kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Pasaia Blues / Harkaitz Cano / Susa, 1999

Narrazioaren erritmoa Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 2000-03-18

Uste zabaldua da: Harkaitz Cano euskal literaturak duen harribitxi garrantzitsuenetakoa da. Eta haren azken lana —Pasaia Blues eleberria— irakurri ondoren, bai uste bai harribitxi hitzak aldatu behar direlakoan nago.

Harribitxi, azken lan honekin Harkaitz Canok ziurtatu egin baitu askok aspaldi pentsatzen genuena: abildade eta dohain bereziak dituela idazteko eta, bereziki, literatura egiteko. Uste hitza ere aldatu behar genuke; sei urtetan zazpi liburu idatzi ondoren guztioi garbi utzi baitigu gure literaturan gauza asko esateko dituela eta esaten hasi dela ere.

Harkaitz Canok 1994an argitaratu zuen bere lehen lana, Kea behelainopean bezala izenburuarekin. Poesia liburua zen, eta hori izan zuen gustuko generoa bere lehenengo urteetan. Geroago, Paulov-en txakurrak narrazio bilduma eta Radiobiografiak ipuin sorta heldu ziren. Bi liburuak irratiarekin lotuta zeuden, eta generoan aldaketa bazegoen ere, Canoren estiloak bere poesietatik gertu jarraitzen zuen.

Hiru lanen ondoren, Beluna Jazz eleberria eman zuen argitara. Bai berarentzako bai guretzako bere bide labur baino intentsoaren apustu arriskutsuena izan zen. Eta oraindik bere estiloa guztiz libre azaltzen ez bazen ere, liburu bikaina egin zuen Harkaitz Canok. Zati batzuetan pisutsua egiten zen. eta gehiegitan haren poeta jarrera, zoritxarrez, nabariegia azaltzen zen, baina, orokorrean, irakurlea harrapatu eta liluratzen zuen liburua izan zen.

Haren azken aurreko bi liburuak Telefono kaiolatuak eta Bizkarrean tatuaturiko mapak izan ziren. Biak ipuin bildumak, biak interesgarriak, biak irakurtzeko grina pizteko prestatuak, baina Harkaitz Canoren balio osoa erakutsi gabe. Bai, bi bildumetako ipuin batzuk zoragarriak dira, baina batez besteko maila orokorrak, txarra izan gabe, Cano hori eta gehiago egiteko gai dela adierazten zuen.

Narrazioaren estiloa

Baina orain, Pasaia Blues irakurri ondoren. guztia ulertzen da. Aurreko bi liburuak beharrezkoak zirela, batez ere estilo aldetik, Harkaitz Canok bere poesiaren hizkuntza narrazioetara moldatu behar baitzuen. Ez. ez ditu galdu bere ezaugarri nagusiak: beti bezain ongi idazten eta bere, istorio eta mundua irudikatzen jarraitzen du: baina orain, gainera, narrazioaren erritmoa eta denbora kontrolatzea lortu du. Eta horretan aurreko bi ipuin bildumak behar-beharrezkoak izan ziren.

Pasaia Blues eleberriak talde terrorista eta ertzain baten arteko harremanak kontatzen dizkigu. Beraz, genero beltzeko eleberria dugu, baina ez ohikoa, baizik Harkaitz Canok berak bakarrik dakien ukitu bereziarekin idatzia eta antolatua. Haren luma eta adimenaren ezaugarriak ditu, baina erritmo biziago batekin oraingoan, zinema eta irudi gidoilaritzaren ezaugarrietatik hartuak.

Hori segituan nabaritzen da liburuan. Hitz, metafora eta sinboloz soilik osatutako liburua baino gehiago, Harkaitz Canok oraingo honetan irudietara eta horiek sortzen dituzten erreferentzi jokoetara jo du. Gure irudimena gramatikaz asetzeaz gain, Canok oraingo honetan irudiz ere hornitzen du.

Pertsonaiak egoki eta zuzen eraiki ditu, irakurlearen grina piztuz. Akats bakarra, liburu hau maisu lan bihurtzen ez duen oztopoa, gure iritziz, istorioa bera da. Hobekiago esanez, istorioak berak planteatutakoaren garapena. Harkaitz Canok lehenengo orrialdeetan apustu garbia egiten du pertsonaia baten alde (Cesar Telleria ertzaina), baina gero baztertu eta beste bide batzuk hartzen ditu, eta istorioa bera galduan ateratzen da.

Agian, Canok bere estiloa aurkitu du. Orain istorio interesgarriak eta, batez ere, horien garapenak landu beharko ditu. Hartu duen bide horretarako, zinemaren lengoaia eta irudiak (batzuetan Euskal Herrian orain dela urte batzuk egin zen film batekiko erreferentziak zuzenegiak dira) zilegi eta egokiak dira. Haren hurrengo liburuak gogoz eta grinaz itxoingo ditugu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak