kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Euskal literaturaren historia / Ibon Sarasola / Lur, 1971

“Euskal literaturaren historia”, Ibon Sarasola egile Jose Azurmendi / Zeruko Argia, 1971-08-08

Ibon Sarasolak irakurri eta pausaldi bat eskatzen duen liburua eman digu: Euskal Literaturaren Historia, Lur ed., 1971, Hastapenak-9. Berrirakurri, eta merezi duela jendaurreko kritika bat uste dut. Literatur-historiagintzaren aldi berri baten hasieran gaude beharbada.

150 orrialdeko liburua, lau partetan. Laugarren partea (or. 97-146) euskal literaturako Autore eta obren aurkibide sistimatiko delarik, batzutan idazle eta obren judizio kritiko labur baina ziurrarekin egon arren, propio literaturaren azterketako 90 orrialde inguru gelditzen da. Aurkibide guztiz praktikoa da, izen taularen laguntzarekin batez ere, literaturaren begirada orokor arin batetarako. Aurkibide honek, halare, hutsune nabarmenak agiri ditu: 1. Azkue, Orixe, Lafitte, Villasante, S. Onaindia, M. Lekuona, San Martin, J. Kerexeta, etc. Autoreen lanaz osoa ez beste guztia da kausitzen den informazioa. Villasante, esaterako, 8/10 libururen antolatzaile eta makina bat artikuluen autorea bi obrarekin bakarrik aipatzen da. 2. Berdin autoreez. Artikuluren batzuen idazle zenbait aipatzen da. Baina liburugile garai batez erruz irakurriren batzuen izenik ere ez: Sorarrain, Felix Bilbao (“Ipuin-barreka”, ipuin jeneroan nire ustez inportanteenetakoa), etc. Fernando Mendizabal, Agirretxe, e.a. ez da aipatzen. 3. Talde-lanaz: “Gazte Naiz” orriaren inportantzia (87, 144) nahi hainakoa izango da —nik neuk ez dadukat hainbestekotzat— baina Euzko Gogoa, Egan, Jakin, Z. Argia, Anaitasuna ere zerbait izan dira beharbada. Sarasolak ez die kaso haundirik egin. (Sarasolak bere izena arras isildu egin du, eta ez zegoen arrazoirik: aurkibidean behintzat, eta bere buruaren judiziorik gabe bederik, sar zezakean harrokeriarik batere gabe)… Preferentzia eta ahiergoen disimulo gutxiegi ez ote dagoen historiagintzarako? Egiten den datoen aukeran bertan erabakitzen bait da historiagintza formalki. Ni bezalako profanoak lehenengo begi kolpetik —gehienak idazle frantziskotarren artean bakarrik, ez bait naiz literatur historiazale— holako hutsuneak hautematen baldin baditu, izan ere ez bait dago dudarik makina bat halako beste egon behar duela. Ta orduan poltsiko liburu hontakoa poltsiko zientzia ez ote den susmoa sor diteke. Beraz, liburu hau historia baino zerbait gutxiago, ta euskal literaturarena baino zerbait gutxiago date, apika.

Uste ere uste bait dut, areago, Sarasolak egin nahi zuen gisako literatur historiarik egikaritzeko presuposturik aski ez dagoela oraino. Monografien falta ia erabatekoagatik, batez ere.

Desgrazia bat da liburu honi Historia baderitza. Izan ere, historia bat baino gehiago dirudi hiru saiakera koerenteren bilduma. Saiakeraotan gure literaturaren berri emaileek arrunki gutxi begiratutako zenbait alderdirenganako adikunea esnatu nahi du Sarasolaren liburuak. Alde formala, literarioa batez ere. Tartasen kasuan, adibidez (22). Eta interes formala nagusi da liburu guztian, ez holako ezten polemikorik gabe. Ik., esaterako, or. 90 edo 94.

Liburuan nabari den beste interes ohargarri bat obra literarioaren testuinguru soziologikoarena da (hitzaurrean gaztigaturik dagoen moduan). Laburki bederik, euskal probintzien populazioa (16), idazle estadistikak eta bekaldeak (25), produzio literarioaren atze ekonomiko (58) ta politikoak (81-182) begiraturik daude, literatur historia moderno bati dagokionez. Tamalez, ohartzapen soziologikoen aplikazioa egin gabetsu gelditzen da, dato ta oharrok premiarik gabe ta adabaki antzean dauden inpresioa egiten dutelarik. Esaterako, Etxepareren espiritualismo / naturalismo dualismoaren oinarriak —diosku Autoreak— “soziologian aurkitu behar dira sistima feudal autoritarioaren eta mundu burjes liberalaren arteko burrukan” (10). Ta eragindura hori —benetako ala ez— mamiari buruz konpreni ahal baliteke ere, formalki zailago da, eta Sarasolak ez digu ezer hortaz argitzen. Etxepareren metrikaren, irudien, airearen, bertso kateketikoen eta dramatikoen berezkuntzaren, etc. arrazoiak betiko ezagunak dira. Hain zuzen formalki laburregi geldituz, bada, nire ustez Axularrekin bezalaxe. Barrutiari buruz, ordea (31) ederki azaldurik dadukagu alde hori, baina bere kondizlonamendu soziologikoa ezertarako aipatu gabe. Esan nahi bait da interes literarioa ta soziologikoa zein beretzat, sintesi batetan bateratu gabe agiri direla, txandan bezala.

Akats hau ia klasikoa da ta literatur teorikoen “errealismo sobietar” zeritzanaren aurkako burruka garaitsuki burututa dagoenez ger, bere aplikazioaren berritasunak bakarrik esplika lezake Euskal Herrian zailutasun falta hori. Testuinguru soziologikoa gehiegi berdintzen bait da ekonomikoarekin. Baina, literaturari gagozkiolarik, ekonomiaren eragipena gutxitan da bertatik bertarakoa, ia beti politikaren, filosofiaren, Erakundeen, ohituren, kortesia maneren, etc. bitartezkoa, hoek tajutzen bait dute aldian aldiko solas moldea hurbiletik. Sarasola, hasieretako “errealisten” moduan, urrutiegiko testuinguruari lotu zaio gehienetan, ta dato ekonomikoen eta literatur formaren arteko bilgunea erakustea zail bihurtzen zaio derrigor.

Soziologiazko arrazoipideei buruz, bada, ezin esango nuke beti ongi horniturik, literaturarekin zer ikusi behar duten argi erakusteko moduan eginda daudenik. Lantegiztapenaren berri eman ondoren (1855-ean lau probintzietan zegoen langileria), mila legoako saltoka partitzen dira ezkerrak eta eskuinak, progresismoa erderaz mintzatu izanaren errua aranismoarena zen itxura egindz: “…ideologia bakar batek baitu euskera espresabidetzat. Beste edozein ideologiak ez du lekurik. Haren arauaz pentsatzen ez dutenak, Barojak adibidez, erderaz idatzi behar (?) dute” (63). Egia, aitzitik, gerokoarekin lehenagokoa esplikatu nahi ez bada batik bat, aurrerazaleok euskeraren begirunerik gabe ari zirela deritzat, sozialistak bereziki. Literatura bukolikoaren desfasea nabarmen dago (Garoa, Euskaldunak). Lizardi edo Lauaxeta, halare ez legoke besterik gabe aisa aranismoaren barruan koadratzerik, literato bezala behintzat.

Erabatean “aranismoaren” barne-kontradizioen azterketa pobre agiri da, ta literatur joeretan ere —kontradizioon isladaz— suma ditezkean kontradizioak atzematera ezin izan da liburua allegatu: or. 52, 153, adibidez, Arriandiagaren logizismoa (“La lógica es la ley primaria de la gramática euzkérica”) ta arestiko baserri-izalekeria guztiz artifizialki elkarrekin apailatzen saiatzen da Sarasola. Nire ustez hor ez dago zer ezeri doiturik. Dagoena deblauki, aro baten barruko bi joera kontradiktorio da, batera kausitzen direnean ere, ta, apintarrean, beren kausa bezala noski, “aranismoaren” baitako kontradizioa ere bistan samar dago: arrazionalismo liberala batetik eta erromantizismoa bestetik. Bietatik bait zegoen ideologia aranistaren barruan, liberalismo ta karlismo euskaldunen bateratze ta gaindikuntza egitearen prezio ta ondare bezala (superazio dialektikoak, izan ere, bere kolkoan gain-hartutako bi buruen kontradizioa jasotzen ohi bait du). Lizardik, Domingo Agirrek, Kirikiñok, etc. garbizalekeriari “kontzesioak” bakarrik egiten dizkiote; ta logizisten baserri-gorazarreak ere kontzesio hutsak dira, mihi-punttazkoak, berbalak bakarrik gehienetan. Ayengiztar Iñaki Abaren konstruzioek ez dadukate inongo baserriko euskerarekin inolako konpondiorik, borondaterik onenarekin ere. Lizardi ta Lauaxeta bi ertzen artean zalantzan agiri dira, zerbait diferente noski beren artean, ta horregatixe, ez azkenik, beren eboluzio paraleloa ere. Ta D. Agirreren “aranismoa”, literaturako formari begira, minimala da orobat. Aipatutako kontradizioak leher egiteak bidezko besterik ez deritzat. Agian politikan posible zena literaturan guztiz inposible bait zen.

Ba duela honek bere inportantzia deritzat, nahaspila guztiaren azpian tradizio literarioaren jarraikitzapen isila ulertzeko. Bestela Aranaz gerozko literaturan klasikoen aztarrenik batere ez balego bezalatsu dihardugu beti, aro honen barrua diferentziatu gabe.

Dena den, hutsuneokin ere alderdi formalen eta helarte soziologikoen adikune apartez dator azterketa hau, eta azterketa modu honen abiatzaile-edo den konzientziarekin gainera. “Gaur arte ez du euskal literaturak euskal estudioen baitan sail autonomo bat osatu. Hizkuntzaren estudioen adar bat besterik ez da izan” (29). Bere asmoa nahiko polemikoki burutzen du Sarasolak: Azkue, Gerra, Urkixoren “inorantzia literatura gauzetan nabaria” aurkitzen badu, ta “Orixeren inorantzia ahalguztidun zen” esaldiak latzak dira (29, 66). (Holako ateraldiak serio hartzeko ote diren?). Halare Sarasolaren obrak “gerolan baten oinarri eta euskal literaturalarien akuilari besterik ez du izan nahi” (4). Esandako ikusalde biak errepara arazi izana, nolanahi ere, liburuaren printzipiozko merezimendu behingoena izan diteke ta, nire ustez, txalogarri da benetan.

Baina horixe bera ere pintzelada, ikuttu batzuetan geldituko zen liburuaren taiu jeneralagatik ez balitz: zeren-eta liburuan, asmoak asmo (eta klasikoez jardutean guztiz bereziki), gutxienez azterketa literario haina estraliterario (gramatiko, linguistiko) bait dago. Horregatik, eta berak kritikatutak failoan bera ere amilduz, lapurtar klasikoen eta geroxegoko giputz-bizkaitarren artean ez du tradizio akitu baten hautsiunea besterik ikusten ahal, hain zuzen erizpide literarioek besterik erakuts lezaketen arren (eta soziologikoek beren aldetiko zenbait argitasun eskaini, guztiz bitxiki hemen ez erizpide bata ta ez bestea aplikatzen bai da!). Euskalki diferentzien gainetik obren karakter literarioari adi gonez, izan ere, Axulargandik behera Agirre Asteasuko zehar pasatzen den tradizio klasiko literarioaren haria bilatzeak ez luke hain ikaragarri zail iruditu behar. Baina hori, gaur hontakoak aranismoaren garaiko literatur joerekin burrukan desarroilatu dira, ta zabarturik dago. Bidegabeki, nik uste. Giputz-bizkaitar berant-klasikoek, literarioki hain zuzen, lapurtar klasikoekin ez bait dute, dirudidanez, hautsi bakarrik egin. Alde hontatik ere, azkeneko bolaran sarri entzun diren judizio polemikoren batzuen piska bat mendeanegi derizkiogu liburu honi, istanteko burruken batzuen eragipean agian, eritzi arrunt zenbait gainetik hastantzen ausartu gabe.

Liburuak (lehen hiru parteek batez ere) euskal literaturaren historia edo ikuspegi bat eman nahi du, ez literatoena. Ez da, beraz, konpilazio lana bakarrik, azterketa kritikoa baino. Hortarako Autoreak egin duen banakuntza —aro mugaketen kontua halabeharrez nahiko sujetibo dela kontu eginik eta hari orain inportantzia gehiegirik eman gabe— razionalizazio txit egokikoa da, ta klitxe zenbait finkatzera badator ere, azierto haundi bat irakurleari begira: lehen aroa, klasikoena ta batasun klasikoaren galerarena (1545-1901); bigarren aroa, aranismoarena (1901-1964): garbizale, erromantiko, kontserbakor —baina tradizio sustrairik gabeko—; 1964-az gerozkoa azken aroa. Obra honen “helburua euskal literaturaren prozesoaren linea nagusia adieraztean datzalarik”, oro har, asmoari ederki zegokion jardupide hau. Eta bukatzeko, Autoreak esanari lotuz, azterketa monografikoen premia sentitzen dela liburu honen azkenean esan behar. Autoreak, halare, liburuaren hasieran sentitutakoa: ezer gutxik lagun bait zezaiokean bere asmorako.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak