kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Desira izoztuak / Ana Urkiza / Elkarlanean, 2000

Gerezi desiratuak Imanol Epelde / Euskaldunon Egunkaria, 2000-07-22

Bainujantzi berriak estreinatu nituen egun bero hartan. Hondartzara nindoan toaila bat sorbaldan zintzilikaturik. Udara honetako lehen hondartza eguna zen eta ospatu beharra zegoen. Antiojo beltzak, sandaliak, krema potoa, lastozko txapela…, zerbait falta zitzaidan egun pasa eder bat garantizatzeko: jateko zer edo zer. Herriko berdura-plazatik pasa nintzen gereziak erostera. Aitortu behar dut meloi galant batek tentatuta eduki ninduela, baina, azkenean, 14 gereziko dozena bat erosi nuen. Ana Urkizaren baserriko dozena bat, noski.

Toaila zabal-zabal egin eta etzan nintzen 60ko kremetan errefuxiatu ondoren. Niri begira geratu ziren gereziak eta ezin izan nion tentazioari eutsi. Bat jatea erabaki nuen, Anaren liburuko lehen ipuina irakurtzea alegia.

Lehen pertsona

Istorio apasionante bat da, lehenengo pertsona kezkatian kontatua. Denborak ahaztarazitako memoriak kontatzen dira gaztetako desira bero-beroak izozten zaizkion emakume baten ahotik. Bizitzan lerro zuzenik ez dagoen adierazgarri. Bizitzak eskainitako aukeren aukeraketak sorturiko beldurrak azaleratuz.

Olatu eta apar arteko bainuekin tartekatu nuen gerezi jana ere. Orain gerezi bat, oraintxe bainu bat, gero bi gerezi, geroxeago beste gerezi bat. Guztiek dute elkarrekin zapore bat: desira. Zapore gozoa, garratza edo gazia duten desirak.

Desirek, izan ere, aukera bat edo bestea egitera garamatzate. Hala, bide berriak urratzen ditugu uneoro gure bizitzetan. Desioak beteko balira, beraz, bidea egina legoke, akabo pasioa, plazerra, beldurra, zoriona, negarra: bizitzeko arrazoia. Beldur horrek, desirak beteko diren beldur horrek girotzen du ipuinen muina.

Desirak bi sailetan banatzen ditu bidenabar. Ezkutukoak batetik eta agerikoak bestetik. Gure desio batzuk geure golkorako gordetzen ditugulako eta besteak azaleraztea errazagoa zaigulako. Mami aldetik gehiago hunkitu naute ezkutukoek, agerikoak agerian daudelako eta ezagutzen ditugulako. Sindrome generalizatua Anaia Handiaren Aroan!

Narratzaile ezezaguna

Lehenengo pertsonan dago idatzia gehienbat ezkutuko desiren ipuin sorta. Eta oro har hirugarrenean agerikoena. Pertsonaia nagusia gizonezkoa edo emakumezkoa izan daiteke. Eta haien barne mundua azaltzen zaigu dohain handiz, egiatasunez jantzita; istorioen gisan, benetan gertatuak bailiran, gertakaria erositako prezio berean saldu nahiko balu bezala.

Ipuinak edo gereziak intentsitate berdintsuarekin jaten dira. Askok dute ezusteko bukaera halere, nahiz eta amaierarik ez duen ipuinik ere baden. Tira, bai: irakurleak ematen diona. Besteen gainetik batek sortu zidan aparteko zirrara: Ezezagunaren esku artetik izenekoa. Zapore onena utzi didan gerezia, zalantzarik gabe! Istorioa ondo eramana dago amaierara eta erremate kategorikoa ematen dio, nire ustetan. Gainontzeko ipuinak ere gustura leitzen dira bihotzondokoak dosi txikiagoetan jasoaz.

Hizkera xumea darabil gainera, lehen irakurraldian ulertzeko modukoa. Batzuetan idazketa erritmoa falta dela iruditu zait. Eta bestetan kutsu artifiziala ematen dion zenbait hitz sartzen dituela esango nuke. Beste euskalkietako hitzetara jotzen du tarteka edo oso gutxi erabiltzen diren hitzak darabiltza noiz edo noiz. Haietako hitz asko jokoz kanpo dauden ustearekin gelditzen da bat.

Ipuin gehientsuenak irakurrita itzuli nintzen hondartzatik etxera. Gorri-gorri, komunista fidelenak baino gorriago, eguzkiak erreta. Sukaldeko mahai gainean utzi nituen bi-hiru gereziak inork jan nahi bazituen. Arreba etxeratu zen geroxeago Consumer-eko poltsa bat eskuan. Gerezi gehiago ekarri zituela pentsatu nuen hasieran, zalea baita oso. Baina ez, udarako liburu denda mugikorretako batean erositako Ana Urkizaren liburua ekarri zuen.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak