kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hezur gabeko hilak / Xabier Montoia / Susa, 1999

Infernu zehatza Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-07-08

Xabier Montoia sortzaile ezinegonak, ohi duenez, beste ezusteko bat eman digu Hezur gabeko hilak honekin, aurreko liburuez guztiz bestelakoa baita, aldarteari dagokionez, egiturari, musikari, irakurlearengan eragindakoari. Oraingoz ez dirudi Gasteizko artista, obra dagoeneko oparo baten jabe bada ere, errazkeriaren eta inertziaren menpean erortzeko arriskuan denik.

Oraingoan Gerla Handira eraman gaitu, Iparraldeko milaka gaztek Frantziaren alde bizia eman zuten hartara, nahita edo beharturik. Iparraldeko herri ia guztiek gogoratzen dituzte hainbat oroitarri izugarritan gizajo haietako bakoitzaren izen-deiturak. Alta bada, soldadu euskaldun bat baino gehiago hil zuten buruzagi militar frantziarrek berek, beren aginduei muzin egiteagatik, nabari-nabaria izan arren muzina frantsesez ez jakiteak eragina zela. Hizkuntzen prestigioa ere gerlek erabakitzen baitute.

Montoiak tentu handiz zaindu du girotzea, ez da gudu abstraktuaz aritu, geurean oraindik eragin ikaragarria izaten jarraitzen duen gerla jakin baten gainean baizik. Hortaz, orduko mintzaira, solasgaiak eta erreferentziak islatu ahal izateko lan itzela egin behar izan du noski, baina ez zaio inolaz ere John Updike-k Tom Wolfe-ren azken eleberriari leporatzen diona agitu, hots, hainbeste datu eta informazio soziologiko ematen duela, hura irakurtzea maitasuna berrehun kiloko lagun batekin egitea bezalakoa baita, laguna goian; Hezur gabeko hilak hau, aitzitik, goxo eta lasai doa aitzina, berez, kirrinkarik batere gabe, bukaera harrigarriraino.

Eleberria funtsean frantsesen armadako bi soldaduren arteko elkarrizketa luzea duzu, Jean Etxegoien euskaldunaren eta David Mandel errusiarraren artekoa. Lubakietan, oihanean, mamu herri hutsetan dira mintzo, alemaniarrak menpean hartuko omen dituen Oldar Handiaren zain aurrena, eta Oldar Handi barregarri, trakets eta odoltsuaren ostean gero. Zigarretak etengabe pipatzen dituztela, izua, desertzioa, agintariak (biziki adeitsuak protagonistonak, puta zahar batzuk ezartzen dizkiete Gabonetan), herri xehearen inozokeria, maitasuna, Urriko Iraultza, Verdun, heriotza, dituzte mintzagai, besteak beste; baita iragana ere, eta gerlaz landakoa: oroz gain, andreak eta fideltasuna.

Jean Etxegoien, apeztegian ikasi poeta gazte senpertarra, bigun eta moldaerrazagoa duzu Mandel baino, eskuzabalagoa: badu ideologia bat, anarkismoa; eta Catherine emaztegaia maite du. David Mandel, hamasei urte zaharragoa, Tsar-en presondegietan edozer krudelkeria pairatua, gogorragoa da, ez du ezer barkatzen, sarkasmo etsi batek bizi du, hil berriez ere gaizki esaka dabil.

Baina lubakian ere, alemaniarren kanoi eta obusen pean, gerlak ezarri izotzaren baitan, pertsonaiak eta beren arteko harremanak ez dira finkoak, bizirik dira: bada, alde batetik, soldadu taldetik Etxegoien eta Mandelen bereizte eta bakartze prozesu bat, eta, bestetik, Etxegoieni itsatsi egiten zaizkio Mandelen ezaugarri zenbait, eta alderantziz. Trebetasun finez lortu du Montoiak pertsonaien bilakaera azpimarratze nekagarririk gabe aditzera ematea.

Solasa setiatuz, gerla bera. Haatik, gerlaz idatzi duten beste askok ez bezala, Montoiak ez dio deus ere antzematen nobletik, heroikotik, ederretik, soilik nazka, triskantza, garrasia: giza harremanetan agintekeria du ezartzen, duintasuna zapuzten, norberekeria bultzatzen, gezurra eta traizioa hedatzen. Gorputzei, gainera, nekea dakarkie, zauria, kaka, oinazea (bukatu da morfina ordea), heriotza (lagunen buruak eta besoak hegan). Labur: Gurutze Gorriko lau erizain, alemanek hil berriak, gainean zamalka soldadu frantziarrak dauzkatela, larrutan doan.

Animaliei dagokionez, Noeren ontzia hondoratzen du gerlak, bestiario ezin ankerragoa margotuz: mando eta idi hanpatuak, begi-ninia ilea bezain zuri duten ardi hilak, zerri harrek erdi janak, zaldi zatituak. Hondamendiari ez diote etekina ateratzen arkakusoek, zorriek eta arratoiek baino. Infernua irudikatzeko orduan, gerla izan du gizakiak iturri nagusi, “infernu” da Hezur gabeko hilak-en sartzeko giltza hitza.

Mundu-herriko politiko eta militarrek itxuraz polita datorren uda honetan hondartzan irakurtzeko liburu egokia da hau inondik ere, aise ahanzten baitzaie zer den kosta lain kosta saihestu behar dena.

Izan ere, ematen du gerlak garaile bakarra duela: ondoren zer kontatua izango duen idazlea. Troiak izan zuen Homero, izan zuen Akiles, izan zuen Helena. Orobat, Gerla Handiak badu dagoeneko Montoia, badu Etxegoien, badu Catherine. Hezur gabeko hilak-ek, arras geurea bada ere, kementsu erdiesten du unibertsaltasuna sufrimendua arte bilakatzeko orduan, batez ere eleberriaren amaiera gogoangarrian.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak