kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Orhoituz / Jon Mirande / Kriselu, 1976

Jon Miranderen poemak Xabier Lete / Zeruko Argia, 1976-05-23

Kriselu-k Jon Miranderen poema guztiak argitaratu ditu. Argitalpen hori aspalditik zor zitzaion Miranderi; Gabriel Aresti saiatua zen duela zenbait urte poema hoien argitalpena prestatzen, baiña baldintza ukakor batzuk zirela bitarteko, etzuen bere asmoa burutzerik ahal izan. Oraingoan, Andolin Eguzkitza trebe eta saiatua izan da edizionea prestatu duena; horretarako, Mirandek Arestiri noizpait igorririko poema argitaratu gabekoetaz baliatu da, bai eta aldizkarietan argitaraturiko poemetaz ere (“Euzko-Gogoa”, “Igela”, “Gernika”, “Egan”); eta azkenik, oker ezbanago, Peillen-ek Eguzkitzari igorririko zenbait poemaz.

Argitalpen honek, euskal literaturaren —azken urteotako euskal literaturaren— iragan urbillari zor zaion arreta praktikan kunplitzez gaiñera, gure literaturak izan duen sortzaillerik bitxi, berezi eta hauskorrenaren poemak irakurtzeko aukera eskeiñi digu.

Jon Mirande Paris-en jaio zen, eta Paris-en hil (bere burua hil zuen, bere buruaz beste egin); bere gurasoak Xuberotarrak zituen, Parisera lan billa joanak. Beraz, Miranderen euskal erroak xuberotarrak izanik, eta bere harremanik sakonenak —fisiko eta izpiritualak— xuberoarekikoak izanik, euskal izatearen arloan xuberotar kontsidera genezake.

Bateon batek galda lezake horrek zor garrantzi duen. Nere iritziz badu, eta haundia. Xuberoa, funtsez, nahasirik doazen bizitzaren irri eta melankolia illun da. Xuberoa deserriratuen aberria da, Bordelera, Parisera, Tolosara lan billa alde egin behar izan duten hainbeste “exiliatu”-ren Itaca erdi-egiazko, erdi-mitikoa. Xuberoan denak bizitzari kantatzen dio, lurrak, margoek, usaiek, formek, baiña era berean Xuberoan azken urte luzetan zehar heriotza gero eta nagusitzenago joan da. Lan-gabeziak, belaunaldien desekilibrioak, ekonomiko bazterpenek, lurralde baketsu, eder eta poetiko bat hilobi biurtzeko zorian utzi dute.

Mirandegan beti dago Xuberoaganako lillura bat, baiña lillura hura etsipenaren itzal beltzak estaltzen du. Mirande, funtsean, deserriratu bat zen, eta Euskal Herriari begirada nostalgikoak botatzen bazizkion, esijentzia kritiko zorrotz bat ere jartzen zion. Mirande Parisen ardi beltza zen bezalaxe biur ziteken Euskal Herrian ardi beltz hemen luzaro bizitzerik izan balu. Paristar frantses burges-tttipi chauvinistentzat (chauvinista eta burges-ttipi iñun izatez gero Frantzian izan liteke) Mirande ez ziteken ardi beltz gorrotagarri bat baizik izan, ez baizituen istimatzen ez kidekatzen frantsestasunari doazkion “haunditasun”, “napoleontasun” eta gaiñuntzeko mito eta mitotxoak. Hortaz gauza asko daki Peillen-ek: Mirandek, euskaldun eta beste zenbait gauza izatearren (anti-konbenzional bat nolanai) lantegian eta izan ohi zituen burruken berri, alegia.

Baiña Mirande ez zon iñundik ere “euskaldun entregatu” hoietako bat, ez zen euskaldun txapelaunditasunaren eredu: ez zen abertzale bihotz-zabal, itsu-optimista, fededun txukun bat, gizon ilun, inkorformista, pekatari baizik. Harrigarriena zera da, euskal abertzale katoliko batzuekin zeiñen ongi konpontzen zen ikustea, nahiz ideiaz (tenperamentuz eta barne-estrukturaz ere?) hain desberdin izan. Hor, adibidez, Jon Etxaide-rekin bizitza osoan behar eta azkeneraiño izan zuen adiskidetasun sakon eta artesirik gabea.

Mirandegan haur ttiki bat zegoen, pagantasun ametsez beteriko haur ttiki zorionzale eta erotikoa; baiña, era berean, Nazismo ondorengo ankerkeria eta lohikeria guztiek zikindutako hogeigarren mendeko Mendebaltar ilun biurria ere bazegoen. Itxaropenik gabeko Herri ttiki baten seme ttiki bat, haunditasun ametsez beterik beti bizitu zena, ezintasunetik sortzen diren neurosisetan murgildua. Batetik buru-argi eta oharle zorrotz, bestetik erromantiko izpirituzale. Batetik bere Herriaren madarikatzaile, konformismo eta hestukerietaz iguindurik, bestetik Aberria aska zezaketen gudu-enda berri bateko zaldunak eraikizale eta kantatzaile.

Mirandek bere burua euskaldunduz gero, Parisen, Peillentarrekin batera, Andima Ibiñagabeitia irakasle eta adiskide zutelarik, euskeraz idazteari ekin zion. Oso prosista ona zen, estilista txit fin eta trebea, Gero argitaldariak laister argitaratuko dituen bere prosa lanetan ikusiko denez. Ipuin idazle bezela ez dut uste gaurko euskal literaturan hobeagarik badenik.

Eta horrekin batera poeta ere izan zen. Poesian, bere kezka eta kera nagusiak adierazi zituen. Bere antikonbenzialtasuna ere poemetan nabarmentzen da bortitzen, gehiegitxo behar bada, bai baitirudi zenbait aldiz zenbait gairi buruz bere egiazko joera eta kezken bidetik baiño bazterrak inarrosteko desiotik abiatzen dela. Nola nahi dela, ezin uka Miranderen poemak benetan bitxi eta bakanak direnik euskal poesigintzan.

Irudimen bero eta askedun gizona zen Mirande, horregatik egiten zuen ziur aski literatura. Horregatik asmatzen zituen magiadun mundu bitxi eta apartak, maitasun ohi-ezkoak, pagan-festa loriosoak, biraorik fiñ eta bortitzenak.

Bere poemetako tematika zabal eta aberatsa da. Behar bada poesia gutixko idatzi zuen; ederrago eta interesgarriago zitekeen guretzat bere obsesio eta bere gaiak gehiago landu izan balitu, bakoitzaren inguruan poema sorta bat osatuz. Ez dakigu horrela egin ote zuen ala ez, baiña, nola nahi dela, guganaiño poema hoietatik batzuk besterik ez dira heldu.

Baditu euskal pagan izpirituaz (Ortziren ttunttuna, Akelarre) egiñak; baditu abertzale kantak ere (Eresi, Jeiki jeiki); baditu pedofiliaz (Amsterdameko orhoitzapen bat, Larrazken gau batez); baditu Lesbos maitasunaz; baditu nekrofiliaz…

Anti-Kristau poema izugarri bortitz bat ere badu (Ohiko Jainkoari); badu euskaldun-fededun konformisten aurkako ikaragarri bat ere (Euskaldun zintzoen balada), nun esaten baituen beste gauza batzuren artean:

Leitzen dakite Misala (Leitzetik heiek bezala
Ortzi Jaunak zaint’nazala).

Etabar. Mirande beroaldietatik etsialdietara eroriz eta alderantziz igoz bizitu zen, Txomin Peillen-ek ongi esan duen bezala. Mirandek bazuen barruan eziñegon kezkagarri baten Deabru beltz bat, poeta hoberenek edukitzen duten hura, eta bere loreak benetan “fleurs du mal” izan zitezela nahi zuen, beren pozoin desiragarri lilluragarriaz mundua usantzeko. Mirande bekatuaren mezulari izan zen, bekatu eder eta deigarrienen mezulari: sexoa, pagantasuna, ohizko sinistapen eta moral-pauten transgresioa.

Miranderen bizitzan zegoen tensio harek, eta etsipenak ziur aski, bultzatuko zuen maiz

chaque jour, dans la fumée et dans l’alcool

bere deabru lazgarriak ito nahi izatera.

Eta horrela, urteen buruan eta Eguberri hotz batean azken pirueta eman zuen arte. Azkenaren azkena izan zen arte, kantikak dioen bezala…

un beau jour, dans la fumée et dans l’alcool on noie ses rêves… nour toujours.

Miranderen poemak hizkuntza aldetik ere interesgarri eta batzutan zail dira, Lizardik poetik hizkuntza egoki bat bezala, egoki eta berria, osatu baizuen Mirandek ere berea. Premien arabera, espresibitatea bilatuz eta bilatuz, azkenerarte.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak