kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Sei idazle plazara I / Begiarmen / Jakin, 1974

“Sei idazle plazara” liburuaren inguruan (II) Iñaki Zubizarreta / Zeruko Argia, 1975-02-23

Liburu honen lehen parteari, Mitxelenari zuzendutako parteari ohar batzu egiten jarraituko natzaio.

Honela hasten da Begiarmen-en “1970: Euskalkiak nola batu” kapitulua:

“Epe hau ‘azken ordukoak’ izeneko lanarekin dator koroaturik. Epe honetan han eta hemen gogortuz datozen eztabaiden kinka, belaunaldiek berekin dakartzen etsaigo ezin konponduzkoan dagoela pentsatzen du. Sakonean, beraz, gaisotasun psikologiko bat genuke egoera honen kausa: ‘Gure artean sutan dauden ezin konta ahala istilu horiek (aldizkarietan dela, ikastoletan dela, liburuetan dela, bazkunetan dela, erlijio-gaietan dela, politikan dela) funtsezko belaunaldi-borrokaren ageriko ezaugarriak besterik ez dira, ene ustez. Gure artean ditugunak bezainbeste nonnahi, edozein herrialdetan, ikusten direnak’ (MIH, 228). Ortega y Gasset-ek ere horrelako zerbait uste zuen. Gure iduriko, badu belaunaldiak bere inportantzia; bada gizartean zaharrik, gazterik eta erdikorik, hau egia da. Baina gure gizarteari sabelean min ematen dioten har guztiak belaunaldien gakoan dutela beren sorburu bakarra esatea, gehiegi esatea iruditzen zaigu, baldin baieztapen horrekin beste elementu askoren intzidentzia ukatu nahi bada behintzat. Printzipio horrek balio dezake agian Ortega y Gasset-en gisako gizarte-aztertzaile batentzat. Guretzat ez, aldiz, zeren testu horrek, bere hortan harturik, gizarte-mekanismoak neurriz kanpo sinpletatzen bait ditu. Kultur gertakizunak, orobat hizkuntzarenak beraz; sozial iturri askotatik isurtzen dira, itsas-handira baino lehen iturrietako urak bazter askotatik biltzen diren bezala”.

Ez dut uste hemen ere testu-ingurua ondo hartu duenik Begiarmen-ek. Berriz ere esaeratxo bat hartu eta bere gisako konklusio batzu atera dituela esango nuke, errealitate osoa begiratu gabe. Hor aipatzen duen Mitxelenaren esaera hori, 1970ean Egan aldizkarian agertu zuen Pro Domo idazlanean dator. Mitxelena etorri berria zen Paristik, eta garal hartako gure aldizkarietan gogor zebiltzen eztabaidek H zelata, gazteen euskera idazteko aldrebeskeria zela ta, eta abar. Egoera hau salatzera dator Pro Domo idazlana, eta zaharren eta gazteen arteko zubi bat jasotzera, elkarrekin lan egiteko. Beraz ez zen idazlan honen egitekoa, gure gizartean irakiten zeuden arazoen azterketa sakon bat egitea, arazo konkretu bat aipatzea baizik. Mitxelena ez zen idazlan horrekin soziologia-estudio bat egiten ari, hor kritikatzen zaiona merezitzeko. Textu-inguruz kanpoko kritika iruditzen zait hor egin zaiona. Egia da bai baieztapen borobil xamarrak egiten dituela Mitxelenak, bainan beti ere lehen aipaturiko testu-inguru konkretu horren barnean hartu behar direla uste dut. Ez dut uste Mitxelena hain motza zenik lan hori egitean, “gure gizarteari sabelean min ematen dioten har guztiak belaunaldien gakoan dutela beren sorburu bakarra” esateko. Eta, noski, Mitxelenak baieztapea horrekin ez zituela beste elementu asko ukatu nahiko: demostraturik bai dauka, sobera demostraturik, ez dela buruz motel eta argirik gabea.

Bestaldetik luze eta zabal aztertzen ditu Begiarmen-ek hizkuntza eta kulturaren harremanak, Mitxelenak ari den parte hontan: “Klasetasunak ez ote du zer ikusirik hizkuntzaren muinarekin? Elementu sozialek ez ahal dute baldintzatzen hizkuntzaren nolakotasuna? Gu baietzean gaude. Zenbateraino ez dakigu akaso… Guretzat dena dator bateraturik, bakoitza bere mailan, baina bateraturik halare, hizkuntzaren bi alderdiak, nola materiala, hala material ez dena… Eta guk Mitxelenarengan ez dugu ikusten hizkuntzak politika eta soziologia zientziekin eduki ditzakeen loturen azterketarik. Gehienik hizkuntzaren alderdi teknikoa begiratu du… Euskarak, gure eguneroko mintzabide bilakatu dadin, linguistika alorreko arazoez aparte, gizarte mailako beste konponketa batzuk ere eskatzen dituela alegia… Euskara gure mintzabide normala izan dadila nahi litzateke; euskararen esistentzia arriskuan bait dago, haren biziaren aldeko ahalegin guztiak dira lehenik. Une berean, biziarekin batera, euskara klaserik gabeko euskal gizartearen mintzabide bilaka baledi, hainbat hobe. Hau esatean ez dakigu hizkuntzaren muina ukitzea dugun ala axala bakarrik. Hori Mitxelenak berak erabaki beharko du”.

Egitan nahasia eta “demagogikoa” iruditzen zaigu Begiarmen-en “Hizkuntza eta Kultura” izenburudun pasarte hau, eta gainera, horrekin batera, Mitxelenak iritzi oker bat sor lezakeena. Azter dezagun poliki pasarte hori, eta eman dezagun erantzuna.

Bi puntu nagusi ikusten ditut pasarte hortan nere aldetik erantzuteko. 1) Soziologiak, ekonomiak eta politikak hizkuntzarengan duten eragina ez omen du aztertu Mitxelenak. Lehenengoz esan dezagun badela beste zenbait eragingarri ere hizkuntzarengan: sikologia, zientzien eta giza-jakintzen aurrerapenak, literaturgintza eta abar. Hizkuntzalaritza edo linguistika oso gai zabalekoa da, beste zientzia edo jakintzak bezalaxe, eta gizon batek agor ez dezakeen azterketak eskatzen ditu. Hizkuntzalari bakoitzak ahal duen neurrian aztertzen du bere jakintza-gai hori. Eta Mitxelenak ere bere neurrian aztertu du eta aztertzen ari da, neurri oso zabalean gehituko nuke nere aldetik. Horregatik ez zait batere jokabide egokia iruditzen, jakintsu bati alderdi konkretu bat ez duela aztertu salatzea. Egokiago izango litzateke beste bati (edo Mitxelena berari) eskabide bat zuzentzea ea azter dezakeen alderdi hori, eta saiatzea. Bestaldetik askotan entzun dugu Begiarmen-ek hor dioena; klasetasunak hizkuntzarengan duen eragina eta abar. Beste lurraldeetan aztertua izan da zerbait alde hori, bainan gurean ez da batere azterketarik egin. Eta uste dut esaldi borobilegiak eta zehaztu gabeak plazaratzen ditugula, aurrez batere azterketarik egin gabe egoteko.

2) Pasarte hortan Begiarmen-ek dena nahasirik eman badigu ere, bada bigarren puntu nagusi bat ene iritzirako. Gauza bat da jakintsu baten jokabidea bere zientzia-azterketa lanean, eta beste gauza bat jakintsu horren jokabide osoa hil-zorian dagoen hizkuntza baten alde. Desberdintasun hau batere bereizi gabe, izugarrizko nahasketa sortzen du egileak pasarte hortan Mitxelenaren obraz eta jokabideaz. Aurreneko puntuari emana diogu geure erantzuna. Erantzun diezaiogun orain bigarrenari.

Esan biezat Begiarmen-ek, zein izan diren Mitxelenak hainbat lan egin duenik euskararen alde, euskara normaltzearen alde. Mitxelenak ere ondo daki linguistika alorreko arazoez aparte, gizarte mailako jokabideak behar direla euskara aurrera ateratzeko, eta horregatik darama bere bizi osoan hainbeste lan euskal kulturginta lanetan. Eta nago Mitxelenak ere nahiago lukeela (eta zein gizonek ez) euskara klaserik gabeko euskal gizartearen mintzabide bilaka dadila. Hori esatean Begiarmen-ek ez omen daki hizkuntzaren muina ala axala ikuitzen den. Hori Mitxelenak erabaki beharko omen du. Hori ez dauka Mitxelenak bakarrik erabaki beharrik. Guztiok erabaki behar dugun gauza da; baina aurrez arazoa garbi ikusi ondoren. Linguistikan aurreratzea ez dago batere aurka politika-borrokan aurrera egitearekin.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak