kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Arrainak ura baino / Hasier Etxeberria / Kutxa Fundazioa, 1999

Amodioak, gorrotoak eta beste kontu batzuk Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-16

Hasieratik onartu behar dut. Hasier Etxeberriarekin dudan harreman literarioa muturretakoa da, amodioz eta gorrotoz inguratu eta hornitua. Hots, berak idatzi eta egiten dituen gauzekin ez naiz inoiz erdibidean gelditzen, asko gustatzen zaizkit edota ezer ez. Oraingoan ere, berdin sentitu eta pasatu zait, baina aldi honetan lan berberarekin bi sentimendu kontrajarrien zirrara elkarrekin bizitu ditut. Bi baten prezioan, hasteko ez dago gaizki.

Hasier Etxeberriaren azken lanak Arrainak ura baino izenburu misterioso eta erakargarria du. Eleberri bat da eta 1998. urteko Irun Hiria Literatur Saria irabazi zuen; eta liburua orain dela hilabete gutxi argitaratu zuten.

Liburuaren gaia, hari nagusia, amodioa da. Liburuaren protagonista emakume batekin maitemindu eta berarekin bizitzen hasiko da. Hasiera batean, arazo larririk gabe. Baina neskaren maitasuna bereganatzea obsesio bihurtuko du eta, ondorioz, bere omenez, bihotzari darion harenganako sua eta grina erakustearren, ekintza gogor eta bortitz bat egingo du, atentatu bat…

Gaia erakargarria da, eta gehiago oraindik liburua irakurtzen hasten garenean eta Etxeberriak kontakizuna atzetik aurrera antolatzen duela konturatzen garenean. Ondorioz, erakargarriaz gain, planteamendua ausarta ere bada, honelako antolamenduetan irakurlearen arreta mantentzea zailago baita. Gainera, atentatua, ekintza militarrak gure herri honetan konnotazio berezia hartzen duenez, apustua ausarta da eta morbo ukitu bat gehitzen dio narrazioari. Baina istorioaren aurkezpenaren ondoren, kontakizuna jatorritik hasten denean, liburuaren argudioak sortutako itxaropen eta gogoak behera egiten dute. Hasier Etxeberriak aurkezten dizkigun pertsonaiek ez dute istorioak duen erakargarritasuna. Pertsonaia nagusia ezaugarri bereziekin hornitzen badu ere, zaila egiten zaigu geroago egingo duen ekintzaren protagonista bezala ikustea edota irudikatzea. Neskarekin antzera gertatzen zaigu; oraingoan indefinizfoa bere ezaugarri nagusia bada ere.

Baina akats nagusia, pertsonaietan baino gehiago, istorioan bertan dago. Hasieran kontatuko zaigunaren zain eta adi jartzen baitzaigu eta gero konturatzen gara bukaeraino heltzeko bidea motza, laburra eta interesik gabekoa dela. Ondorioz, itxaropenek behera egiten dute, eta literatura ona bukaera aldera soilik azaltzen da berriro ere.

Baina orduan zergatik heldu gara bukaeraraino eta liburua atal honetara ekarri? Etxeberriak gauzak kontatzeko duen maisutasunagatik. Nahiz eta istorioak gehiagorako ez eman eta pertsonaiak landu gabe egon, Hasier Etxeberriaren hitzek, esaldiek, joskerak, umoreak, ironiak, gazi-gozo sentsazioak eta zirrarak aurrea hartzen diote beste guztiari eta liburuaren bukaeraraino heltzen laguntzen digu.

Karramarroaren aztarnak izan zen bere azken liburua, ipuin bilduma bat. Bertan, hemen bezala, ironia eta umorea ziren nagusi, baina, aurreko lan horretan surrealismoa eta Hegoamerikako literatura baldin baziren lanari ukitu berezia ematen ziotenak, oraingo honetan antzematen da Etxeberriaren pentsamenduan surrealismoa baino gehiago jarrera dadaistak nagusi izan direla. Aurreko misteriozko kutsuarekin baino bat-bateko sorpresa eta jarrera bortitzekin jokatu baitu.

Marcel Duchampek berak —dadaismoaren protagonistetako bat eta egungo artean eragin gehien izan duen artistak— obra laburrak eta zuzenak maitatzen omen zituen, nahiz eta gero lan berarekin urteak egon. Hasier Etxeberriaren kasuan, eleberri honek estilo aldetik bere aurreko ipuin bilduman lekurik ez bazuen ere —bilakaera baitago—, ipuinen generoa eta orri kopurua hobekiago etorriko zitzaizkion. Horra hor nire amodio eta gorrotoen zergatiak, istorioaren protagonistari gertatzen zaion bezala.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak