kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Joan eta Ane zigarro bat erretzen / Ibon Sarasola / Ustela, 1977

Ibon Sarasola: Joan eta Ane zigarro bat erretzen Koro Nabarro / Zeruko Argia, 1978-02-05

Ezaguna da euskal literaturaren egoera larria; fikziozko lanen urritasuna eta kalitate eskaxa. Honen arrazoiak ere, gutxi gora behera, denok dakizkigu, ez naiz beraz hontaz mintzatuko.

Bestalde, askotan behintzat, badirudi euskaraz idatzia izatea nahiko dela edozein liburu argitaratua izateko. Honek, dudarik gabe, arrisku handi bat du: kalitate eza. Euskal idazleak, hortaz, beste edonork baino etikotasun handiagoa behar du bere lanak eskaintzean; batek zioen bezala, militante on izateak ez baitu, besterik gabe, idazle on izatea ekartzen…

Egoera larri hau, nobela eta ipuigintzan nabari da batipat. Gure beharrak eta kezkak handiak eta oso konkretuak direlarik, saiakera nahiko ugaria da. Lirikak bestalde, sentimendutan finkatzen denez gero —eta sendimenduak oso eragingarri dira—, badu jadanik tradizio bat euskal poemagintzan. Nobela eta antzekoak berriz hankamotz geratu zaizkigu.

Giro honetan, pozkarri da prosa liburu baten azaltzea. Oraingoa —“Joan eta Ane zigarro bat erretzen”— ez da berria. 1970.ean idatzia baita, nahiz eta orain arte ez argitaratua izan. Hala ere, ez du inolako modernotasunik galdu. Egilea, Ibon Sarasola, ez da marfilezko dorrean bizi den intelektuala, kulturgintzan diharduen langilea baizik, orain dela gutxi berak Zeruko Argian argi eta garbi esan duen bezala. Eta piskanaka bere lanaren fruituak azaltzen zaizkigu. Ez dira boom haundiak —“Euskal Literatuaren Historia” ez ezik eta hau arrazoi extraliterarioen medioz— “Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza”, “Poemagintza” liburuak; eta eten gabe han eta hemen agertzen diren artikulu eta kritika lagungarriak… Ez dira “definitiboak”, bai bainan beharrezkoak euskal literatur eta hizkuntzaz arduratzen garenontzat.

“Joan eta Ane zigarro bat erretzen” nobela motz bat da, 38 orri besterik ez duen kontakizuna. Sailkapenak beti kritikagarri direla badakigu; bainan aitortu beharra da sarritan oso baliagarri direla. Eta lan hau sailen batetan sartzekotan, “objetibismo” izena ezarri genezaioke. Objetibista diren nobelen helburua zera da: eguneroko errealitatea ahalik eta zehazkien aurkeztea, inolako bitartekorik gabe. Egileak ez du arazoak, gauzak, erakutsi besterik egiten.

Erabateko objetibismoa ezinezkoa da, noski: idazleak material konkretu batzuk aukeratzen ditu, eta material hau konszienteki nola edo hala antolatzen du: hau jadanik jarrera bat hartzea da, besteak baztertzen dituelarik. Hala eta guztiz, objetibistak kondatzaile orojakile eta moralisten deuseztatzea lortu dute. Eta hau, zalantzarik gabe, aurrerapen handia da, irakurlearen askatasunari dagokionez batez ere.

“Joan eta Ane…” objetibismoaren eredu bat dugu. Nik titulu hau piska bat luzatuko nuke: “ohean” hitza erantsi eta nobelaren gaia tituluan izango genuke; hau besterik ez baita ixtoria. Zigarro baten eskatzeaz hasten da eta beronen itzaltzeaz bukatu. Bienbitartean, ohean etzanik dagoen bikote baten ohizko egintza eta esanak. Ez gehiago, ez eta gutxiago ere. Bainan azalezko sinpletasun honek, bai forma eta egiturari dagokionez, bai eta gertaerena ere, arazo bihurri eta sakonak isladatzen ditu: harreman sesualen zailtasuna, bakartatea, beldurra, erlijios eskrupuluak… Guztiak honetarako, gehiegi badirudi ere, ez du egileak inolako esplikazio “lagungarri”rik ematen, ez eta ezer proposatzen ere: bi pertsonaia aurrean jarri dizkigu, eta hauei mugitzen eta hitzegiten utzi die… eta kito. Sinpletasuna da hemen nagusi. Ez sinplekeria. Hitz bakoitza, mugimendurik txikiena azaltzen da. Guztia ongi neurtua eta landua dago. Honela, kaliteta maila bat lortu du Sarasolak.

Badoa piskanaka gure literatura aurreruntz. Abiatzen ari dela dirudi, honelako liburuak ikustean behintzat. Ea bide honetatik jarraitzen dugun.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak