kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bazterrekoak / Xabier Aldai / Susa, 2000

Bizitzaren bazterrean geratzen diren kontuak Estibalitz Ezkerra / Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-09

Zazpi urte igaro dira Xabier Aldaik Bala zeru urdina izeneko poema liburua kaleratu zuenetik. Hala ere, denbora horretan Azpeitikoa ez da geldirik egon, eta horren adibide dugu argitaratu duen azkena: Bazterrekoak ipuin bilduma. Aipatu berri dugun poema liburua bezala, Bazterrekoak Susa argitaletxearen babesean kaleratu du Aldaik. Autorearen eta argitaletxearen arteko lotura aspaldikoa da. Lubaki Banda literaturaren barruan haien txokoa bilatzen zuten gazte batzuen bilgune bihurtu zenean —Aldai bera gazte horietako bat zen—, Susa aldizkariak bere azpiegiturak gazte horiei eskaini zizkien, haien literatur ametsak egia bihur zitzaten.

Gogortasuna eta nostalgia

Urteak aurrera doaz, eta gauzen estatusa ere aldatzen da. Susa aldizkaria desagertu egin zen, eta Lubaki Banda desegin. Hala ere, hazia ereinda zegoen. Bandako kideetatik liburu bat argitaratzera ausartu zen lehena Aldai izan zen, eta obra hartan jadanik suma zitekeen gazte hark errealitatearen inguruan zuen ikuspegia: gogorra, baina, era berean, nostalgiaz betea. Nostalgia atzean gelditzen den haurtzaroarekiko, eta baita gaztetan amestu bai, baina behin heldu bihurtuta, sekula ezagutzera heltzen ez garen mundu idiliko horrekiko. Zentzu horretan, Bazterrekoak ipuin liburuarekin ildo bera jarraitzen duela esan genezake. Liburua aurkeztu zuenean Aldaik berak esaten zuen obran une hauetan landutako ipuinak jaso dituela, eta berriago batzuekin tartekatu dituela.

Hamahiru ipuin

Guztira 13 ipuinek osatzen dute liburua, eta, izenburuak dioen bezala, bizitzaren bazter batetik idatzi ditu Aldaik. Azken finean, bizitza errepide luze eta zabal bat da, eta une oro autoak batetik bestera ibiltzen dira. Autorea espaloietako batean aurkitzen da, autoen mugimenduei beha. Baina idazlea berehala ohartzen da behin igarota, auto horiek ez direla berriro abiapuntura itzultzen. Urruntasunean galtzen dira behin betirako.

Hala ere, oroitzapenek bizirik dirauten bitartean, une horiek gogoan izango ditugu. Gauza bera gertatzen da haurtzaro eta nerabezaroarekin. Garai haietako inozentzia urteek ematen duten esperientziarekin lohitzen dira, eta errealitatea bera eraldatzen da.

Umeak eta antiheroiak

Esaerak dio umeek, mozkortiek eta zoroek beti egia diotela. Baina, era berean, umeak dira izakirik krudelenak. Krudelak errealitatea den modukoa deskribatzen dutelako, begietan estalkirik ez dutelako. Gauza bera gertatzen da antiheroiekin, gizarteak nahi ez dituen pertsonaia frakasatu horiekin. Biak bildu ditu idazle azpeitiarrak bere ipuin bilduma honetan, eta errealitatearen deskribapen samina da berak dakarrena. Samina mugarik gabe bizitzeko gogoari oztopo ugari jartzen zaizkiolako. Samina nahiz eta ikusi ez, Alemaniako hesiak bere hartan dirauelako. Samina lehen maitasunak min handia ematen duelako. Samina garai batean irabazitakoa berehala ahazten delako.

Liburua harri bat balitz, Xabier Aldai hargina litzateke, eta ipuinak, harrian bertan zizelkaturiko istorioak. Istorio laburrak, baina benetako harribitxiak dira. Kolpeka idazten du azpeitiarrak, kemenez, eta ipuin horien aurrean irakurlea ezingo da modu pasibo batean gelditu. Bizitza ez baita beti arrosa kolorekoa.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak