edo etsitasuna ateratzen dira nagusi.

Apaizaren diruarekin (hau ironia, liburuan agertzen den beste elemento bat) abortatzera doan neska hil egiten da, mundua hutsik ikusten duen olerkariak ez du literaturan ere ezer edo nahiko aurkitzen bizitzen jarraitzeko, heroea heroeago bihurtzen da hiltzean, majia arrazionalak akatzen du ere… bai bakardadeak bai deskraziak daramate heriotzera, bi bakardade ez badira juntatzen sobrebizitzeko.

Gai guztietan zehar Gotzon Garatek badaki suspensea edo kuriositatea sortzen eta gutxien espero duzuenean ematen dizu kolpea, sorpresa ere, halanola “Bidegurutzean” edo “Gizalegea”n. Badirudi topikoetan erortzen ari dela eta derrepente dena aldatzen da, horrela oso teknika klasikoak erabiltzen ditu, oso jakinak, baina oso efektiboak ere, irakurtzen jarraitzeko desioa mantentzen dizula inolako bilakuntza formalik edo esanahitsurik gabe.

Beste batzutan halaz ere bilakuntza hori egin nahi du, baina ez du ezer aurkitzen, ez du ezer lortzen nere ustez. Gauza modernoagoak egin nahi ditu, literatura “modernoa” azken finean bere zentzu berezian ulertuta, baina produkto errena ateratzen zaio, zeren literatura ez da puzzle bat, bai jeroglifiko bat nahi baduzu, baina zerbait berriago egiteko ez da nahiko piezak idaztea eta gero erdi-anarkikoki montatzea (baietz esango didate DÁDAkoek, literatura elemento ludiko bezala etc., baina ez nago ados, hori da autorearentzako literatura, ez besteentzako egindakoa eta oso ondo dago lehenengo aldiz egiten denean, baina denbora pasatu da harrezkero). Dirudienez autorea konturatzen da bere forma klasikoaz idaztean, eta horregatik atera nahi du hortik, baina ez du nere ustez bidea aurkitu. Azken finean literatura beti errealitatearen inbestigazio bat da, inkonszientearen errealitatea ala “errealitatearen” errealitatea, baina beti inguratzen edo zeharkatzen gaituen “horri” buruz eta hortarako —hor dago problema— forma egokia aurkitu behar da beti esanahiaren armonian. Badirudi Gotzon Garatek uste duela zerbait moderno egitea soilik formari dagokion arazoa dela, eta ez, esanahiaren forma egokiari zor zaio, forma eta esanahia, hain zuzen ere, bereizi ezinezkoak direlako ezindugu aukeratu gehiegi urruntzen den forma bat. Eta horrela gertatzen da ere formarik klasikoenean idazten duenean beste modu batetan eta horrenbeste ez bada ere. Forma klasikoan idazten duela esaten dugunean esan nahi da forma topiko batetan egiten duela, hau da, errealitatea azaltzeko klitxe esterotipatuak erabiltzen direla, askotasko desgastatuak dauden deskribapenaren teknika zaharrak, N. Sarrautek deitzen zituen teknika “formalistak” (L’ere du soupçon) formalistak baitira klitxe topikoetan egindako idazkerak eta ez komunzki ulertzen den bezala gaurko teknika edo modu berri batzuk. Gainera liburu hontan erablitzen den hizkuntza desegokia da. Liburu honen prosa “errealista” da, naturista, baina forma irrealista batez baliatzen da autorea. Hortaz okerra da adierazten den errealismoa lortzeko holako forma erabiltzea. Idazleak beti jartzen du, ahal izanezkero, euskal etimologiazko hitza, forma “jatorrena”, gehiegitan neologismo despreziatu (normalizatu ez dena), eta hori herri honen gaurko hizkeraren forma faltseatzea da. Hizkuntza literarioa ez da, ezta izan behar ere, kaleko hizkera baino “arruntagoa” edo kalekoa bezalakoa (mintzatua bezalakoa), baina harek honen oihartzuna izan behar du iturburu bizia baita, eta garai bakoitzeko hizkuntza literarioak bere momentuko egoera linguistikoaren lekuko izan behar du nahitanaiez zeren aldrebres izanezkero irakurlegoaren gaitzestea jasoko baitu. Askotan esana dago jadanik, baina alperrik dirudienez: euskara ez da euskara jatorra bakarrik, “euskara kutsatua” euskara da ere. Baina oraindik —gezurra dirudi— kaso batzuetan onartzen den euskara kutsatu bakarra latinak kutsatutakoa da. Euskal literaturaren kalterako (ez euskararen kalterako) Larramendiren arima, inkonszienteki bada ere, gure artean noiz arte?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak