kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hego haizearen konpasean / Mikel Arregi / Kriselu, 1975

Bi poeta gazte (I) (Mikel Arregi eta Koldo Izagirre) Xabier Lete / Zeruko Argia, 1976-04-04

Azken denbora hauetan, berriro ere, zenbait poesia agertzen ari da euskaraz Euskal Herrian. Argitaldari desberdiñek beren katalogoetan poetak eta poesia sartzen dituzte. Joera horrek zenbait jende ez du pozten. Zientziaren eta inbestigatze objetiboaren aroan gaudela diote, eta elukubrazio poetikoek ez omen dute gure problematikaren inguru-minguru intuibitibo, partikular eta sentimental bat baizik ukitzen, horrek ekar litzakeen desorden, nahasmendu eta duda-mudekin.

Bego. Inbestigatze eta azterketa objetiboak guztiz beharrezkotzat jotzen ditut. Egiaz mintzatuz, eta kartak mahai gaiñean ipiniz, nik gehienik naturalezaren mundua istimatzen dut, eta natura elementalari atxikiz egiten diren lanak: nekazaritza, hazkuntza, arrantza, etabar. Horren ondoren, zientzia mailako lanak ditut gogozkoenik, eta horien ampliazio bezala, teknika sortzaileari doazkionak, sendagiletza ere tartean sartuz. Gero… gainerako guztia, politika ezik. Politika, ene ustez, nahi ta nahiezko kalamidade bat da, alde batetik absolutokeria dogmatikoekin mugatzen duena, eta bestetik ustelkeria praktiko eta txantxulleo guztiekin; erdian, denetik dago: zuhurrak, eroak, zehatzak, lanbrotsuak, jakintsuak, astopitoak, objetiboak, utopistak, onraduak, ustelak, idealistak, arribistak, irabazleak, galtzailleak, etabar, etabar… Denetik, beraz, beste ekintza mota guztietan bezela, baiña berezitasun batekin: egia gizartetsu oinarrizkoan jabe izateko pretensioarekin, beste nehork, politikoek ezik, mundu hontan ez duena (zenbait filosofo hantuste eta beste erlisione mota guztietariko apez, sazerdote eta hierarka saldo bat ezik).

Poesiaz ari nintzen. Poesia, aipaturiko langintza eta ekintza mota guzti hoien erdian egon liteke, edo kanpo, gehienetan kanpo, bazterren batean. Poesia, eta anpliazioz literatura (batez ere minoritari literatura), erokeria edo neurosis mota bat besterik ez da, irudimenezko lanbroek sortzen duten eremu distorsionatu batetara errealitatea aldatu nahi izatea, antzaldatze hortan norberetasunaren laberinto bihurrian zehar ibiliz… Horrela izanik, nori ajola izango zaio ba poesia?

Objetibotasun beharrezkoaren mundu sub-objetibatu hontan bizi garenok, lehen topatzen dugun kodigoari helduz, hori bai, haundia baita fedea (des-kodifikazio guztiak laster bihurtzen dira kodigo, arau eta fede-estruktura berri), ezin dezakegu poesiaren eromenik konpreni.

Poesia itzaltzen denean itzaltzen da gaztetasuna, hortaz gero eta ziurrago nago. Gure bizitzari ametsaren, eromenaren, bitxikerien izpirik uzten ez diogunean… heroismo mota guztiak gure buruari ukatzen dizkiogunean (ohiz kanpoko neskarekin oheratzea besterik ez bada ere). Zuhurtzia eta “jakintza” nagusitzen direnean, seguro de vida-ren polizarekin eta eszeptizismo epel batekin batera, akabo poesia…

Hau guzti hau poesiaz hasi naizelako esaten dut. Azken denbora hauetan gutarteko gazte batzuek poesia liburu batzuk idatzi eta argitaratzera emateko ausartzia izan dutelako. Utz dezagun behingoz, mesedez eskatzen dizuet, gazte hauek zer diren eta zer ez diren, nola pentsatzen duten edo ez duten pentsatzen, zeri lerratzen zaizkion eta zeri ez…

Une honetan, bitartetxo bitxi eta arraro honetan, poesiaz ari gara, jardun gaitezen poesiaz… Gazte batzuek poesia eskaini digute. Eta poesia hori mirari bat da, azken fiñean. Unamunok esaten zuen jendaurrera agertzeko, eta norberaren ideia-sentimenduak idazlanez adierazteko, apaltasun haundi bat behar zela… urguiluak, sakoneko gure urguilu-erregeak proba minberakor eta arriskugarri hori baztertzea eskatzen baitigu. Izan ere, zertarako besteren juzgamendura arriskatu? Zertarako arriskatu besteek gure hitzño baldar hoietaz eduki lezaketen iritzi burlagarri eta zikoitzera? Zertarako gure izpiritua hutsa, eta irudimen suhartuaren loreak izotzari eskeini? Ez, ez du merezi.

Baiña poetak hori egiten dute, eta, ongi pentsatuz, hunkigarri da. Utz ditzagun bazter batera esibitze hortan, beste esibizio guztietan bezela (berdin gai nobleenei buruzkoetan) egon litezkeen banitate dosis eraginkorrak… Banitatearen ilusio eraginkorrik gabe, ez genuke ziur aski goizero aurpegirik garbitu eta bragetako kremallerarik itxi ere egingo kalera irten baiño lehen.

Poeta gazte batzuek beren lore pozoindunak eskeini dizkigute, poesia lore pozoindun denez gero. Azken bolara honetako poeten lanak orrialde hauetan ikertuak izan dira (Zulaika, Irigoien); horregatik, azken azkenekoei buruz zertxobait esan nahi nuke: Mikel Arregi eta Koldo Izagirre.

Mikel Arregi-ren poesia etsipen eta sentipen esistentzialistez bateriko poesia da. Arregiren poesian gure haurtzaro-adoleszentzi-gaztaroko etsipen, frustrazio, mamu… eta itxaropen etsiperatu guztiak daude. Arregiren poesiak, noizpait bera bezalatsu izan giñenok reibindikatu egiten gaitu. Hor gaude denok, gazteok, ez hain aspaldiko gazteok, bere hitz suhartu eta ironiko hoietan. Arregiren oihua ez da “pose” bat, egiazkoa da; izorratua, engainatua, frustratua, erdi-husta eta erdi-batea sentitzen den gaztearen oihua.

Eta norbaitek galdetuko du: hori ere poesia ahal da? Bai, jauna, hori poesia da! Poesiaren iturburu ber-bera; molde guzti-gehiago zehatz, neurtu eta egokiz emana, edo ez emana, hori besterik da, baiña poesia. Poesia, lehen, sentimendu baita, bestela ez dago poesiarik, eta geroxeago arrazoi, sujetoak mundu sujetagaitz guzti hori lotu, tajutu, izentatzeko erabakia hartzen duen une berean, baiña ez lehenago.

Gaur asko dago sentimendurik gabeko poesia egin uste duenik, edo-hori esaten duenik. Ez diezagutela farrerik eragin. Sentimendu eta sufrimendurik gabeko poesia, retorika hutsa da, berdin zait retorika soziala edo retorika formal-preziosista.

Arregi gure fantasma guztien beragertze eta berpizte bera da, eta alde batetik kunkituta eta bestetik harrituta utzi nau… Arregi, haurtzaro eta pubertaroko erlijio esperientzia zikiratzaileak da; Arregi, Juan Mari Lekuonak aintzin solasean dioen bezela, baserri esperientzia xumeen gordetzaile da: lore, usai, kolore; Arregi, gizon urbano jakin-gosetuaren eta jakintza hortaz etsituaren paradigma da; Arregi, gizatasun unibertsal justiziazale baten adierazle da; Arregi, neskaren sabelera suzko ezpata biguinez murgilduz azken salbabidea topatu nahi duen tipo sentimentala da; Arregi, kosmos itsu galduaren erdian izaki hauskor eta desanparatu sentitzen direnen mezulari da; Arregi, itsaso aldakorraren isilkako konfidente da.

Hainbeste gauza! Bai. Hainbeste gauza elemental, funtsezko. Hainbeste oihartzun, hainbeste ispillu…

Mikel Arregi-gan nabari da, gaiñera, lotura hoietatik libratzera eramango duen ironiaren pirueta. Zera esaten duenean bezela:

KIRIELEISON LUZEA KANTU LEHOR ZATARRA
EGUZKIA BADOA TA
EGIN BEZA LANGARRA

Baina lehentxeago esana du:

zimenturik ez dut eta tellak jartzen hasi
ustez altxatako etxea
lurrera zait jautsi.

Zer nolako egia, Mikel Arregi! Hire liburuan hainbeste bezala; pertsonalak, hori bai, guztiz pertsonalak, traszendentziatik gero eta urrunagokoak, inmanentziari atxikiak, salbabide bakarra liteken inmanentzia minberakor horri itsatsiak.

Eta horrela, Koldo Izagirre-ren liburuaren aipamena datorren asterako utzi nahi nuke, asti eta toki gehiagorekin aipatu ahal izateko.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak