kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Korte bat, mesedez / Goizalde Landabaso / Alberdania, 2000

Euskaraz, arren Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-10-07

Maddi Gaztelu, Korte bat, mesedez liburuko protagonista, Euskadi Irratiko kazetaria da. Prentsaurrekoetan esandakoak jaso eta irratiratzea da bere lana, korteak lortzea; alegia. Eta ez da hain erraza. Prentsaurreko gehienetan, ez diote euskaraz hitz egingo eta egundoko zailtasunak izango ditu albistearen berri euskaraz emango dion norbait aurkitzeko. 15 kontakizunen bidez, prentsaurreko ezberdinetan bizitako gertakizunak dakartzagu Goizaldek honakoan, edozein anekdota kontatzen duenaren antzera irri eta txantxa artean hasieran, eta euskarazko korteak lortzeko ezintasunaren aurrean suminduta eta euskaraz aritzeko eskubidearen aldarrikatzaile sutsu bukaeran.

Egiatan gertatutako kontuak edo errealitatea den bezala agertzen duen protagonistak egoerak oso era pertsonalean deskribatzeko dohaina du, eta lanbideak errazten duen lengoaia eta mundu ikuskera profitatuz, irakurlea berehala harrapatzen du. Egoera bertsuak bizi izan dituena berehala kokatzen da testuinguruan.

Maddi oso bizkorra da, eta darabilen hizkera, freskoa eta zorrotza. Kazetari konprometitua da bestalde, eta duen izaera gogorrak, bere eskubideen alde borrokatzera bultzatuko du.

Barruan badu halako deabrutxo bat, gaizki dagoela iruditzen zaionaren aurrean nola jokatu behar duen agintzen diona. Maddik deabrutxoari bide egiten dio eta, horrela, gertaeren gainetik dagoela iruditzen zaio. Horixe bere ihesbidea.

Deabruaren zorroztasuna eta jokabidea da, finean, irakurlea harrapatzen duen gakoa ere. Irakurlea, nolabait, Maddiren lekuan jartzen delako eta askotan, egitea edo esatea gustatuko litzaiokeena, deabruak berehala egiten duela ikusten duelako. Maddik, deabruari esker, irakurlearen alde ausarta eta burutsua azaleratzen du.

Irribarretik burlara

Istorioetan barrena, tonu aldaketa sakona nabari zaio Maddiri. Hasieran, gertakizun ezberdinei gatza botatzen die, anekdotak baizik ez bailiran. Baina gero, ernegatzen hasten da, kortea lortzerik ez izateaz gain, korte hori lortzea eragozten dion arrazoia, euskararen eta euskal gaien inguruan dagoen ezjakintasuna izugarria delako, eta batez ere burlatua sentitzen delako, zapaldua, erasoa eta gutxietsia. Istorioetan aurrera egin ahala, korteak lortzeko borrokan hasiko da, azkenean, albisteak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatzera helduz.

Besteen edo kazetari espainolen gainetik dagoenaren tonua hartzera heltzen da azken ipuinetan, batez ere azkenengoan, unibertsaltasunaren defentsan, ingelesez aritzen denean prentsaurreko batean.

Irakurlea irribarreka jartzen dute hasierako istorio edo anekdotek. Kontatuta ere, oso modu egokian baitaude kontatuta pasarteok. Baina liburuan sartu ahala, Landabasok sakonean jorratzen duen ideia barre egiteko anekdotak baino zerbait gehiago direla antzematen du irakurleak.

Bi mundu kontrajartzen ditu, edo errealitate beraren aurpegi bi isladatzen: espainolena batetik, eta espainolekin bizi diren edo lan egin beharra duten euskaldunena, bestetik.

Arrazoi bat edo beste dela, euskara du arazo bere lana burutzeko. Eta euskara diogu, euskararen inguruko hausnarketa delako espainolen mundu ikuskerak oraindik ulertu ez duena Maddiren aburuz. Justizia, eskubide aldarrikapena, intolerantzia, ulermena eta antzeko kontzeptuak ageri dira liburuan zehar, betiere espainolen ahotik atereak. Eta kontzeptu guzti horiekiko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu idazleak, modu xalo baten aurkezten zaizkigun istorioen bidez. Kontakizunaren formak edukia arintzen duela esan daiteke, halabeharrez, baina irakurlea berehala konturatzen da liburuak dakarkion sakoneko mezuaz.

Estralurtarra

Hasierako korteetan, Maddi bakarrik dagoela iruditzen zaigu, hau da, prentsaurrekoetan euskarazko korteak behar dituen bakarra dela: estraterrestrea (bere hitzetan). Baina “estraterrestre” kontzeptuak ere bira egiten digu liburuan zehar, Maddik aldarrikatzen, amesten eta egiten duena, besteek ez dutela ulertzen ikusten dugulako. Estralurtarrak, “besteak” direlako.

Liburuan lantzen diren gaiak, beraz, bi dira nagusiki: euskararen erabilera albistegigintzan edo prentsaurrekoetan batetik, eta euskal gaien inguruan dagoen ezjakituria bestetik. Hau da, euskal munduaz eta gaien berri ematen duten kazetari gehienek nolako ezagutza urria duten bai hizkuntzaz eta bai euskal gaiez ere.

Liburu irakurterraza da eta alaia gainera, baina korte ezberdinetan zehar ikusarazten zaigun bezala, liburu hau ere, euskaldunok bakarrik irakurtzekoa da, hots, euskaldunok bakarrik ulertzekoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak