kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ipui antzeko / Mikel Zarate / Gero, 1975

Ipuin antzeko alegiak (I) J.A. Muxika / Zeruko Argia, 1975-08-31

Udak hori du on. Egunak luzeago direla, oporrak direla, bada beti irakurtzeari eskainitako orduak zertxobait bederen luzatzeko aitzakia. Eta urtean zehar ezinbesteko geroko gero horren menpean bazterrera utzitako zenbait liburu eskuetan hartu ohi ditugu udako egun luzeen atsegingarri. Niri behintzat, egia esango badut, horrela gertatzen zait. Eta ez dut uste bakarra naizenik.

Aurtengo udak gainera urtean zehar pilaturiko liburu multzotik landa orain-oraingo den ale berri bat ere ekarri digu euskal literaturaren jarraitzaile garenoi. Sorpresa on bat: Mikel Zarate bizkaitar idazlearen “Ipui Antzeko” alegi liburu interesgarria.

Sinboliko joera

Betidanik esan ohi da literatura ez dela gertaeren, egoeren eta giza-sikolojiaren aurkezte arrunta. Grazia eman behar zaiola, alegia, imajinazioa. Irudiz, hitz jokoz, sinboloz jantzi behar dugu literaturazko obra bat. Bestela saiakeraren arloan ginateke.

Nik ez dakit literaturaren lege horiei jarrituz den ala gure arteko gauzak garbiago adierazi ezin direlako, baina egia da, norbaitek esan duen bezala, sinboliko joera bat nagusitu dela azken urte hauetako euskal prosan. Lertxundiren Urturi, Peillenen Gatu beltza eta Zarate beraren Don Trifon hor dira, besteak beste, joera horren lekuko. Ihes egite bat al da hori ala literatur arnasaren goi hegakada? Denborak esango du.

Dena den, oraingo liburuan sinboliko joera horrek berezko jeneroa aurkitu du, ezin egokiagoa, berari dagokiona, alegia. Aspaldiko jeneroa da. Alegi batean irakurleak bere eguneroko egoerak, gertaerak, joerak eta sikolojia ikusten ditu margotuak. Irakurlearen bihotzean sartzen den ziri zulakor eta kezkatzaile da alegia.

Horra hor, bada, ene ustez, liburu honen lehen balioa, jeneroa asmatu duela. izan ere, sinbologia egitaratu batez nobela luze bat osatu eta egiteak arrisku baztergaitzak ditu berarekin: reiteratibo bihur daiteke, gauza berdinak edo antzekoak behin eta berriro, lerrotik lerrora, errepikatuz; bigarren mailako sinboloak osagarri bezala erantsi eta pilatuz bari nagusia galtzeko zorian gerta daiteke irakurlea eta liburua betelan hutsaletan erori; horrekin batera, sinboloaren indar-giharrea ahultzea ere gerta daiteke. Eta ez nuke esango aipatu liburuetan horrelako zerbait gertatzen ez denik.

Tajuzko alegiak ez du horrelako arriskurik.

Gaiaz ere aberastu gara. Horra hor liburuaren bigarren balioa. Azken aldiko belaunaldi gazte eta kezkatua herriko prolemei dago so batipat, lotua bezala, hortik irten ezinik bezala. Eta gisa da. Zama astun horren pean bizi gara, bestelako hegakada gozo eta aberasgarririk egiterik ez bailitzan. Egoera honen pisu eramangaitza dago, baita, ene ustez, gorago aipaturiko hiru liburu horien azpian ere: herriko egoera osoa, bere osotasunean.

Oraingoan egilea, hori utzi gabe ere, beste zenbait eremutara hedatzen da. Berdin gertatu zen Lertxundirekin Urturitik Goiko Kalera hegatu zenean. Ez bakarrik herri oso baten egoera globalean, pertsona bakoitzaren, talde txikien mundu aberatsean ere sartzen zaigu gure alegigilea. Irakur, bestela, “Ni ez naiz zu” alegi laburra bezain polita. Gorrotoak, bekaizkeriak, harrokeriak, gogorkeriak, maitasunak, adiskidetasunak, salaketak eta leialtasunak, laguntza gozoak eta salduketak… denek dute leku alegien esparru zabalean.

Hego indartsu eta arinak behar dltu, baino areago, gaurko euskal idazleak, Eta “Euskal Herri is different” leloa lelo txartzat jotzen dugunez gero (zenbait ahulezia eta ezin lotsagarrien estalki bihur daitekeelako), gure artean ere, besteen etxeetan bezala, nora hegatu badela esan behar.

Bide zabaletik

Alegien egiturari bagagozkio, era eta tankera desberdin asko erabiltzen ditu egileak aztertzen ari garen liburuxkan. Ez du alegiaren jeneroa gerriko hestua bailitzan hartzen; ez dio bere lanari horrelako hesi esturik jartzen. Ez, ez du jeneroak egilea mugatzen, honi bere bide klasikoetatik ibil araziz, aitzitik, libre dabil egilea, berak bere lanaren era markatuz, orain hola eta gero bestela. Eta ongi da.

“Ni ez naiz zu”, “Arrastaka” eta “Menditzar eta Mendi” lirateke, besteak beste, klasikokien jantziak daudenak. Baita, poesiazko eran, “Arranoaren ilobia” eta “Baikor eta Ezkor” ere.

Nahiko urrun dabil, ordea, hain bestelako den “Berezkotasuna”; hontan, izan ere, alegiaren barnean, tartekaturik, zenbait deskrizio, alusio eta nigar-hitz zuzen sartu bait dira. Egoki? Ez? Gustoak gusto dira.

Hori bat. Bestetik, alegiaren zorroztasunar! dagokionaz ere zenbait hitz egin behar dugu. Aleglak bere egitura osoan helburu garbi eta jakin bat behar duela dirudi. Egoera baten deskrizioa egiten ari den eran, egoera honen argi-ilunak eta irtenbideak ere markatu behar dituela. Egoera beretik berez sortzen den epai objetibo baten adieraztera, askotan hitzik gabeko alusiora, eraman behar du alegiak. Hori da aspaldiko “moraleja” haren azken zentzua.

Eta hemen ez dugu hori beti hain garbi ikusten. Har dezagun, adibidez, “Eskuikale, ezkerkale ta erdikale” esanguraz ez-ezik gaurkotasunez ere jantzia azaltzen den alegia. Hiru jarrerak —ezker, eskuin eta erdikoa— margotzen ditu, baina, ene ustez, alegi batek behar lukeen dinamikarik gabe. Nora darama, izan ere, itxuratze honek? Non da helburua? Non da berez sortzen den epai objetibo hura? Ez dago. Garbi behintzat ere. Hiru jarrera horien arteko desberdintasunak gainditu behar direla? Nola gainditu, ordea? Berorien gainditzea, azken aldera, eroen ilusio hutsal bezala epaitzen dela dirudi. Horiek horrela, alegiaren bukaerari errena derizkiogu. Badakigu, jakin, ezker, eskubi eta erdikoek zer dioten batak besteari. Eta zer? Hor dago kakoa: zer? Hasiera itxaropentsuari bukaera apalak jartzen dio azken puntua.

Iritziak beti iritzi dira eta hori da nirea. Hobekixeago asmatua dagoela dirudi “Idatz eta mintz” delakoaren bukaera.

Bi alegi hauek dira gure gaurkotasun nahas eta bihurriaz jantzien azaltzen direnak. Eta gisa da, beraz, horietan korapiloa askagaitzago gertatzea.

Adierazpen formalak

Baditu liburuak beste alderdi aberats hanitz ere. Eta horietan ez da eskasena adierazpen formalei dagokiena: bada hor alegietarako behar diren pertsonaien izentatze miragarrian etorria, bada hitz joko ausart eta egokietan aberastasuna, bada soinu jokoetan —aliterazioan, batez ere— ugaritasun harrigarria. Hitz bakoitza, esaldi bakoitza datorkigu literatur aberastasunez jantzia.

Baina nahikoa luzatu gara gaurkoan eta guzti horren azterketa hurrengo baterako utziko dugu.

Oraingoz besterik ez. Bukatzeko aholku bat eta txalo bat. Aholkua irakurleentzat: irakur dezatela Zarateren liburua ahalik eta arinen. Irakurritako damuak ez die barrena jango. Eta txaloa egilearentzat. Luma trebea du, irakurlean gustoko lanak egoki egiten dakizkien horietakoa.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak