kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Inguruaren arduraz / Jon Enbeita / Hordago, 1980

Inguruaren arduraz Josu Landa / Zeruko Argia, 1980-05-04

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren oihartzunak oraindik gure belarrietan doinu jotzen ari zaizkigun garaiean, txapelketa horretan bigarren gelditu zen Jon Enbeitaren lehen poema liburua atera da plazara. Nahiko gauza gomentagarri du liburu honek nere iritziz. Ikus ditzagun orain neri interesgarrienak iruditu zaizkidanak.

Era askotako eta garai askotako poemak ditugu liburuxka honetan. Gure euskal poemagintzan hain maiz nabaritzen den liburuaren batasun falta, honetan ere argi da. Beraz, ez dago poema guziak nolabait lotu eta erlazionatzen dituen hari bat. Eta honen ondorio garbia: osotasuna duen zerbait izan beharrean, poesia bilduma bat da. Hala ere, hau ez da bakarrik Enbeitaren liburuaren ezaugarria, horrela gertatu bait da orain arteko poema liburu gehienetan. Hau kontutan hartuz, baloraketa orokor bat ematea ezinezkoa dela esan beharra dago. 1968-77 arteko aldian idatzitako poemak aurki ditzakegu liburuan, poema bakoitzaren bukaeran zein urtetan idatzita den adierazten zaigularik. Eboluzio kronolojikoari eusten badiogu, nahiko garbi ikusten da eboluzio bat poetarengan, batez ere formari dagokionez, gai nahiko fijo eta errepetitiboak ematen direlarik. Lehen urteetako poemen artean —nahiz eta liburuan bukaeran ipinita egon—, nolabait gerra aurre eta osteko tradizioa jarraitzen dutenak dira nagusi. Hauetan erabiltzen den sinbologia, ingenuo eta teluriko samarra da, neurkera eta pundua aski akademikoak direla. Gaiak ere, sinbologiaren arauera aukeratuak ditugu. Horrela, aurkitzen ditugu “Itsas zabala” “zeru ispilu” “harkaitz lakarra” “loren mardulen argira” etabar. Bertso modura emandakoen ondoan bertso libreetan egindakoak badira ere, baina gaia eta sinbologia bera mantenduz. Haserako poema hauen ondoren egilearen eboluzio kronolojikoan, planteiamenduen aldaketa bat ikusten da, batez ere formaren aldetik. Gero eta gehiago, naturarekiko aipamen eta gonbaraketak urriagoak izango dira, pertsonaren kezka eta zalantza nagusiak —hau bait da gai nagusia— era krudelago baten bidez adieraziz. Sinbolojia eboluzionatu beharrean deuseztatu egin du egileak. Deuseztatze honek ekar zezakeen hutsunea betetzeko, planteiamendu espazialak bereganatzen ditu poetak; eta horrela aurki ditzakegu espazioaren ahalmenak betetzen saiatzen diren poemak zein imajinismo hutsean erortzen direnak ere. Hala ere gai nagusiek berdinak izanez jarraitzen dute: maitasuna, zuzentasuna, bakea, anaitasuna, Jainkoa, batasuna, eta orokorki, gizonaren inguruan ematen diren gogo arazo eta kezkak. Aipatutako planteiamendu espazialek irakurlea eta poemen arteko erlazioak sendotzea dutela helburu nagusitzat, argi da, lehen inpresioaren erlazioak batez ere. Eta Inguruaren arduraz liburuan nahiko ongi lortuta dagoen arren, honek arrisku haundi samar bat dakar. Dudarik gabe elemendu espazial ta imajinistek bere garrantzia ukan poetikotasunean, askotan poemaren umetasuna estali eta disimulatzeko besterik ez dira erabiltzen. Hau ez dagokie Enbeitaren poema guziei noski, baina badira poema batzu berez nahiko injenuo eta pobreak —nere ustez noski— baina lehen inpresio batetan salbatzen direnak inpresio espazialari esker. Hala ere, honek akats handia baldin badirudi ere, ez da horrelakorik, erabiltzen duen espazioaren tratamendua generalean aski egokia bait da. Planteramendu formalen aldetik horren eboluzio garbia gertatzen bada ere, hizkuntza poetikoaren aldetik ez dago hainbestekorik. Nahiz eta piska bat urriagotu, haserako sinbolojiak ez du eboluziorik sufritu; eboluzioa kualitate aldaketa bezala ulertzen badugu, eta ez kantitate aldaketa bezala, azkeneko hau gertatzen bait da aztergai dugun liburu honetan.

Egileak berak deklarazio batzuren bidez zioenez, bertsolaritza eta poemagintza nolabait lotu eta elkartu nahiean erabiltzen ditu Enbeitak bere indarrak. Honetan ekiteak nolako fruituak ematen dituen itxoiten geratzen gara. Hurren arte bada.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak