kritiken hemeroteka

6.958 kritika

Azken kritikak

« | »

Fernandoren heriotza amezketarra / Koldo Izagirre / Bertsolari, 1999

Adio errua Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-02-12

Fernando zordun da Azpeitiko alkatearengana zein markes jaunarengana, eta alkatea zorrak kitatzera datorkiola jakinda, ahozpez gelditzen da etzanda Altzo inguruan, hilda. Hor hasiko da Koldo Izagirreren liburu hau. Fernandorekin bizitakoen oroitzapenak pizten dizkie berriak lagunei eta etsaiei. Lagun bakoitzari Fernandok bere kautan erantzuten dio, kako artean, lagunarena abiapuntu gisa erabiliz berea kontatzeko, bere ikuspuntu bihurri bezain onberaz. Halatan, artzain eta meatzari bai baina batez ere bertsolari izan genuen Fernandoren heriotzaren kontakizunak bertso truke kutsua hartzen du, lagunak puntua jarri eta Fernandok ihardesten diola.

Nolanahi ere, Koldo Izagirre, Fernandoren barne askatasunaz kutsatua, libre ibili da liburua egituratzeko orduan; eguterako beilara ez doazenen berbaroak ere sartu ditu, emazte Joxeparena zein meatzari zaharrarena adibidez, nahiz pitzatu ospe sendoa zuela liburu honetan ikasi dugun Iztuetarena.

Izan ere, euskaldunok beti lotu izan dugu Fernando askatasunarekin, era nahasian ordea. Askatasuna askotarikoa baita. Koldo Izagirrek, Fernandoren bizialdiko pasarte jakin zenbait aukeratuta, eta kontakizunaren antolaera bereziarekin, Fernando askatasun unibertsalari egiten ari zaion ekarpena nabaritu du: Fernandok ez du hartzekodunik onartzen, jaio berri eta libre sentitzen du beti bere burua, errugabe. Zorrak kitatzea berriro jaiotzea baita, eta jaiotze hitzak bere baitan baitu jaia. Fernando, zorgabetzearen pozaren aldarrikaria da: amezketarra izaki, eulia, eta euliak uda dakar.

Bai baitira, ugari zoritxarrez, jende oro etengabe zordun nahiko luketen banpiroak. Hipertrofiatua izaten dute supernia. Beren izaera pelma ez du gizartean betetzen duten zereginak erabakitzen ezinbestean, baina sarri egiten dute goiti, erantzukizun ikusgarriko lanpostuei lapak bezala itsatsiz, arima gabezia larriak konpentsatu eta mozorrotzearren: jauntxoa, apaiza, eskribaua, militarra, epailea, inkisidorea, alkatea, markesa, letraua, handikia. Dena den, Fernandok ongi daki herri xeheak ere ematen dituela lantzean behin bokaziozko hartzekodun ikaralarriak, eta hauei ere ez die barkatzen. Orroka eta korroka egiten du borroka nor sentitzekotan besteak errudun behar dituenaren aurka; ederki makilatzen ditu iskilu bakar dituen hitzez eta bertsoez.

Karia honetara, adierazgarriak dira oso estatuaren zein elizaren ordezkariekin dituen kalapitak, aldarte goibelak zabaldu nahi izaten baitituzte beren bezeroen artean, kontrolagarriagoak baitira tristeak alaiak baino. Era berean dihardu gizaki molde batek, ezinduak, ezer sortzeko ezgaiak, liburuetan batez ere kontraesanak bilatzen dituen irakurleak adibidez. Ezinak, ganorazko ezer munduratu ezinak, pozoi bilakatzen die arima, eta etengabe ahalegintzen dira ingurua pozoi horrekin kutsatzen. Maizen darabilten hizkera erantzukia da. Azkarrak izaten dira usu, eta bihotz oneko lagunen izaera eta bizitza era larrian kalte dezakete. Zorra, berdintasuna, damua, bekatua, egia, errua, herria, kondena, duintasuna, berrerospena bezalako kontzeptuen bidez zabaltzen dute beren gorrotoa. Bizitzaren etsai dira, ingurukoen sormena ezin eramaneko erantzukizunez zamatuz makurrarazi eta hautsi nahi izaten dute.

Fernando zor eta erru sentimendu oro pikutara bidaltzeko tramankulu maitagarria da, herriak eta idazleek jakintsu mailara jasoa. Batere haserretu gabe aritu zen askatasunaren alde, uztarria egozteko orduan ez baita txantxa bezalakorik. Inguruan hain zabaldua dugun nork bere burua serios-seriostzat hartze ergelik gabe, ezin abilagoa izan zen erantzukigileak paretik kentzen, iaioena korromiozko mila eltxo algara itzel bakar batez uxatzen. Ederragoa dugu eguraldia, Fernando bazter hauetatik igaro ondoren.

Baina arima herriaren isla ere bada neurri batean, eta eleberri guztiek dute irakurketa politiko bat. Hara: erdi jota egon gara, zorrek itota, erantzunaren eta mendekuaren menpe, besterenganaturik. Igaro dugu ordea aldi zekena, eta orain ez dugu jadanik hartzekodunik, ez dugu zertan alboko indoeuroparren txaloen edo errieten arabera aritu, aski nobatoak baitira munduan egote kontuetan. Orain sortzea dagokigu, asmatzea, eraikitzea, amets egitea.

Fernandok, hain zuzen, amesketarra izaki, ametsen erresumakoa, ametsez eta asmamenez egiten die itzuri gogaikarrien atzaparrei. Fernando aparta da kopetilunek ezarri oztopoak adar-jotze bilakatzen, Grekoa margolariak teologoek indarrez erabilarazi zizkioten gaiak akuilu gisa baliatu zituen bezalaxe, artea eta arima askatu eta biziberritzeko. Fernandok zorabiatu egiten ditu bere hitz jolas eta zirtoekin harropuzten diren handi-mandiak, antzerki ikusgarriak antolatzen ditu herriaren aurrean, erantzukigileen benetako tamaina barregarria nabarmentzearren.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Igor Estankona

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak