kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Eta emakumeari sugeak esan zion / Lourdes Oñederra / Erein, 1999

Zer esan ote zion sugeak emakumeari? Mari Jose Olaziregi / Euskaldunon Egunkaria, 2000-03-25

Mendebaldeko testurik izugarrienetakoari egindako erreferentziak ematen dio hasiera nobela honi. Sagarra janez gero, Jainkoa bezalakoak izango zirela, jakituria guztiaren jabe, agindu omen zion sugeak Evari. Ezin horrelako promesa bati ezetz esan eta ondorioak ezagunak zaizkigu: zigorra eta errua. Eta… emakumezkoaren kasuan, gizonekiko menpekotasunean bizitzera kondenatuta egotea. Pasarte gutxi izango dira aipatutakoa bezain iradokitzaileak eta horregatik, nobela honen irudi-sorburu egoki ere bihurtzen da. Baina horretan geratzen da kontua, Biblia ez baita nobela honen abiapuntu tematikoa.

Oñederraren nobela honek gizonezkoen eta emakumezkoen arteko amildegiaz, bakardadeaz, bilaketa ororen alferrikakotasunaz edo gure bizitzari zentzua ematen dioten istorio nahiz kontsignen hutsaltasunaz hitz egiten digu. Literatur lan on guztietan bezala, gure oso barrukoak diren bizikizun eta ezinegonak testuratu dizkigu narratzaileak. 100 metro nobelaren epilogo ezagunak edo Ere, Oh Euzkadi! nahiz EGUNKARIAn argitara emandako lanek egilearen lehenengo nobela hau interesgarria izango zela agintzen baziguten, nire irakurle-igurikimenak bete egin direla esanez jarraitu beharko nuke. Azkenaldian irakurri dudan nobelarik sendo eta erakargarriena iruditu zait, artifizio literario gutxikoa, baina aldi berean, forma literarioaren aldetik, trinkoa.

Hogeita hamabost urteko protagonistak, Teresak, W-ra (Vienara) egiten duen bidaia fisikoa bihurtzen da emakumezko honen barne-bidaia irudikatzeko aitzakia narratiboa. Hasieratik bertatik aipatzen zaizkigun irudi eta erreferentzietan (The four seasons-en (1986) gizakiaren adin desberdinak margotu zituen Jaspers Johns margolaria, A. Vivialdi edo F. De André-ren kanta), badakigu heriotza izan ezean, beste helmugarik ez duen bidaia baten aurrean gaudela. Baina hori bakarrik ez, urtaroen kronologia-ziklikoari eusten dion nobela honetan, hasierako atalean jakinarazten zaizkigu istorioaren klabe guztiak, baita amaiera bera ere: Teresak 10 urte darama ezkonduta (“urte gehiegi aspertuta egoteko”) eta bere nekea arindu nahian egindako bidaia honen ostean, nekatuago eta bakardade handiagoz geratuko da (17).

Eta Vienan gaudenez, mende hasieran Habsburgotarren dekadentzia bizi izan zuen hirian, ulergarria da L. Wittgenstein aipatzea. Bera izan zen adierazpide artistiko desberdinetan hedatuz zihoazen aire berritzaileak hizkuntzaren filosofiaren eremura eraman zituena. Txikitako Teresari Alegiako hiletetan izan zuen lehengo ezusteak hizkuntzak errealitatearekin duen etena erakutsi bazion, heldutasuneko Teresak badaki etengabe traizio egiten dioten hitz horietan (maitasuna, adiskidetasuna, ilusioak…) babes aurkitzera kondenatuta dagoela. Horregatik, Becketten pertsonaien antzera, “kontatu, esan, hitz egin” (133) beste irtenbiderik ez du, nahiz eta, badakien, hitzok, txikitatik bermatutako ilusioak, guztiz susmagarriak direla (L’Ere du soupçon deitu zion beste hark gure aro garaikideari).

Modu honetan, elementu horiekin guztiekin antolatuz doan nobela honek, generoen arteko mugekin, paragrafoen kokapen eta antolaketarekin, jolasten du. Kontua ez da bakarrik pertsonaia nagusiaren baitan gertatzen den bilakaera testuratzea, aldaketa hori deskribatzeko behar diren ohiko tresna narratiboak iraultzea ere bai. Hauen artean, bigarren pertsonaren erabilera edo nobelaren kronologia linealaren iraulketa aipatu beharko genituzke. Teresa da nobelaren gune nagusia, eta pertsonaia batetik bestera etengabe mugituz doan narrazio-fokoak ere harengana eramaten gaitu beti. Pertsonaien bizikizun ezkutuenak testuratuz, sentsualtasun handiz marrazten dira usain (perfumearen limoi usaina), mugimendu (eskuena), ikusmen (duralexak) edo ukimenek eragindako zirrarak.

Mendeetan zehar koadro nahiz liburuen ilustrazioetan emakumeak irudikatu diren moduan, Teresak leihotik begira ematen ditu orduak, etxearen edo oroimenen babesean gorderik. Alferrikakoa zaie nobelako pertsonaia maskulinoei harengana hurbiltzen ahalegintzea, urruti, oso urruti baitago. Eta horixe da, hain justu, nobela honen gune tematikoa osatzen duen funtsezko kontua: emakumezkoen eta gizonezkoen arteko urruntasuna, bizitzeko eta sentitzeko modu desberdintasuna, ezinulertu erabatekoa. Teresaren senar altu intelijenteak, bihotzean daraman Luisek, Imanol gazte erakargarri hark,…. Genoako hotelean lehenengoz dardarazi zuenak,… ez dute, inondik ere, ulertu-maitatu-asebete. Hasieran datorren Dire Straits-en kantan dioen moduan (“when we make love you used to cry”), zerbaitegatik egiten dute negar emakumezkoek amodioa egiten dutenean. Seguraski, Teresak dioen bezala, gizonezkoen maitasuna elastikoa dela pentsatzen dutelako, ulertezinak, ukiezinak direla somatzen dutelako. Nola adierazi kontua Belle de jour edo Le dernière metro (122) filmetako protagonistak hain ongi irudikatu ziguna oroitu gabe. Amodioa, sexua, ilusioak,… eta ziurra den gauza bakarra: heriotza. Osagai horiek guztiak ditu liburu honek,… eta protagonistaren erabaki ausarta amaieran, guztiarekin eten eta berriro hastera bultzatzen duena.

Edozein aldertitatik begiratuta ere, nobela hunkigarria idatzi digu Oñederrak. Niri dagokidanez, bigarrenaren zain geratzen naiz.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak