kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Odolaren mintzoa / Fernando Aire "Xalbador" / Auspoa, 1976

Odolaren mintzoa Joxe Mari Aranalde / Zeruko Argia, 1976-12-19

Xalbador zenaren liburu berriak “Odolaren mintzoa” du izena, irakurle, lehendik dakizunez. Eta, noizpait!, ikus dezakezunez, izana ere horixe du.

Odolaren mintzoa du iturri. Zer bestek eman erazi zion bere hamaika urtetan harako urrats puskagarri nabarmen hura eskola utzi zuenean? Odolaren mintzoak noski. Zergatik ez zekiela, ere, senditzen zuen nunbait prantses-sasitan ito zitekeela bere baitako euukal-landare hura. Eta hori gerta ez zedin, baso arrotz hartatik ihes egin zuen, bere inguru guzia kontra zuela. Ze urraketa! Baina horrela bakarrik gorde ahal izan zuen kutsatu gabe euskal arrazak eman duen landare bikain hura.

Eta hor du bere sorburua gaur eskuetan har dezakezun liburu horrek. Hala salbatu ahal izan zen euskal-hazi hura euskaldun. Ze mintzoa odol harena!

Odolaren mintzoa du bere espresio ere liburu berri honek. Ez da urardotu den baten hitza. Ez da alde-aldeko eskolek ematen duten tresneriaz egindako artea. Ez da arrotz moldetan kolokan datorren euskal fruitu bat. Arraza bakoitzak bere duen mintzoa da. Kostako zaio abilenari ere beste herrietako eskola izeneko hoien lerroan sartzen gure urepeldarraren estiloa. Bere moldea bere herriarena duen gure Xalbadorrek, hitzak bere bihotzeko odoletan bustiak ditu. Hargatik hartzen dute haren ahoan halako gordintasuna edo goxotasuna, argitasuna edo iluntasuna, noiz nola, bere esan beharrak esatean. Ez al da horren lekuko harako “hotz-ikara ilun bat sartu duk etxean” hura, bere sortetxea ondorengorik gabe gelditzeko arriskua ikustean dion hura? Eta egoera horrek berak sortarazten dion beste bertso oso hura? Honela dio:

Entzutean etxeko agoni-ezkila, bihotzaren bakea non aurki? Non bila?
Ganbarak (koartoak) hutsak ata sukalde ixila,
biziaren arbola betikotzat hila,
hori ikusi gabe lurperat nadila!

Hor hitzak eta esaldiak zutik gelditzen diren hoietakoak dira, bihotzetik pasatzean hitzek eta esaldiak hartzen duten berritasunez eta betetasunez jantziak. Bai. Odolaren mintzoa du liburu horrek bere espresabiderik berezkoena eta nabarmenena.

Odolaren mintzoa du ere kantagai baxenapartarrak. Ez duzu liburuan zehar “alegiazko gai” askorik bilatuko. Eta alegiazkoren bat tartekatzen bada, ikusiko duzu laister egiten duela egiazko gure bertsolariak, harako “zer egingo zinukete, hogei eta lau ordu baizik etzaizuela bizitzeko gelditzen jakinik?” hura bezela? Ikusiko duzu nola biltzen duen bere ohizko sendimendu batzuetara. Beha lehen bertsoan:

Gazte maiteak, nik hasi lana zuen esku gelditzen da.

Bigarrenean aldiaz:

ditudan etsai guzien ganat inguratu nahi nuke,

ene barkamena eskaintzerat

eta heienaren eske.

Eta hirugarren bertsoan Euskal-herri maiteari hala esaten dio:

orai bertzerik ezin dut eta

eskaintzen dautzut bizia.

Ez al dira bertsolaritzaren segira, barkamena eta Herria haren bertsotako eta solasetako hiru etengabeko lelo? “Alegiazko gai” bat zen hura, baina laister ekarri zuen bere egiazko errotara.

Bai, egiazko gaiak dira liburu honenak, bihotzarenak, odolaren mintzoarenak. Zer dira besterik Ama, Aita, Etxea, Hogoi urtetan bezala, Jainkoa eta ni, Herria eta hizkuntza, Semeari, Nigarra begian, Bakea, O, Gipuzkoa maitea, Artzain besta… Ez du urrutira gai bila joan beharrik izan. Bizitzak eman dio gai kantatzeko. Bizitzari erantzun dio. Mundu hontako izateak Xalbadorren bihotz paregabeari jo erazi dion musika dira liburu hontako bertsoak. Hargatik hartzen dute halako sakontasuna eta bizitasuna.

Eta horren dudarik inork izan ez dezan, bere liburua eskaintzeko jartzen dituen bertsoak kopiatuz bukatzen dut. Ez da hotzean egindako eskaintza bat, ez da edozeini egindako eskaintza bat. Zuri, egina da, irakurle, herri-mina bihotzaren puntan daramakizun horri. Haren “odolaren mintzoa” entzuten badu gure herriak, gora Euzkadi! Bada eta izanen da betiren beteko.

Nik liburu xume hau idazterakoan, emazte eta haurrak zaituztet gogoan;
eskaintzen derautzuet maitasun osoan,
bainan bizi naizeno ta ni hil ondoan
hunen lekua bedi supazter xokoan.

Harmairu zokoetan ez gorde nehola, zikint beldurrez edo nik dakita nola;
etzaio zikinduko dakarren eskola,
kez beltzaturik ere ez izan axola,
sukaldeko solasen guardian dagola.

Seme edo alaba, jartzen zarenean neguko arratsetan suaren aldean,
zure haurra harturik belaunen gainean,
liburu hau bekizu beti hel menean,
zabalik ezartzeko haren aintzinean.

Haurra badagokio beha lorietan eta agertzen dena lerro horietan
ez baldin bada arrotz haren begietan,
enetzat dataikela, diot egietan,
saririk ederrena sari guzietan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak