kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gerezi denbora / Inazio Mujika Iraola / Alberdania, 1999

Itxaropen garaiak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 2000-04-01

Gerra zibilaren hasierarekin Euskal Herrian eta Espainian itxaropen garaiak bukatu ziren. Urte batzuetarako bai behintzat. 1931. eta 1936. urteen artean Espainiak eta Euskal Herriaren zati batek II. Errepublika izeneko garaia ezagutu zuten. Urte zailak izan ziren. Urte eta hamarkada askotan atzeratuta egon ondoren, gure gizarteak denbora berriak ezagutu zituen, gerezi denborak.

Gure ikuspegitik urte haiek era eta mota askotan aztertu eta baloratu daitezke, baina lehenengo aldiz askatasunaren sentsazioa eta sentimendua gizartean piztu zela ukaezina da. Horregatik izan ziren gerezi denborak, itxaropen garaiak, edozein gauza gerta baitzitekeen, eta hala izan ere: Gerra Zibil bat ere hasi zen.

Baina garai haiei inork —ez militarrek, ez diktadorerik— ez die bizi izandako guztia kenduko. Urte zailak izan omen ziren, gogorrak, gizakiak ez baitu soilik ilusioz eta itxaropenez jaten eta edaten, eta urte haietan adimena eta irudimena aberasturik eta lehenengo aldiz aserik aurkitu baziren ez, gorputzaren beste atal batzuei ez zitzaien berdin gertatu. Eta badakigu oinarrizko beharrak ase gabe aldaketa handirik ez dela posible…

Baina ideologikoki soilik aztertzen baditugu urte haiek, benetan aberatsak izan zirela argi eta garbi dago, eta gehiago oraindik egungoekin konparatzen baditugu, globalizazio eta pentsamendu bakarretan murgildutakoak. Urte haietan gizarteak, gizakiek ametsak zituzten, ideologia desberdinetan oinarritu eta mozorrotzen zituztenak —anarkismoa, sozialismoa, komunismoa, nazionalismoa, falangismoa…— baina betiere amets, bizitzeko gogoa eta itxaropena, mundu berri bat eraikitzeko gogoa.

Inazio Mujika Iraolak amets eta itxaropen horietaz hitz egiten digu, baina ez hauek aztertuz, sorrarazten zituzten izpirituaz hitz eginez baizik, bizi goseaz. Ondorioz, nahiz eta Gerezi denbora liburuaren protagonistek ideologia jakin batean militatu, ideologiaz aldatu egingo dira beldurrik gabe —hiru alditan—, baina betiere amets berdinak jarraituz.

Liburuaren pasarte batean guzti hau adierazten duen egoera esanguratsu bat dago. Nazional eta abertzaleak su eten batean daude, eta bi aldeetako soldaduek inguruan ofizialik ez dutenez, hitz egiteko eta berriketan hasteko aprobetxatzen dute. Luis Garcia Berlangaren La Vaquilla filmean antzeko eszena bat dago, eta Agnieszka Hollanden Europa, Europa izenekoak ere gazte baten abenturak azaltzen ditu judutar, sobietar eta nazien artean II. Mundu Gerran biziz. Inazio Mujika Iraolak bere azken liburu honetan, gai honen inguruan eleberri bat idatzi du. Laburra baina mamitsua da, nahiz eta umorearen eta drama artean murgiltzen den azaleko narrazioaren itxura izan.

Akzio asko du, eta haragiz eta hezurrez osatutako pertsonaiak. Mujika Iraolaren prosa beti bezain atsegina eta ederra suertatzen da hau guztia deskribatzeko, baina oraingoan narrazioak berak du hitzak baino indar gehiago, eta hori akziozko pasarte askotan eskertzen bada ere, beste batzuetan bere ipuingintzaren prosa zoragarria faltan somatzen da.

Istorioaren aldetik, kontatzen zaigun pasartea, lehen esan dudan bezala, gerezi denbora haien isla egokia dela iruditzen zait. Liburuak dioenez, benetan gertatutakoa da. Baina liburuaren zati askotan lehen hitzarekin aipatu dugun bezala, istorioan ere faltan botatzen da sakontasun handiago bat. Bestela gerezi eta itxaropen denbora haietan oinarritutako istorio honek Iparramerikatik etortzen zaizkigun filmen antz gehiegitxoa hartzen baitu. Irakurleak du azken hitza, eta bihotzez gomendatzen diot liburuaren irakurketa bai istorioagatik baina batez ere gogoratzen dituen garai eta denborengatik. Baina gelditzen zaidan sentsazioa da liburu bikain baten aurrean baino gehiago zirriborro edo eskema baten aurrean nagoela, oso ongi ulertu gabe zein izan den idazlearen eta liburuaren helburua.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak