kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Amodio zoroak / Joxe Belmonte F. de Larrinoa / Elkarlanean, 1999

Amodioa eta amodioak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-06-19

Joxe Belmonte F. de Larrinoa-K gure artean liburu bakarra argitaratu badu ere —Ez dira ilunak eleberria—, azkenaldi honetan euskal literaturaren unibertso txiki honetan ezagun dugu. Eta hasierako urteetan eleberria landu bazuen ere, egun ipuingintzan egindako lanagatik da aipagai, ez edonola gainera, azken urteotan bere ipuinekin irabazi dituen sarien artean Imajina ezazu Euskadi, Donostia Hiria eta Gabriel Aresti nabarmendu behar baitira.

Amodio zoroak-en urteotan idatzi dituen ipuinak biltzen dira. Batzuk sariak irabazitakoak dira, beste batzuk ez. Ipuin bilduma honen gaia ez baita ipuin saridunak biltzea, amodioa ardatz duten hamaika istoriorekin ipuin sorta ederra eskaintzea baizik. Ederra eta bikaina.

Baina eder hitza erabiltzen dugunean, ez dezala inork pentsa istorio hauetan amodiozko ipuin politak aurkituko dituenik. Joxe Belmonte F. de Larrinoaren istorioak umorez beterik daude baina garratzak dira, gogorrak eta zuzenak. Pasioz eta suz gainezka dauden ipuinak dira, baina era berean baita hotz eta gupidagabeak ere.

Istorioetako pertsonaiek lehen pertsonan hitz egiten digute gehienetan, euren psikologian eta barne sentimenduetan murgilduz. Kontatzen zaizkigun amodio istorioak beltzak dira, obsesioz josiak, sexua modu patologikoan biziz, eta beti ukitu erotikoekin tartekatuz. Grinak nabariak dira, baina inoiz ez espresuki, zuzenki adieraziz, zeharkako bideak erabiliz baizik, azpikojoa estilo bihurtuz, genero beltzean ohi den bezala. Bide honetatik, liburuak idazle estatu batuar askok jorratutako ildoa gogorarazten digu Joxe Belmonteren lanak. Baina baita Katalunian genero horren inguruan azken urteotan egindako lan bikainak ere. Guztietatik ikasi du Belmontek, baina era berean bere estiloa ere landu du, aipatutako ezaugarriekin.

Haien artean, orain arte aipatu ez dugun batek piztu digu interesa bereziki. Hots, Belmonteren ipuinek ukitu zinematografiko bat dute, genero beltzak zineman egin dituen maisulan batzuei erreferentzia eginez (konposaketan, eszenatokietan, detaileetan, e.a.), baina, era berean, Belmonteren idazteko modua oso literarioa da. Azkenaldi honetan zoritxarrez hain ohiko den ukitu zinematografikoak ez ditu irudiz osatutako istorio sinple bihurtu ipuin hauek. Belmontek jakin du literatura egiten berak dituen errekurtsoak eta lengoaia erabiliz.

Hala ere, ipuinak ez dira perfektuak, liburu honetan biltzen direnen artean desberdintasunak eta gorabeherak daude. Gure iritziz hamaiketatik guztiek maila ona badute ere, bi nabarmentzen dira bereziki: Amodio satelite digitala eta Amodio sasoian. Horietan Joxe Belmontek benetan lortzen du istorio egokia aurkitzea, ipuina ondo antolatzea, zorrotz idaztea, egoki garatzea eta bukaera bikainarekin amaitutzat ematea. Besteetan, aurreneko pausoak egokiak edo interesgarriak badira ere (istorioa, pertsonaiak, idazkera, garapena…), azken zatiak batzuetan behera egiten du, hasierako itxaropenak, neurri batean, zapuztuz.

Duela gutxi irakurri dudan liburu batean, zinema ikertzaile batzuek filmetan hogei istorio orijinal soilik daudela aldarrikatzen dute. Hau da, beti antzeko istorioak kontatzen direla; aldaketak istorioa kontatzeko moduan omen daude. Beste batzuek diote Shakespearez geroztik ez dela ezer berririk asmatu, eta egun bizirik balego aberatsa izango litzatekeela filmetan lapurtu dizkioten ideia ugariengatik. Liburu honetan Joxe Belmontek berriro ere garbi utzi digu gaiak baino gehiago istorioak eta kontatzeko moduak daudela.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak