kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Agur, Euzkadi / Juan Luis Zabala / Susa, 2000

Azken begirada Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-25

Juan Luis Zabalaren literatur lanetan, irakurleak badauka idazlea pertsonaiengan haragitzen zaion sentsazioa eta idazlearen obran aurrera egin ahala, idazlea ezagutuz doan ilusioa. Oraingo honetan ere, Julen Lamarain edo pertsonaia nagusia kazetaria da eta EGUNKARIAn lan egiten du. Irakurleak, berehala kokatzen du idazlea pertsonaia nagusiaren paperean.

Zabalak Agur, Euzkadi eleberrian orain arte landu gabeko gaiak eta forma badarabiltza ere, Sakoneta ipuin liburuan erabilitako pasarte askoren irudiak berpiztarazten dizkio irakurleari: bidaztiaren izaera, bakardadearen tratamendua edo heriotzaren aurrean hartzen duen jarrera, besteak beste. Honakoan ere tren geltokiak, paisaia deskribapenak, bidaztiaren begi kritikoa, herrimina, munduaz eta ogibideaz gogaituta agertzea… konstanteak, finean, Zabalaren obran.

Agur, Euzkadi eleberria, idazleak irakurleari beregana gehien hurbiltzen uzten dion literatur lana da. Pena da Julen Lamarainek zeharkatu berri duen heriotzaren atea ezin zeharkatu ahal izana irakurleak ere.

“Hil nintzan eta bizi naiz”

“Hil nintzan eta bizi naiz” litzateke eleberriaren sintesia; hauxe, bi pertsonaien ahotik irakurri ahal dugun esaldi bateratzaile eta biribila.

Bost kapitulutan barrena, Julen Lamarain kazetariak eta Lauaxeta berpiztu berriak elkarrekin egiten duten bidaiatxoa kontatzen digu Zabalak; jomugarik gabeko ibilia, nork bere burua eta mundu honetan duen eginkizuna ulertzea dutela helburu. Lehenengo lau kapituluetan Lauaxetak dirudi pertsonaia nagusia. Irakurleak Lauaxeta zertarako edo nola berpiztu ote den galderari erantzutea du helburu. Bosgarren edo azken kapituluan, ostera, eleberriak sekulako iraulketa jasaten du: pertsonaia nagusia Julen Lamarain dela konturatzen da, Julen dela eleberriari zentzua eta bukaera emango diona eta irakurleak aldez aurretik egin dituen galdera guztien erantzuna gordetzen duena.

Errealismo onirikoa du eleberriak iturri: lehena orainarekin konparatzeko aukera zabaltzen zaio horrela pertsonaia nagusiari, idazlea ebidentzian utzi gabe.

Zabalak maisuki txertatzen du bizkaiera (zuka zein hika) Bizkaitik kanpo kokatzen den eleberri honetan, eta ibilaldi piktorikoa egiten du, euskal kultura, artea eta batez ere literaturaren historia hurbilaren sareetan barrena. Liburu oso erakargarria egiten da literatura jarraitzaileentzat eta baita Euskal Herriaren identitatearen zein izaeraren etorkizunaz arduratuta daudenentzat.

Eleberrian denbora nagusi bi azaltzen dira: Lauaxetaren garaia eta oraina. Oraina, hala ere, continuum bat da, hasierarik eta amaierarik ez duen denbora; hau da, bizidunen oraina eta, bizirik ustez, heriotzari aurpegia ikusi diotenena.

Kontraesanetik argira

Julen Lamarain, aurreneko lau kapituluetan, hilda dagoen izaki bat da eta Lauaxeta, idazle, pentsalari eta abertzale berpiztu berria. Lauaxetak gauza ororen zergatia ezagutu nahi du; berari bizitzea tokatu zaion historiak lotu ez dituen puntuak elkartu nahi ditu; Julen, ostera, aspertuta dago kazetaria izateaz eta lana utzita, bidaiatxo bat egitea erabakitzen du, Lauaxeta lagun duela, helburu zehatzik gabe.

Lauaxeta gerra garaiko pentsamoldea azaltzen saiatuko da eta gaur egunean aldatuta dauden aspektuak birpasatuko ditu: politika, gizarte eredua, kultura, erlijioa, euskararen egoera…

Bi pertsonaia nagusien abiapuntua ezberdina da beraz: Julen Lauaxetaren antitesia da eta Lauaxeta Julenena.

Azken kapituluan, bateratu egiten dira, ostera, bi pertsonaiok: Julenek bere pentsamendua eta abertzaletasun sentimendua Lauaxetarenaren antzekoa dela dio. Ez dagoela bien artean hainbesteko ezberdintasunik. Konturatuko da, bizirik badirau ere, hilda dagoela eta Lauaxetak, ostera, hilda egonda, bizirik jarraitzen duela. Azken kapituluan konturatzen da Julen bera ere Lauaxetaren pare dela eta, beraz, lehenaren eta orainaren artean ez dagoela horrenbesteko alderik. Bizi duen pasadizoa (Zabalak eleberriratzen duena), bere bizitza ulertzeko abagunea izan dela: bere bizitzari “azken begirada” botatzeko aldartea, alegia.

Eleberriaren gaia, beraz, eta azken kapitulua arte gorputzik hartzen ez badu ere, heriotza da. Azkenean, bizirik eta hilda gaudenon artean ez dagoela alde handirik diosku Julenek. Lehengoen zein oraingoen kezkak eta zalantzak, finean, berdintsuak direla.

Gu bezalakoek, Julen eta Lauaxeta entzun, ikusi eta ukitu egiten dituztela diosku. Baina guk ezin ditugula ikusi, ukitu eta entzun; guk, euren berri dugula.

Azken unean, eta beti bezala, irakurleari idazlea desagertu egiten zaio. Oraingoan, hala ere, Zabalarenganaino heldu eta ukitu izanaren sentsazioa gelditzen zaigu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak