kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gudari bat / Xabier Gereño / Kriselu, 1977

Paraliteratura poliziakoa Joseba Sarrionandia / Zeruko Argia, 1978-12-10

“—Eta hiltzaile bat horrela bakean irtetzen utzi behar al dugu? “—Bakean ez. Hor atean polizi bi daude haren zain”.

Xabier Gereñoren irudia militantismo kulturala bere erabateko dedikaziotzat asumitu duenarena da. Bere artikuluak, lehen aldiko antzerkiak, euskarazko metodoak, editore lana, eta, batez ere, nobelak obra arras ugari baten parteak dira. Zaila da Xabier Gereño (1924ean jaioa) bere bizitzean zehar orain den ezbezala imajinatzea. Xabier Gereño aipatzerakoan berahala heltzen zaigu gogora bilbotar idazle honen irudi mehea, betaurrekoak eta kirio langileak. Bere oinarrizko lanetako militantismoa, bere prestutasuna eta bere entrega apartak dira.

Paraliteratura poliziakoa didaktikoa

Xabier Gereño dateke euskal literaturaren historia urrian nobela gehien idatzi eta publikatu dituena.

Komeni da puntu honetan bere nobelagintzaren ezaugarririk funtsezkoenak zehaztea:

(1) Xabier Gereñoren obraren xedea euskara ikasteko texto linguistiko erraz eta irakurgarri batzu mamitzea da, hau da, hizkuntzaren pedagogiarako erabilgarria datekeen nobelagintza erraz, prosaiko eta entretenigarriak. Alde honetatik, Xabier Gereñoren nobelagintza paraliterarioa da, literaturatik baino hizkuntzaren irakaskuntzatik hurbilago baitaude bere motiboak.

(2) Azkenaldian nobela poliziakoak idazten ditu Xabier Gereñok. Izan ere texto horik narrazio koherente batetan gorpuzteko jenerorik egokiena da poliziakoa, oro egituralki lotzearena eta nolabaiteko suspentsearen abantailak baititu. Agatha Christie, Simeon eta Conan Doyle gustatzen omen zaizkio, nobela beltz amerikanoa baino areago, jeneroko joerei bagagozkio. Bestalde, euskal eskritoreen artean Xabier Gereño da nobela poliziakoa emaro kultibatzen duen bakarra, nobela poliziako banaka bat ere baden arren: Loidi (Amabost egun Urgainean) eta D. Peillen (Gauaz ibilitzen dena)… Nobela poliziakozko serialgintzaren munduan sortu delarik, ohi denez Gereñok ere bere pertsonaia sortu du: Jurgi kapitaina. Nobela poliziakoetako protagonistek beren Batzar Konstituientea egingo dutenean segur han izango dela Jurgi kapitaina ere, Sherlock Holmes, Hercules Poirot, Sam Spade (zergatik ez) eta enparauekin batera. Hala ere, ez dut uste konparagarriak direnik. Gereñoren nobelagintzaren xederak edo asmoak ez baitira literarioak didaktikoak baizik, eta literatura instrumento bat baita hain zuzen, eta orobat jenero poliziakoa.

(3) Xabier Gereñoren nobelotan igarri dugun beste ezaugarri bat zera da: hizkuntzarekiko ez ezik kontenidoekiko ere didaktikoa izan nahi duela. Halegia, argumento poliziakoaren kontextoa azaltzeko orduan Xabier Gereño kontenido ideologiko progresistak eta aktualak ematen ahalegintzen dela bide batez (irakur honetaz Gudari bat deritzen nobelatxoa edota konturatu Xantaia Kontesari deritzana 78ko sanferminetan suertatzen dela, esate baterako). Hala ere, agertzen diren arazook topikoak dira maiz, eta topiko hauetatik aparte kontenidoen ausentzia nabarmen bat igartzen da.

Xabier Gereñoren editoriala

Beste alde batetik, argitarazioa arazo garrantzitsu bat ohi da. Gereñoren aurreko azken nobelak (Gudari bat esate baterako) argitarazio deskalabratu baten biktimak izan ziren. Orain bere obra propioaren editorea bihurtu da eta “Pipa saila — nobela poliziakoak” deritzen liburu kolekzio bati eman dio hasiera. Hiru ale publikatu dira iadanik, bakoitzak 4.000 aleko tirada eginik, merkatuan 150 pezetatan saltzeko. Liburu egokiak dira beraz euskal lileraturaren desarroilorako baino areago euskal ikaslego sufritu maioritario eta eternalarentzat (euskal kulturako “klase” dominantea berau da izan ere). Ikaslego beti ikaslego honen mirabe den Xabier Gereñoren iniziatiba berri hau eta bere betidaniko entrega eta kemena seinalagarrrak dira.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak