kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hiru gizon bakarka / Bitoriano Gandiaga / Gero, 1974

Hiru gizon bakarka Xabier Lete / Zeruko Argia, 1974-03-31

Mikel Lasaren hitzaurre batez osaturik, Bitoriano Gandiagaren “Hiru gizon bakarka” izeneko poesi-liburua argitara berri du Gero argitaldariak. Liburuaren azala Jorge Oteizaren diseñoz eta irudiz egiña dago, eta guztiz bikain da; liburua bera ere bikain den bezala.

Gandiagaren poemek, azken urteotan Euskal Herriko poesian nabarmendu den joera batekin loturarik badute: kristau existenzialismo delako batekin, hain zuzen. Gandiagaren poemetan nabari den humanismo hori kristau girokoa da, nere ustez; baina humanismo ber hori gizonaren sozial-izatearen kontzientziaz osaturik eta azpimarkaturik dago, eta Gandiagaren kasu konkretu hontan, sozialtasun borren adierazpen nagusia Herri baten izan-nahi-eta-ezin-izate minberakor eta argi-ilun batetan datza.

Bestetik, edo horrekin batera, Gandiagaren poemagintza gizonaren existentzia pertsonalaren hutsune eta saminek girotzen dute; baina kasu hontan existentzialtasun hori, berriro esan behar da, Herri urratu eta bortxatu baten kontesto haundi eta oso baten barruan ikusten da.

“Elorri” liburutik “Hiru gizon bakarka” hontarako poesi-molde aldetikako aldaketa, Mikel Lasak bere hitzaurrean argi adierazten du. Gandiagaren oraingo liburu hau, krisisa baten ondoren osatuz eta egosiz joan zen liburu bat da. Poesigintzari eta artegintzari doakion krisisa hura pertsonala izan zen Gandiagaren baitan; baina gauza zeharo pertsonalik mundu hontan nola ez dagoen, eta euskal literaturaren alorrean are gutxiago, krisisa harek zer ikusterik izan zuen orduraino euskal poesian nagusi zen tradizio neo-liriko eta neo-inpresionista batekin.

Gandiagak krisisa hura gainditu bazuen, neurri haundi batean bere ahalegiñaren poderioz izan zen; baiña inguruak ere parte hartu zuen, batez ere Jorge Oteizak Arantzazun osatzen zuen inguru estetiko-gizartetsu harek. Gandiagak berak kontatzen duen bezela:

Banatorkizu, Oteitza.

Bete nahi dizut hitza.

Idatzi ditudan hauek

inon utzi ahal banitza…

Eta horrela, Bitoriano Gandiaga poeta zehatz eta sakon bilakatu zitzaigun. “Hiru gizon bakarka” deitzen den liburu hau, alferrikako hitzik gabe, espresio aldetikako ekonomia haundiz eginik dago. Liburu hontan, Gandiaga sentimenduz gainditurik agertzen zaigu; sentimendu hase-ezin eta gogoeta ilunez. Baiña bere mundo barnekoi irakin hori, poemen bitartez estrukturatuz, guztiz ordena onean agertzen digu; barrokotasunik gabe, sobrako ixurketarik gabe: sentimendu eta ideien ur indartsu eta biurri hoiek hizketa poetiko neurtu baten moldetara ixuriaz.

Liburua, txakolinaren bi ospakuntzekin hasten da. Gandiagak berak poemen haseran marrazten dituen pertsonaje batzuek, txakolina ospatzen dute; ospatuz, txakolina edaten dute; txakolina sinbolo delarik, ardo garratz batetaz, herri garratz batetaz filosofatzen dute. Txakolina, Gandiagak digunez, ardo da; ardo nahi eta ezinezko bat. Gure herria den bezalaxe. Ardo garratz den txakolin hori, gure itsas-ertzeko mahastietan heltzen da; lur busti batetatik sortzen da. Ardo hori, kasik ez da ardo; Herri hau kasik ez da Herri… Eta horrela, mintzatuz eta edanaz, edari minberakor hori dastatuz, poemetako pertsonajeek beren sinbolotasuna sakatzen dute.

Ondoren, “Hiru gizonak bakarka” deitzen den poema dator; txakolinaren ospakuntzaren apendize bat bezela da, eta bertsotako neurrietan eginik dago: bederatzi puntukoetan, zortziko nagusian, bost puntukoetan, etabar.

Gero, “Alegiak eta beste” izeneko poemak datoz. Bertso librean egiñik daude, eta gure herriaren problemei buruzko gogoeta sutsu dira. Etorkizunaren itxaropenak ez du poeta eguneko errealitateaz itxutzen; horrela, noizpeinka, eszeptikotasun adierazgarri batek Gandiagaren suari kontrapuntoa jartzen dio. Poema labur indartsu hoietako batean dioen bezela:

Esperantzari leiho bat

zabaldu omen diote

bizi ahal ote den

ikusteko ere.

Baina apenas

ikusi duten esperantzarik.

Desilusio usai bat

erten omen du leihotik.

Gandiaga, “Korupekoak” izeneko poemetan, tankera apokaliptiko batean jarraitzen da: gure izate eta bizitze axfisiatuaz ari zaigu, gure aterabide zailetaz. Behar bada, sail hori da, nere gustorako, poesitasun aldetik gutxien organizatuena; gaiaren dramatikotasun larriak poetaren eskua esatera eta esatera bultzatzen du, diskursoaren oparotasunak neurriaren zehaztasuna pixka bat gal eraziz. Hala ere, sail hontan badago poema ongi taxuturik ere, “Kanta behar nuke, bai” izeneko hura bezela.

Eta ondoren, poemarik bikainenetarikoak datoz. “Hamaseiharrieta” deitzen dira, eta Oteizaren Arantzazuko azken egonaldiaz eginik daude. Poeta eta irudigilearen arteko izpirituzko batasun bat sortu zela bixtan dago; bi artistea antsi, egarri eta argi-llunak sakonki adierazirik geratzen dira. Bestalde, Oteizaren irudien esplikazioa, eta irudi hauek Arantzazuko frontisean Herri baten egoerari buruz daukaten esan nahiaren interpretazioa, oso ona da.

Non zegoen nahigabea?

Oteitzaren trintxan?

Harri beltzetan gordea?

Edo agian herritarren

begi larrietan?

Poema hauetan, eta besteetan, Gandiagak alde herrikoiak bere lerroekin nahasten dituenean, izugarrizko musikaltasun poetikoa lortzen du. Hona, adibidez:

Tiriki, tauki, tauki

mailuaren hotsa.

Tiriki, tauki, tauki,

mailuaren hotsa.

Hamasei harri lantzen

ari da Oteitza.

Ai, oi, ai,

ari da Oteitza.

Eta azkenik, liburua “Artaso-ko salmuak” izenekoekin amaitzen da. Poeta, lur maite batetaz mintzatzen zaigu; lurraren zentzu bizikorraz ari da. Lurretik gatoz, lurrera itzuliko gara; baina bitartean bizi egin behar dugu, bizitza dastatu, egiaz ohartu, errealitatea onartu.

Poetak, naturaren zentzu ia panteista batetaz, kosmogonia berezi bat osatzen digu. Mundu orokor eta era berean partikular batetaz ari zaigu; bizitzaz eta heriotzaz ari zaigu. Bizitza onartu batetaz eta heriotza onartu batetaz. Apal-apal, espanturik gabe, zer geran eta zertara goazen zentzu osoz adieraziz:

Hilgo naiz,

ta edertasunak

jarraituko dau lurrean.

Aleluia.

Poesi-liburu bikaina Gandiagarena. “Hiru gizon bakarka” liburu heldu bat da, puntu-puntura iritxi den poeta baten liburua. Guztiz naturalki, gauzak bere neurri zehatzean esaten dizkiguna. Poesi-liburu on bat.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak