kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kultura proletarioaz / Joxe Azurmendi / Jakin, 1973

Kultura proletarioaz Mikel Ugalde / Zeruko Argia, 1973-04-22

Jakin liburu sailak argitaraturik hemen datorkigu Joxe Azurmendiren lan mamitsua. Proletkulturaz ari zaigu eta egungo herri kultura iraultzailea landu nahi duenarentzat gogoan hartu beharrezko liburua.

Marxek, langileriaren iraultza aldarrikatu zuen harek ez zuen iraultzarik ezagutu, ez zuen ereindako landarearen azken fruitua jasotzerik izan, eta oraindik jasotzekotan dagoela esango genuke.

Dialektikaren eragin eta dinamika gogoan harturik erabat industriatutako herrialderen batetan, Alemania zuen gogoan, iraultza, pipiak jotako kapitalismoaren aurka eraginaz, berehalakoan sortuko zelakoan zegoen. Baina iraultza nekez heldu zen eta iraultzak 1905 urtean zapaldua izan bazen ere 1917 garrenean indar hartu zuen Rusian. Industriatu gabeko herrian, burges iraultzarik ezagutu ez duen herrian, nekazariek indarrik gehren erakutsi zuten herrian.

Honetan begi argiz jokatu zuen Leninek. Marxen gogoan eta teoria jaso zuen, bai, baina praksisa berak antolatu zuen, giroa eta momentua ongi zaindu zituen. Izan ere iraultza gerta dadin kontzientzia eta gogoa ez dira nahikoak, objetibuki baldintza batzuk behar dira. Bi aiekak bat egin beharrezkoak izan ohi dira iraultza bidetatik abiatzerakoan. Eta honek lanik asko ematen du. Errealidadearen egia ondo neurtzen ez denean profetismo merke batetan eror gaitezke. Alderantziz, objetibuki ezer egitekorik ez dagoelakoan ere, fruitua biltzeko haizeak noiz joko zai dabilenik ere bai baita.

Horregatik interesgarria deritzat Azurmendiren lanari. Lau urtetan kultura arloan gertatuaren berri emanaz azterketa sakonik eskaintzen digu. Mugatua da berez liburu honen helburua baina langile eta euskaldun bezala herri-langile kultura sortu, (oraindik sortzeke dagoelakoan nago, zenbaitek sortu digutena aborto bat baino ez baita izan) eta zabaltzeko horrelako lanaren beharrik bai bait dugu.

Rusian eta inguruetan gertatua une eta toki zehatzetan gertatu zen. Ez gintezke orain eta hemen beste horrenbeste egiten has ez dezakegu erabat eta osorik bide hori ontzat eman. Geure den bidea, iraultza, kultura sortu beharko dugu, ez besteengandik azal eta mami jaso dezakeguna. Hori badaki Joxe Azurmendik eta bere liburuan ez du gertatuaren azterketa egitea baino bilatzen.

Proletario gabeko herri baten iraultza eta sortu beharrezko proletkultura berezia izan behar, nahi eta ez. Bai Kalinin, bar Polianski, Bogdanow eta Gastev teorikoak gogoan har ditzagun. Azurmendik argi eta garbi ematen digu horien berri. Ondorenean proletkultura mugimendu horren barruan sortutako zenbait azalpen eskainiko digu, bai teatroan, bai literaturan.

Iraultza politikoa egin ondoren nahiz eta ekonomiaren sendotzea kezkarik nagusienetako bat izan, kultura landu beharra sumatzen da. Kezkarik badute garai hortako pentsalariek. Kultura, proletkultura ere ez da berez eta poliki datorrena, bizkor, bizi eta indarrez sortu beharrezkoa baizik. Alderdiarekiko harremanak, elkarren arteko estabaidak, burokraziaren arriskuan erortzeak indargalduko du mugimendua. Baina hor daude lanak asmoak borrokak. Hor dago loraldi interesgarri bat.

Horrelako liburu batek ez du, agian, euskaldungoarekin ezer ikustekorik izango. Baina, bestalde Joxe Azurmendi ez da informazio hutsean gelditzen. Bere azterketak gurea eskatzen du. Herregatik astiro astiro behin baino gehiagotan liburu hau aipatu beharrean izango gera.

Azkenik, Joxe Azurmendiri nere bekatu bat aitortu behar diot. Gaia zaila, bihurrra izanik, zenbait autoreren pasarte euskeraturik eskaintzen digularik euskera ere gordiña, gogorra izango ote zen bildur nintzen. Arras besterik gertatuko zaio irakurleari. Esku artetik nolanahi utziko ez duen liburua da Joxe Azurmendiren azken hau.

Guri interesgarrien zaizkigun pasarte eta gure aldetik eskatzen duen azterketaz beste batean segituko dugu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak