kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Caritate / Luis Haranburu Altuna / Luis Haranburu, 1979

“Caritate”: irudimena nagusi Karlos Santisteban / Zeruko Argia, 1980-01-20

Irakurri dudan azken liburua Luis Haranburu Altunaren “Caritate” izan da, eta ezin gera naiteke sorterazi didan mirespena nolabait adieraztera eman barik. Irudimenaren mundu malgua da hain zuzen eskaintzen zaiguna etenik gabe. Imaginazioaren ostatuan aritzen da jo eta ke hitzaren mailu trebe den Altuna. Esan beharreko oro soineko hegalariz hezurmamiturik aurkitzen dugu, eta ezin, alferrik, jaietako jantzirik bilatu, oro dagerkigu adierazpidearen estalki berritsu.

Egia esan, hemen agertzen den irudikortasun oparo, distiratsu, jenial hori, egilearen aurreko lanetan dasta daiteke ere, baina, ene irudiko, “Caritate” honek gailurra eman dio adierazmoldeen bikaintasunari.

“Caritate” irakurtzean, berehala, Txillardegiren “Haizeaz Bestaldetik”-ez oroitu nintzen: biotan hizkera zalu eta, guztiz, irudikor bat da nagusi; gaiaren gainetik dago.

Eta, pixkat irudimenari astinalditxo bat emateko edo, elkarrizketa bizitsu hori; pertsonai ezagun asko taigabe agertuz. Ba dirudi zenbaitetan egileak filosofatzen diharduela, “Caritate” ulertarazi nahi ligukeen bezala.

Eta “Caritate” denetatik da:

“ogia bezala eta zakurrak beroa bezala maitatua da Caritate. Ura eta erreketako goroldio gorria bezala desiratua.

“Caritate puta, ama. Caritate maitasun.

“Sasi eta sastraka artean dostatzen ari Caritate. Caritate neskatil. Triste dagoenean euria dagi. Xirimiri, lanbro dira haren tristurak. Basaliliak eta krabeliñak sortu omen ziren Abenduan, zilarrezko ahoan hortz urdina atera zitzaionean. Hortzak haren ahoan, hibaitik atera berri den ardiak dirudi.

“Caritate honuntzago zegoen”. (23)

Liburu guztiaren barna aurki genitzake irudikortasunez bete-beterik dauden zatiak, baina ikus ditzagun batzu:

“Eta bitartean Jaun Caritaten aurrera joateko gertutzen hasi zen, eta bere itxura dotoretzen hasia. Ehun astoek emandako esnetan bañatu zen, eta berriro ehun ahari ondo beteen odoletan berbañatu zen. Eztarria garbitu zuen eta bere larru erdi erdoitua marfil zahar eta ilunaren antzekoa gelditu zen.

“Bere haragiak beste doinu hilkorrago bat hartu zuen, labain gogor batekin bere hortzen leize zuloak garbitu zituen, bere buruko zorriak petrolioz garbitu zituenean ileak alde egiten zuten espantu handiekin, izter arteko kukusoek ez zuten iraun denbora asko helburu horrekin prestaturik zeduzkan oiloen pikukadei esker.

“Poliki-poliki bere larrua haur batena bezala jartzen hasi zen, hain xupagarri diren larru horien antzeko, bere bizarretan sorturikako itsasbelarrak intxaur gorietan moztu ziren, eta bere belarrietako ezkoarekin aste santuetako kirio handi bat egin zen, sorginek eta petrikiloek egun guztia pasatzen zuten gorpu hura pittin bat garbitzen eta xukintzen…”. (47-48)

“…haren oinak ukitzen zuten lurran loreak sortzen ziren eta harriak hauts bihurtzen berehala, Caritate maskara bat jantzirik eta aurrean eunukoak zeramazkiela eta halaber musikariak hibaiarantz abiatu zen. Urdinez zegoen jantzita eta urrun gorriaren aldamenean lehertzera balitzake bezala, Caritate urdina, eta haren buruan urrezko ontzi bat marinelek gidatua bailitz, hodei artean uhin zuri bat zen… ” (50-51)

“Goiz batez, izter arteko bizarra zuriantza hartzen hasia zela ikusi zuen. Haren bularrak borobildu eta legun egin ziren. Maxkorreko ezpainen kolorea ere argitu zen. Begietako kolorea zeruaren urdinaz jantzi zen. Lepoko azal leguna landare bihurtu zen. Hileroko odol jarioa borborka atera zen eta gortu. Odol hibai berria sentitu zuen korritzen bere zainetan. Bizi berri bat biztu zen Caritateren gorputzean, gorputzeko zimurrak desagin ziren. Ipurdi eroriak goratu ziren berriro eta harri borobilen gogortasuna hartu zuten.

“Iragan denbora itzultzen ikusi zuen bere gorputzera. Gau oro gazteago sentitzen zen, neskatilago.

“Mirakuluaren berria lurbira guztira zabaldu zen eta 3.457 dorreetako kanpaiak haren ohoretan dunbaka hasi”. (129-130)

Zertarako jarraitu zatitxoak transkribatzen, hoberena liburu osoa irakurtzea da. Hain zuzen ere horretaraxe noa, liburua gomendatzera, ez inolako textu irazkinik egitera.

Azken aldiotan sortze lanek ahulduta bide daukate beren hobia, hemen txoriño abeslari-trebe dugu habiaren jabea.

“Caritate”-n irudimena nagusi.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak