kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Isiletik / Gabriel Korta / Ustela, 1980

G. Korta: korbatarik gabeko poema lepomotzak Josu Landa / Argia, 1981-01-25

Garai hauetan —krisisa omen dela eta— hainbat eta hainbat dei egiten zaizkigu, ahal dugun neurrian behintzat energia, dirua, janariak etabar aurrera ditzagun eta austeroak izan gaitezen. Isiletik poema bildumari buruzko erreseina batetan hasierako esaldi honek zer pintatzen duen ulertzeak askori beharbada duda ugari planteiatu zizkion, baina ez litzateke hainbeste harritu behar irakurlea, aipatzen ari garen liburu hau kaleratu zenean, eztabaidarik inportanteena —edo eritzirik pisudunena— ekonomia arlotik aztertzen zuena zen eta: austeritatea eta energiaren aurreratzea. Hasiera batetan lehen aldiz Isiletik esku artean hartzen zuenak esaten zuen lehenbiziko gauza poemen laburtasunari eta espazio zuriei zegokien. Zeren eta, nahiz eta publikapenak hogei eta hamar orrialde eskas izan, ez omen zituzten minimoki betetzen behe aldean ezarritako poematxoek. “Ustelaren liburu zuria” izena ere ipini zitzaion ipini. Ea errentabilitate kulturalaren aldetik honelakorik atera daitekeen ez da, egia esan, gu gehiegi kezkatzen gaituen detailea. Guri gehien axolik zaiguna oso bestelakoa da, austeritate poetikoa.

Tintak zenbateko espazioa betetzen duen zehaztea eta espazio zuri horiek alferrik gastatu beharrean beste zerbaitekin bete zitezkeela esatea ez bait dira inola ere erizpide bakarrak liburu baten errentabletasuna neurtzeko. Hemen —Txillida, Oteiza, edo antzekoen modura— hutsune bitalak edo desokupazio metafisikoak aipa genitzake, baina ez gara oraingo honetan horretara dedikatuko.

Asko sinplikatuz gero, askotan izan da eztabaida bizi bat kontrako bi jarreraren artean. Alde batetatik, gauza bat adierazteko ahalik eta forma preziosistenak eta kargatuenak erabiltzearen alde egon direnak; eta beste alde batetatik, ahalik eta gauza laburrenak eta kondentsatuenak aukeratu dituztenak, kontzeptoetara mugatzen direnak alegia. Garbi dago Gabriel Kortak bigarren bide hau hartu duela, eta beraz ez dago okupatzen duen espazioarengatik neurtzerik. Eritzirik zilegiena eta egokiena, hain zuzen, estilo horren barnean zer nolako bilakaera lortzen duen esatean datza.

Artikuloaren buru bezala ipinitako esaldiak baten bati aire mespretxagarri bat bururatu badio ere, ez dago horrelakorik, esaldi hori Kortak berak esaten bait du, 18. orrialdeko poeman, eta berriro ere esango dugu definizio gisako hori, berak adierazten bait du, gure ustez, poemon sena eta barpe izpiritua: korbatarik gabeko poema lepo motzak. Eta bistan da, gorbatarik jantzi gabe ere izan daiteke elegante. “Hitza elurturik” eskaintzen digu poetak. Bide honetatik baztertzen diren poemak ere badira, eta dudarik gabe liburuak berez duen jarraitasun horren erritmoa apurtzen dute nolabait. Denetara, liburuko 26 poematatik, hamalau gutxi gora behera geroago mugatu eta definituko dugun estilo horren barnean kokatzen dira, eta oso ongi borobildutakoak ditugu, osoki ez bete arren beraientzat orrialde oso bat merezi dutenak. Gainerantzeko poemak estilo horretatik kanpo ikusten ditugu, nahi izan arren borobiltzea lortu ez dutelako, edo eta abiapuntutik bertatik estilo horretatik baztertu direlako, liburuari estilo batasuna kenduz (agian poetak ez dio eman nahi izan ere, baina tira, bakoitzak berea). Zeintzuk diren hauek eta zeintzuk aurrekoak, ez da zaila gertatuko liburua irakurri ondoren eta irakurleak ondoren definituko dugun estilo horren berezitasunekin konforme baldin badago.

Ezin dugu esan Kortaren estiloa deskriptiboa denik, eta beraz, gonbarazioak eta epitetoak lekutik kanpo gelditzen dira. Ez dago akzidenterik, guztia esentziari dagokio. Nola lortzen du, orduan, estilo osatu eta “poetiko” bat borobiltzea? Pintzelada zehatz eta sinpleak emanaz. Azaletik elkarrekin loturarik ez duten detaileak, baina barnetik lotura estu bat dutenak. Horrek ematen dizkie bertsoei konnotazioak eta imajinak sortzeko kapazitatea. Baina hori bai, itxuraz eta gertutik begiratuta, sinpleak. Joan den mendeko inpresionistek erabiltzen zuten tankerara. Detaile aske batzuek inpresio orokor bat ematen gute. Hala ere, banatutako detaileez osatutako poema batzuek ez dute inpresio orokor hori sortarazten. eta motz gelditzen dira. Gehienek, ordea, ongi aski lortu dute borobiltze hori. Eta txalkoak.

Komentario gisako hau amaitzera goaz, eta sinplekerian erortzeko arriskua lerro bakoitzean buru gainean sentitu dugun arren, bi gauza egin nahi izan ditugu artikulo honetan: bata, inpresio batzuek desarroilatu ondoren kritika antzeko zerbait egiten saiatzea, eta bestea, Isiletik liburuak merezi ez zuen hutsune bat apurtzea. Gero gerokoak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak