kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Eta emakumeari sugeak esan zion / Lourdes Oñederra / Erein, 1999

Bakardadea lagun Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-15

Minmin handia piztu du azken Durangoko Liburu eta Disko Azokan Lourdes Oñederra donostiarraren lehen eleberriak. Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro liburuaren epilogotik ezagutuko dute batzuek; Ere eta Oh, Euskadi aldizkarietan argitaratutako artikuluetatik bestek; eta egunkari honetan bertan zutabegile gisa egin izan dituen lanengatik beste zenbaitek. Guztiotan erakutsi izan duen idazkera erraz eta txukunaren zantzoak aurki daitezke Eta emakumeari sugeak esan zion honetan. Baliabide literario moduan erabili du, gainera, oraingoan behartu gabeko etorri hori, harantzago eramanez hitz jarioaren iturria, protagonista nagusiaren (Teresa) pentsamenduak ahalik eta modu natural eta egiazkoagoan eskaini ahal izateko irakurleari.

Eta badu garrantzia Teresaren pentsamenduak ahalik eta modu egokienean agertzeak, horixe baita liburu honen funtsa: Teresaren pentsamenduak Euskal Herritik Europa erdialdeko hiriburu ezezagun batera senarrarekin bolada batez bizitzera joateak izango dituen bihurgune, moldaketa eta argialdiak agertzea. Hirugarren pertsonan idatzia dago narrazioa nagusiki, baina sarritan ikusiko du irakurleak hirugarren pertsona hori Teresaren barne pentsamenduarekin bat datorrela, halako sinbiosi prozesu baten bitartez. Noski, lehenago aipatu hitz jario bizia beharrezko bihurgune eta tempoen menpe mantentzen asmatzeak garrantzi berezia hartzen du barne hizketa tankerako kontaketa errepikakorra eta interesik gabea bilaka ez dadin.

Jostunaren lana

Azken finean, pertsona jakin batek egunean zehar bere buruarekin eta inguruarekin pentsamenduz izan ditzakeen elkarrizketa isiletako batzuk agertzen dizkigu Oñederrak, eta horrek ez du hizkera kargaturik onartzen, pedantekerian ez erortzearren. Narrazioaren pultsu bizkorrak plano aldaketak jostun gisa harilkatzera behartu du idazlea, eta ez da makal ibili.

Esan dugu jada bidaia fisiko bat dela Oñederraren eleberriaren abiapuntua. Baina protagonistak baditu laguntzaileak bidaia horretan: haren senar Andres, profesionalki eta sozialki garailetzat jo dezakegun gizona; eta Luis, aspaldiko lagun min eta maitea, atzerrian unibertsitate irakasle dena eta bere etxean Donostiatik datorren bikotea hartuko duena. Bi gizon horiek Teresari eragiten dizkioten sentimendu eta sentsazioak agertzen dizkigu idazleak, eta sentimendu eta sentsazio horiek iraganean izandako beste batzuk pertsonaiari gogora nola dakarzkion planteatzen.

Bizitza baten zikloa da azken finean agertzen zaiguna, bizitza askorena izan daitekeena. Xalotasuna, minak eragindako gogortasuna, gogortasunak eragindako minak, minak gainditzen hasteko beharrezkoa den barne ezagutza eta onarpena: bakardadearen ezinbestekotasuna. Eta ziklo hori liburuan hedatu ahal izateko, urtaroen zikloa hartu du oinarri Oñederrak. Udazkena, Negua, Udaberria eta Uda. Sasoi horien erritmoan joango dira Teresaren pentsamendu eta barne bilakaera. Eta sasoi horien barruan, egunak, orduak, minutuak… Kanpo denbora barne denborarekin alderatzen da, kanpoko mezuak oroimenean gordeekin alderatzen diren bezalaxe. Haurtzaroa, gaztaroa, heldutasuna… Zikloak nekea ere eragiten du. Bai behintzat Teresarengan. Ezin du idatzi ere egin ia, nahiz eta bizileku berrian egitekoen artean artikulu batzuk idaztea pentsatua izan. Sormenaren iturria agortua du, antzu, bere gorputza bezala, ez baitu hilerokorik ere izaten jada.

Bakardadea

Antzutasun fisiko eta mentala sortzen zaio Teresari bizitzaren nekearen nekez, eta inork ez dio lagunduko, ezta gertukoenek ere. Egia esan, inork ezin dio lagundu. Depresioaren hari gainean abiatua da.

Barne mundu bat azaltzen digu, beraz, Oñederrak liburu honetan. Ez da gai berria. Bai, ordea, idazle berria, eta eskertzen da, maisulanik eskaini gabe ere zintzotasunez beteriko lana eman digulako.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak