kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

100 metro / Ramon Saizarbitoria / Kriselu, 1976

Gizartearen kronikaz eta euskal nobelagintzaz Joseba Sarrionandia / Zeruko Argia, 1977-06-26

“baina oraindik egonen dira nobela hau

gustora irakurriko dutenak, eta bi aldiz segidan

irakurriko duten ni bezalako idiotak”.

(K. Izagirre, 100 metro).

Nobelaren historia kapitalismoaren historiak markatzen du. Hemeretzigarren mendean zehar, bugesia aszendenteak bere ideología berria finkatzeko eta zabaltzeko asmatzen eta erabiltzen duen literatur-era da elaberria. Nobela dezimononiko burgesa gizarte kapitalista berriaren erreflejo zein eragile da. Gero, produkzio modu kapitalistaren krisiak eragiten du nobelaren krisia, balore krisi orokor gainegitural-ideologiko guztiarekin batera. Honela nobelan, hogeigarren mendean gertatzen diren aldaketa guztiek, Proust, Joyce edo Kafka ondoren, eta antinobelaz, epe zeharo desberdin bat irekitzen dute. Orain kapitalismo aurreratuaren garai konsumista honetan, nobelaren krisi sakon honen barnean, nobela produkzio mailan bloke bi daudela esan dezakegu: nobela burgesa egiteari darraiotenak, batetik, eta nobela iraultzaile egin nahi dutenak besterik. Eta ez da planteamendu manikeo bat. Mezu nobelistikoaren adierazi; nahiz adierazle, nahiz nobelagintzaren metodoa estuki loturik agertzen dira, eta kontraesan anitzen artean, ibiltzen ari dira berriztatzearen urratsak. Baina azken batean zalantzan dagoena nobelak literatur genero bezala dituen baseak eta funtzioak eta bere esistentzia bera dira.

Gizarte kapitalista modernoan intelektualgoa beste gizarte iraganetan baino hedatuagoa da eta honen sektore asko iraultza sozialaren aldekoak dira. Eta nobela forma literariotzat, iraultza harmatzat, erabili ohi dute. Intelektual iraultzailearen helburua masak errealitateaz eta askabide iraultzaileaz ohartaraztea da, gizartearen kritikaren bidez. Nobelagile batzuk, ostera, aurkibide pertsonaltzat hartzen dute nobela, sozial eginbideetatik at, gizartearen kritika, gizarte berri baten proiektoan ezik, automarginazioan eta irrazionaltasunaren apologian materializaten delarik. Baina errealismoa bide bat da espresio literarioan, ez da beharrezkoa mezu bat adierazteko. Halan, errealista ez den obra askok, oso errealista den anitz baino mezu ulerterrezago eta sakonagoa du. Arruntki, txiste bat panfleto bat baino atseginagoa da, arrazionaltasuna baldintza esijible bat datekelarik. Edozelan ere, nobelagintza iraultzailearen kontraesanik garrantzitsuena zera da: klase dominantearen intelektual organikoen aldean, mezu literario iraultzaileek hedadura eskasa dutela eta elite batzuren eskuetan ezik ez direla zabaltzen.

Hau, euskal nobelagintzan oso nabarmena da, Idazlearen irakurlegoaregandikako aldea handia da eta irakurlegoa gutxiengo bat da, arrazoi sozial normalei arrazoi soziolinguistikoak batzen zaizkiela.

Bestalde, euskaraz ere, nobelagintzaren krisiak esperimentalismoa sortu du. “Egunero hasten delako”, “Sekulorun Sekulotan”, “Zera…” edo “Ziutateaz” esate baterako, nobela esperimentalak dira. Idazleak ez du esperimentazioa helburutzat esperientzia etengabe aldakorra baita, aurkibidetzat baizik, eta aurkibide honetan kontenidoa eta forma deitzen direnak nahasiak agertzen dira idazlanean. Euskal nobelagintza berriaren bi ale aipatuko ditugu hemen: “100 metro”, R. Saizarbitoriarena, eta K. Izagirreren “Zergatik bai”. Definizio garai honetan, definitzekotan, nobela bi hauk gure gizartearen egoera konkreto batzuten kronika testimonial kritikoak direla definituko genituzke kontenido eta forma, orohar, loturik doazelako.

Nobela bi hauk gizarte errealitatetik, errealitate pertsonaletik oso hurbil daude. Honetan oinarritzen da beren arrakasta. Hurbil daude hizketan, hurbil dagoen problematikari dagokion hizketa erabiltzen bait dute. “100 metro”, “Neur ezazu ehun metroetatik azken ehun metroetatik bakoitza eta egin balantzea” (K.I.). Ehun metro hauk egunerokoak izan ditugu euskaldunok azken urte hauetan: kastigoz ehun bider “Los rojos separatistas fusilaron la imagen del Sagrado Corazón en la Capilla del Colegio” (93) idaztea, eta “Ayer, hacia las ocho de la mañana, cuando un coche patrulla de la policía realizaba su habitual servicio de vigilancia” (14), irakurtzea kotidianotasunaren parte izan ditugu. Nobela honetan, berezia eta orokorra, parziala eta osoa elkartu egiten dira, konkreto-astrato-konkreto prozesuaren bidez, astrazioaren ondoko idazlan modeloan orokortasuna konkretoan konfiguratzen delako. Eta modelo honek, hurbil dagoelarik, hurbileko gertaerari dagokion hizketaz, gure sentimentua hunkitzen du. Hizkuntza-bitasuna zeharo beharrezko da kontexto honetan errealitatea erreflejatzeko. Nobelal konfiguratzen duen konkrezioa inmediatoa egiten zaigu.

Eta balantzea arras positiboa da “Zergatik bai” nobelan ere irudimena konkretoa eta inmedioatoa egiten zaigu, eta irudimena denik ere ez dirudi batzutan. Koldo Izagirrek ia “100 metro”-ri egin zion hitzaurrean aipatu zuen gaia: “gerrako kontu inoiz aipatu gabeen jakinmina, gurasoen euskara bai aberatsa, kitarra jotzen ikasten eta munduko poemarik onenak izkribatzen hastea, geure lehen bilerak kristautasun berri eta guztiz iraultzaile baten bila, patilak eta bigoteak loratzen uztea, anaia zaharraren bibliotekan Garoa eta Pernando Amezketarra irakurtzen saiatzea, bai baino euskaldunak badira ligatzeko hobe, ez dira hain txatxuak”. Gaiak, banal kotidianoak, bereziak, baina orokortasuna dariotenak. Batera indibidual eta kolektiboak. Eta Saizarbitoriak dioenez, “Hizkuntza eta literaturaren arteko sintesia benetakoa”.

Bai neska (Interferentziak)-ko texto-zati hau adibidez: “Ze freskoa. Jo, ez nionan peti detailerik eskatu neska. Seguru. Ai neska, ez zekienat. Eske ez naun harritzen niun pelo. Zerarena ere eh, hain kagote izan dun eta. Ba beti Mentxurengatik halegia, eske ez zekinat zertan ari haizen pentsatzen, bueno bai, oso ondo zekinat. Ez, keba…” (25). Kontu zahar hoiek (Entzuteko) textoa magnegofonoz jasoa dirudi, hain bait da erreala, testimoniala. Zergatik bai (Hamalau traste) textoa ere, “fotografia zaharren horiska nostalgikoa”ren ondoan umearo baten kronika da, umearo burges baten testimonioa, haren karakter dekadentea salatuz. Testimonioa linguistikoa ere bada: “…puroak erretzen ditut eta uzten nau eta billar poxpoloak erosiko naiz eta joango naiz eta hartuko dut eta erreko dut toro sentadori denda guztia bideagatik datorrenean menuda hartuko duen sorpresa jo ze bakarrik esan dut jo eta hori ez da itsusia ni naiz gizon bat baina ez gezurra da ni ez naiz mariluren nobioa perikok esaten du bezala zergatikan marilu da tonta eta gainera…” (45). Kronika biografiko honek ere konfiguratzen duen abstratoaren konkretizazioa ederto logratua dago. Zeren liburu bi hauk (iritzirik gabe ere), gizartearen kritika baitira, Gizartearen kronika erreportaje kritikoa delako, guri dagokiguna delako eta errealki adierazia dagoelako. Esate baterako: “El prozimo viernes es primer viernes de mes. Habrá confesiones durante el recreo” (77) esaldia egoeraren konfigurazioan sartuz, gure gogoan erreferentzia da eta hurbiltarazi egiten gaitu egoera honen izakera zapaltzailera.

Beraz, Saizarbitoria eta Izagirreren nobelen meritoa (ez ostera lehenaren “Ene jesus” edo Atxagaren “Ziutateaz” nobelarena, esate baterako, hauk beste merito batzuk izango dituztelarik, noski) nobela kritikoak eta errazak egitea izan da. Nobelagintzaren krisia ez da horregatik soluzionatzen, sakonagoa baita, basekoa delako, baina urrats batzuk ematen dira narratiba herriarengana zabaltzeko,

“Ene jesus” “100 metro” baino hobea dateke, baina produktoak (literarioak ere) konsumitzeko badirateke, “100 metro” konsumigarriagoa dateke. Elite gutxi baina sobera dagoen Euskal Herri honetan, Sollers-ek esan omen zuena oroitu behar dugu: “literatura bat modernoa izateko, aukeratu dituen soluzioak garaiaren beharrei erantzun behar diete”. Soluzioa hemen, nobela tankera da, soluzioaren aukera, alegia. Ezin diezaiokegu esperimentalismoari biderik markatu baina ale oso positibotzat ditugu liburu biak. Batez ere gure garaiaren beharrei egoki erantzuteko: 1) Gizartearen kritika, 2) Euskara literarioa lantzea, 3) Balio estetikoak desarroilatzea, eta hiruron arteko oreka. Eta, batez ere, 4) irakurlegoa ugaltzea, anekdota bat ezik, irakurlegoa aurrekoen baldintza delako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak