kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

101 gau / Txiliku / Elkarlanean, 2000

Dosi literario txikiak gauetarako Imanol Epelde / Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-18

Ez dit eman liburuak 101 gauetarako. Hiruzpalau gauetan irentsi dut guztia; arrapaladan. Hori bai, egunero atal bat irakurtzeko proposamena bete ezean, gauez irakurri ditut guztiak. Desberdinak baitira gauetako irakurraldiak: kontzentratuagoak, intimoagoak, istorioagoak.

Gelako argi nagusia itzali, mesanotxeko lanparatxoa piztu eta liburua bihurtzen da pantaila bakar. Ni eta bera, bera eta ni, hitzak zubi, ametsetik ametsera jauzika, gauaren magia lagun. Magia horretan murgilduta atonduko zituen Txilikuk bere idatziak. Gau ilunean hitzekin argi eginez: mitologietako hitzak biziberrituz, esaera zaharren su-haziak hauspotuz, animalien eta animalion pasarte bitxiak papereratuz. Pasarte bitxi eta estrainioak dakartza, bai. Bat harritzeko modukoak bai behintzat. Honelakoetan, gizadia eta izadia galdera ikur —edo harridura ikur— batean biltzen ditu gehienetan. Egunero mintzatzen gara, izan ere, ordenaz edo logikaz. Zerbait ez baldin badugu, horixe bera delako. Badakizue, gizakiaren eta naturaren jokatzeko modu esplikaezinak irakurtzean barre gogotik egiten da: geure buruez barre. Idazleak ironia baliatzen du gehienbat horretarako. Ondo baliatu ere!

Izadia iturri

Pasarte asko dira liburu honetan natura erreferentzia dutenak. Txilikuk animaliekiko eta landareekiko duen zaletasuna islatzen dutenak guztiak ere. Honela, animalia batzuk santutzeko eta besteak deabrutzeko dugun ohitura barregarri uzten du, animaliei giza balioak eranstea salatuz. Bestela nola sortzen zaigu animalia batek bere buruaz beste egin ote duen edo ez ote duen zalantza? Edo nola pentsa dezakegu animalia bat triste edo pozik dagoela, edo maiteminez hil dela?

Hitzen salda badago

Liburu honetako beste idatzi asko hitzen jatorriari buruzkoak dira. Ondo dio Txilikuk: izanak izena du jatorrian. Izenaren izana bilatzen du horretarako, etimologien mundu eder eta bitxia arakatuz. Eta salatzen du aldi berean gaur egun izenak sortzeko dugun antzutasuna. Euskara zainketa berezien gelan dugun seinale. Aspaldian dago behar adina botika noiz jasoko zain.

Eta nola dago hizkuntza gaixo bat mintzatzen duen hiztuna? Gure puritanismoa, gure gai tabuak, gure estereotipo markatuak. Ondo, oso ondo azaltzen, salatzen du gure puritanismo errotua, eta barre eginarazten du. Gurea ez dela lotsatiak izatea, hori aitzakia da arrazoia bainoago. Gurea erridikulua egiteko beldurra da, barregarri geratzekoa: lotsa baino gehiago puritanismoa izango da, beharbada, hor atzean dabilena, intimitatea gordetzeko grina, ez dakit… Ez dakit ez; badakigu.

Laztan ezazu

Liburua oso erraz irakurtzen da. 3 orritaraino luzatzen diren kontaketak daude gehienez. Hasi eta buka segituan irakurtzen diren horietakoak. Ahots gora irakurtzeko modukoak: trenean alboan duzun ezezagunari, afaloste bateko mahaikideari, amoranteari, dosi literario txikiak handi eginez. Uste dut euskaldunok horrela gozatzen dugula gehiago. Irakurketa dosi txikietan, diskurtso edo berbaldi motz eta trinkoetan. Alferregiak gara irakurketa luzeetarako. Alferkeria txartzat hartu gabe, noski. Gustuak ez baitu epairik.

Nago idatz moduarekin neurri-neurrian asmatu duela idazleak. Eta edonor gogobeteko duela 101 gau liburuarekin oheratzeak. Erantz ezazu eta laztan samurtasunez, presarik gabe. Hala erantzungo du berak ere: samur, handikeriarik gabe, maitasunez. Erridikulua egiteko beldurrik gabe.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak