kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ipui antzeko / Mikel Zarate / Gero, 1975

Ipuin antzeko alegiak (II) J.A. Muxika / Zeruko Argia, 1975-09-07

Zarateren “Ipui antzeko” alegi liburua hartu genuen aurreko lan batean aztergai. Orduan mamiari begiratzen genion batipat, mamiari eta liburu osoaren itxurari. Gaur, berriz, jantziari begiratuko diogu gehien bat. Haren aberastasun formalei, alegia.

Literatur jantziari begiratzen diogula eta, gerta daiteke baten bat harrituta gelditzea ere. Jantziak, izan ere, gutxitan adierazten du gauzen balioa. Engainatu igual, baina adierazi gutxitan.

Literaturan, ordea, ez da horrela gertatzen. Inon badu, hortxe du jantziak aparteko garrantzia. Gauzak nola esan, ipuinak nola konda, alegiak nola jantzi, alde haundia dago. Eta Zarate, horretaz ondo oharturik, saiatu da bereak ongi jazten.

Pertsonaien izendatze bitxia

Izenak izanaren konpainian ibili behar duela egia baldin bada, ondo pentsatu beharra dago alegietan zer izen dagokion ondoen pertsonaia bakoitzari. Hara gure liburuan azaltzen diren batzuk:

—Erranbide da Mintz eta Idatz bizki zoinkideen aita.

—Eskuikale, Erdikale eta Ezkerkale ditugu Kaleirian bizi diren pertsonaiak.

—Menditzar eta Mendi dira haundikeriari far egiten dioten alegiaren pertsonaiak.

—Zaldibiren alegian honako izen hauek irakurtzen ditugu: Nahastesa, Kaskola, Urpingi, E.R.R.E.B.E.S.A., Itzontzio, Gozotoki, Arnotxoko, Drogakabi, Loretegi, Euskerazitzegitenda. Eta pertsonaietan, berriz, Tanke eta Kainoi lagunak, Seat Txikiaren ondoan.

—Beste batean Abereil enpresa agertzen da eta honen buru Sai jauna, Bikain jantokian.

Leku izenetan hor daude Ekidazu, Abereta, Piztiaga… Bi futbol ekipo ere badira, Artzeta eta Zezentza. Espiker bat, Papagai izenekoa. Eta hortik aurrera, jakina, alegietan ohizkoak izaten diren pertsonaiak.

Hitz jokoak

Baina hau dena hutsa litzateke, alferrikakoa, textu osoa halako grazia bereziaren jabe ez balitz; jeometria artifiziala emango luke, izen bitxi horien ondoan ongi landuriko testoa ez balitz. Nolanahi esan ez dabil egilea. Eten batean ari da textuari aparteko indarra eman nahiaz. Hizkuntzarekin jokatu egiten du. Hona hemen hitz joko batzuk, esandakoaren lekuko:

—Eskerrik asko, mila esker, esker mila. Eskerrik asko, mila esker, esker mila.

—Alferkeriaren alferkeriak sortutako ez!negonaren ezinegona.

—Biderdian gelditzea ala erdibidetik eltzea, zein ote da obe?

—Leihorik ate eta aterik leiho.

—Begi biak edo bi begiak bizturik, badoa Zaldibi edo Bizaldi.

—Maitaleak maitatua maitekiro maitatuz, usoak maiteminduen zeruko ateetan daude.

—Betiko leloa! Betiko kontuzko kontua!

—Astakeriarik egin gabe zaindu behar dugu gure astotasuna.

—“Erpatitz” deitzen die piztien arteko “eskutitzari” eta “ankatitz” Abereen artekoari. Eta “ankabide” hauen “eskubideei”.

—Goraka goratuz.

—Kanta kantari kantore, aurrera zihoan.

—Arrano jauna, jaunen jauna.

—Sumindurik eta samindurik gaude, atsekabearen atsekabez.

—Kirten kaiku tenteltzar bat da, eta kirtendu, kaikutu ta tenteldu egiten da edozer gauzagaitik.

Eta dozenaka horrelako.

Adibide hauek denak horrela, zaparradan eta textu ingurutik landa, jasotzeak gehiegizko ere badela pentsatzera eraman gaitzake. Baina bakoitza bere lekuan irakurri behar da. Orduan du grazia. Halare, hizkuntza gehiegi astindu ez ote duen iruditzen zait niri ere. Pisu egiteraino, alegia.

Esaera zaharren estiloa

Esaera zaharrak edoeta idazleak estilo hortara asmaturiko esaldiak ere badira alegien prosa berezi honetan, han eta hemen tartekuturik:

—Aserre edo adiskide, soinkideak soinkide.

—Azak berea du kirtena, kaleak ez du izan behar irtena.

—Indarkeriaren indarra, indar gabekoen indarra.

—Kitu ta bitu, asto bat il ta beste bat piztu.

—Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola.

—Ito eta kito.

Esaera zaharren egituretan hedatuena bi zati dituena da: bi zati horiek bata bestearen ondoan jarri ohi dira, bata besteari alderatuz. Eta askotan bien arteko lotura ez da ez aditzik, ez “eta” edo horrelako hitzik jartzen: zenbat buru, hainbat aburu; gaueko lanak, eguneko lotsak; zer ikusi, dura ikasi… eta horrela dozenaka.

Estilo hortaz ere baliatu da, beraz, gure egilea.

Hots jokoak

Badirudi, beste aldetik, egileak idatzi bakarrik ez, bere lanak “entzun” ere egiten dituela. Hitz eta esaldien hotsaren bidez irakurleengan atsegina, harridura eta gustua sortu nahi duela, irakurleen atenzioa esnatu eta harrapatu.

Hots joko era asko dago. Egileak aliterazioa du maiteena. Hots berdina esaldi batean behin eta berriro erabiltzea du atsegin; eta, batez ere, hots hori hitzen hasieran, lehen hizkian, jarriaz. Hona, adibidez:

—Ez du Gelditzeko astiRik, lasai eGoteko GoGoRik, ezeR GoGoRatzeko GiRoRik.

—Maitaleak Maitatua Maitekiro Maitatuz, usoak Maiteminduen zeruko ateetan daude.

—oRRoearen oRRoe laRRia eta dena oRRoe (Itun Zaharreko “vanitas vanitatis…” famatuaren oihartzun garbia. Esan dezadan, bidenabar, egileak maite dituen “Jaunen jauna”, “serbitzarien serbitzari” eta horrelakoak hebreotik elizgizonen hizkuntzara igaro diren esanmoldeak direla, hizkuntza eklesiastiko baten oihartzun).

—IhaRdetsi zion aRRopuztURik iRRipaRRe maltzuRRez lehoikume bigoteRRe batez.

—Erantzun zion Astakume Azkar Ausarti batek.

—Gu Geu Gara ta Geure Geuretasuna Geuregan zaindu behar duGu.

—Goraka Goratuz.

—Begi Biak edo Bi Begiak Bizturik, Badoa zaldiBi edo Bizaldi (besteetan “biztu” ordez “piztu” idazten du egileak; hortxe dago aliterazioa espresuki bilatu duenaren froga).

—Apartu BIZKOR BIZKAR ezurrak.

—Kanta Kantari Kantore.

—laRRan luR lakaRRa goRRi.

Bestelakoak

Orain arte aipatu dugun dena prosazko zatietaik hartua da batipat. Liburuak poesiaz idatziak dituen zatietan nabarmenagoak izango dira, noski, xehetasun hauek. Eta gisa da, poesiak izaten dituen berezitasunak bait dira hauek.

Hortik landa, ordea, baditu liburu honen prosak beste joko batzuk ere. Honako hau, adibidez: “Orain urte asko, batek badaki zenbat…”. Horrelakoetan, kondatzaile baten ahotik espero duguna, aintzinatasunaren lekuko, orteak konta ezinezko ideia da: “batek al daki zenbat” edo “batek ez daki zenbat”. Hortik sorpresa.

Imajina egokirik ere ez zaio falta han-hemenka. Hau, adibidez: “Eguzkia ere larritu egin zen bat-batean. Eta laino arteko bere jauregira sartu, ta trumoia jarri zuen atezain”.

Bukatzeko

Xehetasunez xehetasun ibili gara lan honetan Zarateren liburua aztertzen. Zer esan, beraz, jeneralean, liburuaren literatur jantziari dagokionez? Aberatsa dela, era askotakoa, landua. Prosa berezia du. Ez du, Lertxundi batek bezala, hitzen esanahia zabalduz jiro eta esanmolde berririk sortzen; ez ditu, harek bezala, prosaren rekursoak eta adierazpideak hedatuagotzen; ez du, ez, “atseginak edan”, “ugarte sentitu”, “hotsa itzali”, “gauzen egia edan” eta horrelakorik asmatzen, Anjelek bezala. Eta hor legoke batipat, ene ustez, gaurko gure prosak behar lukeen indar berria.

Zaratek egiten duena zera da, betiko prosa hartu eta jokatu, askotan artifizial bihurtzeraino. Berriz esango dut. Niretzat, liburu honek ez du prosa berriaren biderik markatzen, jiro eta espresioen esparrua aberastuz. Ez du hori ere bere zeregina. Alegiek eskatzen duten prosa berezia, erdi poesia erdi ipuintxo, darabilki egileak. Eta, esan bezala, batzuetan agian gehiegi luzatuz bide hori.

Halare, bai mami berriaren, bai jenero egokiaren eta bai jantziaren aldetik ere, horren aberats azaltzen den liburuari ongi etorria eman bebar zaio. Irakurlegoa poztu eta aberastu egiten duten horietakoa bait da. Jarraituko ahal du egileak idazten!

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak