kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ostiralak / Jon Arretxe / Elkarlanean, 1999

Aste egunak eta umoreak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-29

Azken urte hauetan ohikoa bihurtu da: .Durangoko azken Azokarekin Jon Arretxeren azken liburua dator. Eta oraingo honetan, gainera, aurreko azokan argitaratu zuen liburuaren jarraipenarekin aurkitzen garenez, gauzak hasieratik kontatzen hastea hobe dugula uste dut, laburki bada ere, Jon Arretxe zein dugun gogoratu ahal izateko.

Arretxe Heziketa Fisikoan lizentziatua eta Euskal Filologian doktorea dugu. Horrez gain —eta batez ere—, abenturazale neka ezin, hizlari eta idazle ere badugu. Ondorioz, urte gutxitan obra zabala osatu du (Tubatu, Tuparen seme-alabak, Hakuna Matata, Urrezko Triangelua, Harresi Handirantz edota Oroituz). Haurrentzako kontakizun, ipuin bilduma, bidaia kronika eta eleberriak eman ditu orain artean. Baina bere obraren jeneroetan aniztasuna nagusi izan bada ere, bere liburuen ardatz nagusia bizi izan dituen bidaiak eta abenturak izan dira nagusiki.

Ibilbide horretatik jarraitu izan balu, iruzkin honetako sarrera motzagoa izango zen, baina orain idatzi duen liburuak aurrekoekin harreman gehiegirik ez duenez, Arretxeren nondik norakoak gogoratzea beharrezkoa da.

Ostegun eta ostiralak

Eta noski, behin aurrekariak aipatzen hasita, bere azken aurreko liburua aipatu behar da, Ostegunak ipuin bilduma arrakastatsua, gaur aurkezten dugun Ostiralak ipuin bilduma aurreko lan horren jarraipena baita. Eta jarraipen hitza zentzu zehatzenean ulertu behar dugu, bai onerako bai txarrerako.

Printzipioz, Ostiralak liburuaren planteamenduak ez du aurreko liburuaren kopia bat izan nahi. Hau da, pertsonaiak eta istorioak aldatu egiten dira. Oraingo honetan ez daude aurreko liburuan azaltzen ziren gazte eta ikasle haiek, asteburuetan etxera itzuli aurretik poteoan, parrandan eta ligatzeko ahaleginetan aritzen zirenak.

Honako liburu berri honetan, Ostegunak-en azaltzen ziren gazte haiek ikasle garaia gainditu eta beren bizitza berrietan bizipen berriekin hasiko dira —edota hasi behar dira—. Hori bai, parranda gogorik ez dute galdu eta horretarako eguna aldatu egin dute, ostegunetan beharrean ostiraletan mugituz. Hau da liburuaren ardatza eta mami nagusia.

Giro eta egoera berri hori aurkezteko, Arretxek bere liburuan sei ipuin bildu ditu: Estalkia, E.S.M.K., Aitorren erabakia, Kolakaoa, Bekadunak eta Valeriren azken ostirala,.eta aurreko ipuin bilduman liezala, oraingoan ere umorea da ezaugarri nabarmenena. Arretxek bere aurreko lanetan —bidaia eta abenturaren inguruan iditzitakoak— ezkuturik soilik erakutsi zigun umorea hemen nabarmenki azaltzen baita oraingoan ere.

Baina Ostegunak ipuin bildumarekin alderatuz gero, aipatu egun aldaketa da Arretxeren azken liburu honetan azaltzen den berritasun bakarrenetakoa, beste guztia oso antzekoa baita, bai erabiltzen den umorearengatik (axolagabea, zoro, beltz eta krudela) bai hizkuntza erraza eta zuzenagatik, liburua ongi pasatzeko burututa baitago.

Eta arazoa ez dago azken ezaugarri honetan. Hots, liburua ongi pasatzeko pentsatuta, prestatuta eta idatzita dago zorionez. Arazoa hori guzti aurreko lanean eskaini izana da nire usiez. Eta ez diot Arretxeri eskatzen Ostiralak liburuan azterketa soziologiko bat egitea; baina bere pertsonaiak eta istorioen nondik-norakoak desberdinak izango zirelakoan nengoen.

Eta hau guztia ez dut amorruz idazten, penaz baizik, tristurarekin. Arretxeren asmoa bikaina baitzen eta guztia horretan geratu da, hau da, asmoetan. Ostegunak eta Ostiralak liburuen artean ez dago alde handirik eta horrek goibel utzi nau. Eta nire galdera honako hau da: hurrengo proiektua Larunbatak ipuin bilduma bada, bere pertsonaiek eta istorioak berdinak izaten jarraituko al dute?

Oraingo honetan ez dut Arretxek erabiltzen duen umore motaz luzaz hitz egingo. Ostegunak liburuaren iruzkinean aipatu nuen ez nuela oso gogoko, bortitza eta gordinegia iruditzen zitzaidala. Baina oraingo honetan ez dut uste arazoa umorean datzanik, ezta planteamenduan ere, baizik aukeratutako pertsonaiak eta istorioetan batez ere, ez baita egon aldaketarik.

Eta honen guztiaren adibiderik hoberena liburuari sarrera ematen dion Estalkia ipuinean dago, ez baitut uste kasualitate hutsa denik, nire iritziz bederen, liburuko ipuinik onena izatea.

Hala ere, beti bezala, irakurle bakoitzak du bere irakurketen inguruko azken hitza.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak