kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bigarren poema liburua / Xabier Lete / Gero, 1974

“Bigarren poema liburua”ri nere irakurkera Juan Mari Lekuona / Zeruko Argia, 1974-12-15

Haundia izan zen liburu honek eman zidan astiñaldia. Eta pozik jaso ere nuen espero nuenaren neurri betea. Eta azkar jabetu nintzen, ikuspegi zabal batetan, Xabierren liburu berriak zekarren emaitzaz: oraiñaren pulsazio dardaratia, gaurko egoera zaillaren araberako espresio-moldea, liburu osoaren egitura estetiku siñalagarria, hizkuntza errebero eta eginberria, eta konplejorik gabeko euskera librea eta abar. Baiña zehaztu beharra zegoen liburuak nigan ari zuen eragite orokor eta zabal hau.

Zehazketa hau, oreka, ez dut egin nahi izandu kritikakuntza baten legera. Nahiago izan dut irakurkera bat eskaintzea, sujetibotasun baten aginduetan. Denen artean argitu beharrezko gauza da, noski, gure literatura ttikian azpitik dijoan izpirituzko joera, hazi-miñez dagoen munduaren konzepzioa, eta adierazkien azpitik dabillen euskal kulturaren indar berezia. Eta euskaldun izatearen mundu hontan, benetan adierazgarri Xabierrek dagien kulturazko lekukotasuna, bere poemagintza. Horregatik natorkizue gaur, askoren arteko abotsa bezala, benetan jakingarri den liburu baten ikusmolde bat aurkeztera, Xabierrek egindako “Bigarren poema liburua”ren irakurkera bat eskaintzera.

I.— Hiru poemen barne lokera estetikoa

Hain berezkoa den Xabierren sentipen aberatsa eta urteetako bizikizuna, —sei urte bai bait dira lehenagoko liburua azaldu zuenetik—, hiru zatitan eman digu egilleak. Hirukoiztasun honen estetika alderdia esan dezadan, haserako. Hiruok mundu beraren alderdiak daitezke: lehen partean, abstraktoago den maila batetako bizikizuna, goragoko kategoria batzuetan dabillen poesi-etorria; bigarrenean, poetaren beraren autokritika, egunerokotasunetik; eta, hirugarrenean giza-legezko geroaren, edota haruntzagoaren sinbologia apal eta fiña, adierazpen mehe eta unkigarrietan.

“Zuhaitz bakarraren itzala” eta “Poeta bat hilargian”, kontrapunto bezala datoz elkarrekin. Lehen poema, aurrea bezala daiteke, dominuaren “anverso” bezala; eta bigarrena, berriz, atzea eta gibela, “reverso” bezala. Lehen zatian mundu idealago bat dabil; eta bigarrenean, gogoeta kritiko bat bezelatsu, lehen partearen zalantza poematiku eta hantuste tentaldiak xehetzen dira, oreka eskergarri bat poetak lortzen duela. Ene iduriko, bi zatien arteko kontrastea, jarrerazko eta estetikazko atzea ezberdin hortan dagoke liburuak sortu didan ukiturik ederrenetako bat.

Leteren bi alderdi nabarmenetarikoak ibil daitezke gurpil hortan: bere poeta-dimensio azkar eta arnasa haundikoa; eta, bestetik, bere begi zorrotz eta bihotz zabal-adoretsua, berak egiñei buruz ari denean. Nabari da han eta hemen, bigarren partean, bere errepika ezaguna, “Eta poeta, eta poeta…”. Ondradu dabil Xabier eta artista, bi alderdi horien kontrapuntoan, haundiaren eta ttikiaren harilketan, gaurko egoera zaillaren kinka errespetatuz, berak esandakoen ahalezko artifizialkeria erlatibizatuz.

II.— Lehen partearen mezua

Xabierrek, gaur artista askok senti ohi dutena sentitzen du. Haserre eta minbera daude munduarekin, munduak iruzur egin dielako beren esperantzetan. Eta areago oraindik: etsipen beltzaren asun-errea eta hozka gaiztoa dabiltz askoren golkotan. Mundua xeheturik dago, mundua eziñaren erresuma oinperatu bat besterik ez da.

Hala ere, Lete ausartzen da zerbait esatera, poesia egitura, arima billustera zerbait sortu eta mamitu nahian. Ur putzu eta pantano irenskor izango diren lurretan hazia ereiten ausartzen da, dena urpera beharraren mehatxu pean. Poetaren erdi beharra dabilke hor. “Lehioa ireki dut!”, dio. Eta beharrik, itoko ez bazen.

Egilleari gogozko zaion ideia erabilliz, gauzen izendatze bat egin digu; eta hortaz eskaintzen digun izen berrien hizkuntza. Bere gairik maitatuenak agertzen dizkigu: denbora, kosmosa, oroitzapena, egunerokotasuna, kredoa, oharmenaren katarsis sakona, atzilotuen kantua, gauza guziekin bat-egite bihozkoa eta aukeratua. Irudi sarkorrez emaniko munduaren sentipen luzea. Hor datza Leteren tematika nagusia, narraxkeriei gudaketa zorrotza aurkezten diela.

Eta tematikaren zolan, Letek duen poesia alderdirik indartsuena, bizikizunaren dardara dramatikoa. Gutxik bezala ematen dizkigu Xabierrek esentziaren sentipen ikaratia, izatearen susmo poetikoa eta ezdeus bete baten melankolia, eta biratzen gaituen lurraren dardara. Hain du sarkorra izatearen bizikizun bero eta lanbrotsua!

Hizkuntzari gagozkiolarik, berriz, hor datoz biribildurik espresiobide jator eta oiartzun ez-entzunak. Hitz asko askatzen ditu beren egiteko jakiñetik, beste eginkizun berri bat hartzen dutela. Askotan, hitzak biraka eta espiralean dakarzki, joera armoniku batetan, hitzekin esaundazko organu berriak tajutzen dituela. Intentzioz billatutako birresate katiatua, arku lobulatu baten antzera, efektibitate ez-ohituak sortzen dituela. Eta, jakiña, herri poesiaren hizkuntzaz baliaturik, —ez bada ere bigarren zatian hainbat—, surrealista giroko hizketa bizi, saltatia, azpilduraduna.

III.— Bigarren partearen kontrapuntoa

Lehen partean aurki zitezkeen maskarak hautsi beharrak zeuden. Erlatibizatu beharra zegoen urruma engolatuen poesi anpatua. Eta, ederkera ondo landuan, eguneroko gauza ttikien poesia dakar, “egunerokotasun gris baten kontatzaille” egiten dela. Orduen gurpillean dijoa dena, katiaketa gogor batetan. Eta espazioak, antzesleku antzo, nahas-mahas baten izendatze surrealista dakar; neo-kapitalismoaren zepoan bizi denaren poema adierazkor eta bortitza.

Eta Xabierrek bere baitan daraman nahikunde eta desira sakon bati gorputz ematen dio. Era guzietako presiokuntzaren pean dagoen giza-gogoari hizkuntza sutsu baten espresiobide eman nahi dio, —kritikazko umorez, giro egiatiez eman ere—, kutsaduraz erreta dagoen izpirituari egunerokotasunaren kolorea eta argia ezartzen diola.

Zenbaitetan, gaiñera, esan dezakegu onirikotasun eta amets-giro moduko bat lortzera iristen zaigula Leteren poesia. Herri poesiaren haritik datorkio hau, kopla zaharren aztikeriazko mentalitatetik, gure erromantzeen irudi-saltaketa zorabiozko horietatik, eta guzi hau berezkotasun paregabez, ez bait du Letek bezala iñork erabiltzen herri senaren eragiña literatura idatziaren poesigintzan. Herri jeinuaren ezpala dago, bere bertsolari-etorriaren abailla eta trantze-moduzko ariera, ondo baiño obeto erabilliaz, hizkuntza berdingabean.

IV.— Poetaren urruneratze barnekoia

Hirugarren poema hau laburra da. Liburuak dion “gero arte!” poetiko bat bezala. Adierazkoia benetan. Itsasoaren goraintzi minberatia dakar, urak eta zeruak elkar jotzen duten isladuraz haruntzko deia. Ene iduriko, oihu misteriotsu bat daiteke itsaso hori, bihotz bizi baten mitologia apala, irudi unkigarrietan emana. “Bizitza bera/ oinaze bera/ bere gorputzaren inguruan/ ur itxuri/ oparo baten gisan zabalduz…”. Sendatzerik ez dagoenaren inpresio pean; hitzaren sorkariz ernetako mundu berri baten ospakizunetan; begi sakonen susmo izkutu, urrunekotan.

Bere laburrean zati hau da, neretzat unkigarriena. Ez dionagatik bakarrik. Batez ere poema berrien esperantza dakarkidalako. “Begirada/ haundi sarkorrak” ikusi du “oinazea tantoka/ kristaletan lanbroa bezala”, eta olerkariak sentitu du “aragiaren dardara kunplieziñetan”. Eta “eziñak/ oparotasunean jarraituko du”. Eta nahimenetan doakio bihotza: “Lur erre hau baino haratago/ aurkitu nahi zintuzket…”. Harrigarria benetan Xabierren hizkuntza poetikoak, zer gaiñak hartu dituen hitz hutsez egin behartako eder-langintzan.


* * *

Aurtengo hau ez da txantxetako urtea izan euskal olerkiarentzat. Iazko siñaduraz bada ere, urteberrietan irakurri ahal izan nuen Joxe Anton Artzerena; eta, urtearen buruan, Bitoriano Gandiagarena eta Xabier Leterena, besteak beste. Hazkuntza batetan doa, noski, gerrondoko poeten belaunaldia. Hoberenak aurrera doaz beren bizkar hartu zuten zeregin neketsuan. Neretzat sinbolu pozgarria da Xabierrek aurrera egiña. Oraingoetan, agian, berak bakarrak hertsi bait dezake gerrondoko zikloaren joera berria, bere gaurko heldutasunak eta trebaketak susmoz ikusarazten digun esperantzetan.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak