kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Zergatik bai / Koldo Izagirre / Kriselu, 1976

Zergatik bai Iakue Abardoi / Zeruko Argia, 1977-06-05

Egungo Euskal Herrian, neu tartean naizela, batek baino gehiagok duten ausardia noraino iristen den jakitea ez da batere erraza. Zoritxarrez herri gutxi egonen da munduan gu baino ezjakinagoa denik, eta guk haina jakintsu bere artean duenik (ikus gure kultura ortodoxoko gizon gehienak). Euskaldunok jakintsu izatera, areago azaltzera esango nuke, jolasten dugula dirudi. Hainbeste jakintsuren artean ni ere azaldu naiz, eta neurea ematera natorkizue.

Ez nauzue literatur kritikoa, literaturzalea baizik. Eta zaletasuna kritikotasuna den neurrian, argitara berria dugun obra honetaz, atera ditudan konklusioak argitaratzera ausartu naiz, egiazko eta benetako kritikoen baimenik gabe. Barka.

Egia esan, Koldo Izagirre eta bere lan guztiak asko istimatzen ditut, eta kritika hau egitera ausartu banaiz, betiko kritika guztietatik aldegitearren izan da. Lan eztabaidagarria dela esanaz egiten diren reseñak sutan jartzen bainaute, eta lan honekin ere bera gertatzeko beldurra duen. Obra bat eztabaidagarria denean, reseña edo kritika egileak eztabaida horretan parte hartu behar du eta ondradu aitortu bere eritizia, ea zein aldetatik dagoen.

Horregatik nere lana ez da batere zientifikoa izango behar bada, baina bai ondradua eta ahalegin faltarik izango ez duena. Azken finean irakurle baten eritzia, eta eritzi denak bezala kontuan hartzekoa.

Liburu berri honen izenburua “Zergatik bai” da, eta Koldoren aurreko beste lanak bezala Kriseluk argitatua. Hitzaurrerik ez dakar baina hitzaurre gisa edo judizio gisa atzekaldeko azalean Ramon Saizarbitoriaren hitz bi ditu, hitz gutxi baina neurtuak, bi idazleak elkarri egindako hitzaurretan ohi duten bezala.

Liburua irakurri ondoren, irakurtzen zoazen eran jasotzen duzu ari osoa, lan osoa gorputz bat dela konturatzen zara, alde guztietatik ondo osatutako gorputz bat, neurrigabetasunik gabekoa, hankak, eskuak, burua eta abar batenak direla nabarmen dago. Inork inoiz gaia, hizkuntza eta lanaren estrukturazioa bat izatea lortu baldin badu, Koldok lortu du oraingo honetan. Hiru pundu hauek bat batean kontuan hartzen ez badira “Zergatik bai” konpreni ezinezko obra bat da.

Lan honek, ona den guztiak ohi duen bezala, izango ditu etsaiak eta ugari gainera. Betiko “iraultzaile puñeteroa” aterako zaigu hau ezer ez dela, ezer ez digula erakusten, eta beste ezer asko esanaz. Beste aldetik ez da faltako egunoroko “puristatecnicoeruditoa” (Saizarbitoriaren gramatikaria) hamar mila astakeria dituela eta ezer onik ez duela deklaratuaz. Esan eta deklara bezate nahi dutena, eta joan daitezela Atotxako dorrea, ordulari suizoak eta jelazko eskulturak egitera. Ni zergatik bai eta bere hizkuntza biziekin geratzen naiz eta zergatik bai, baizik eta “zergatik arrazoi asko”.

Gai aldetik nahiz eta ari argumental klaro bati ez jarrai, eta ez dauka gainera horrela zer izanik, oso interesgarria dugu lana. Lehen itxuraz behintzat, bertan relato libre eta inkoherente batzu azaltzen zaizkigu, gerora sumatzen duzu zertaz eta zertara doan idazlearen pentsakera eta zertaraino den koherentea inkoherentzi hori. Gaia hizkuntza bera da bere alderdi guztiekin, alderdi onak eta txarrak. Koldok bere ingurua, bere amorrazio guztien ingurua izan den, den eta izango den bezala azaltzen digu. Errealitate gordina, errealitate linguistikoa eta mentalitate errealitatea. Koldoren kritikotasuna mugarik gabea da, eta hau dela bide egunean hogei aldiz guttienez amorratzen da. Bere kritikak ez dio inori ere barkatzen ezta bere buruari ere. Horregatik liburu honen zenbait zati, zenbait euskara eta mentalitateri satira edo kritika bat bezala har dezakegu.

Beste aldetik gaiak nahiko gaurkotasun eta alderdi adierazgarri badu. Koldo eta bere inguruaren tartean dagoen erlazioen biografia bat da. Biografia hau azken urteotako zenbait gertakizunen, gertakizun pertsonalena batez ere, adierazgarri da. Bilakaera askoren esplikazio gerta daiteke.

“Zergatik bai”k, duen alderdirik ikusgarrienetakoa, ikusgarriena esanen nuke, hizkuntza da, lan barneko hizkuntza ahokaketa. Pertsonaia bakoitzak bere hizkuntza darabil, hizkuntza aproposa.

Idazlea ondo sartu da pertsonaia bakoitzaren sikologia bakoitzak behar duen hizkuntza erabiltzen bapo asmatu du. Leoi hezle baten gisa hizkuntza domadore azaldu zaigu.

Euskara mota gehienak erakusten dizkigu eta denak ondo menderatuta, harrokeria apur batez jantzirik (harrokeria apur bat ez duen idazleak jai du, (bai jauna) erronkara jotzen digu, eta zenbait kapitulu hizkuntza alarde bihurtzen ditu) eta alarde bihurtzen ditu, eta alarde onak benetan.

Lehen hiraldiek ezer esan gabe dena esaten duten hatxismo eta onomatopeya bat dira. Gezurretan titulatzen den kapitulua hizkuntza egituren, kapitulu batzuetan eta esatea, partizipiorik gabe egina. (Benetan, pozik harrapatuko nuke horrelako mozkorra). “Bai neska” deritzan kapituluan bota digu Koldok bere malaletxe guztia, umore onez baina malaletxea. Har beza beretzat neska eta mutil askok eta hiriburuetako zenbait progrek.

Beste alardea, hoberena ene iritziz, kontu zaharren kapitulua dugu. Gezurra dirudi kapitulu hau norbaiti zintaz grabatuta ez dagoenik. Zuzenenetako herri hizkuntza dugu kapitulu honetakoa eta Koldok berak igaro ez duen hizkuntza fasea. Beste kapituluetako hizkuntzak asimilatzea konpreni daiteke idazleak beregandik gertu bizi izan dituen neurrian, ez ordea hau, denok inbiriaz beterik ikusten dugun hizkuntza hau. Dirudienez Koldok badu doaia hizkuntza menderatzeko eta doaia bakarrik ez, lanerako gogoa ere bai, zeren eta zeharo landu gabe ez dago horrelako gauzarik egiterik.

Bukatzeko, idazlea bera gizon ttikia izanik, ttikiago azaltzen zaigu. Metro t’erdi neurtzen genuen garaian ikusi genuen eta tamaina horretakoak ikusten duten eran azaltzen digu mundua, bere trauma eta frustrazioz beterik. Ez da pozik bizitzen den haurtzaroa, bizitzako primadera gero bizitzekotan bizitako haurtzaroa baizik. Maisuak, Gurasoak, Alkortan belarriak, patatafria, aitona, zergatik jakin gabe egindako muantzak, eta beste hamaika umekeria mingarri.

Agian lan honekin Koldok euskal literatura estatiko bat ukatu nahi du, eta ongi deritzagu. Hain liburu ttikian euskarari hainbeste ate irekitzea benetan lan ona da. Nahiz eta euskara korrektoa eta gramatikoa alde batetara utzi, hizkuntzak bizitasunean ateratzen duen aldea handia da. Errealitate bat beste errealitate baten bidez esan behar da hemen gertatzen den bezala eta ez hizkuntza fosil, motel eta deskriptibo batetan gelditu.

Egun euskal idazle askoren preokupazioa literaturatik at dabilela ikusten dut. Apaiza izateak, Marx ezagutzeak edo gramatika apur bat jakiteak ez dio inolaz ere inori eskubiderik ematen liburu bat idazteko. Literatura eginaz ikasi behar dugu literatura egiten, eta literaturari zerbitzen, eta ez gu literaturaz zerbitzen, zeren eta zenbaiten bere burua plazarazteko gogoa neurririk gabea da, eta sasi literatura batez baliatzen da horretarako.

Liburu honen idazleak gauza onik ba du: zer egin nahi duen garbi dakiela da eta hori gutxik duten birtutea izan ohi da. Eta irakurle eta literaturzaleentzat euskal kulturarentzat bezala, eskergarria da honelako lana, ez harrokeriaz egindakoa, baizik hizkuntzak duen beharra ikusirik egina.

Zorionak Koldo eta zorionak euskal literaturari bere bideak garbiago ikusteko bide bat delako “Zergatik bai”. Ongi etorriak izan daitezela “Zergatik bai” eta gisa honetako lan guztiak.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak