kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Agirre zaharraren kartzelaldi berriak / Koldo Izagirre / Elkarlanean, 1999

Aita etsai Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 1999-06-05

Munduko xuxenak, ortografikoak eta hankabikoak, zapartatzeko eleberria duzu hau, aitaren aurkako gudu tresna. Ez bakarrik psikologo, epaile eta agintari espainolen aurkakoa: Metxak pikutara bidaltzen du orobat euskal presoen kolektiboaren abokatu posibilista, pikutara pedagogia, tentua, kalkulua. Gainera, ez da batere fio bera kidetzat har lezakeen taldeaz, taldexken gozotasun ustelak egotzi egiten du, edo berak egiten dio ihes, espetxez espetxe labea sutan jartzen jarraitzeko.

Metxaren eginkizuna gorrira gorreria duen gizartea izorramenduan aurreratuz sendatu eta duintzea da, homeopata baita. Bere nortasuna oso zehatza da, guztiok ezagutu dugu Casablanca baserriko seme gaztearen tankerakorik, baina aldi berean historia askatasunerantz mugiarazten duen indar kosmikoaren hezurmamitzea ere bada, Bakunin-Txirrita zaharberritua, historiak eta gizarteak bazterturikoen maitalea. Ez horratik naturak irainduena, ez da Asisko Frantziskoren leinukoa (“hobe du Jainko delako horrek, existitu gabe”, dio Metxak: “Argibide latzak eman beharko lizkidake!”), baizik emagaldu, jipoitu, gaizkile eta drogazaleena, psikopata bilakaturiko Pessoa txolinarena (“unibertso osoa da ziega bat, eta preso egoteak ez du zer ikusirik ziegaren tamainaz”), guardia zibil baten alargunarena: Carmen Lopez Lekunberrin alargundu zuten, baina abegi egiten dio Metxa halaber gazterik alargunduari. Eta Carmen Lopezenean euskal borrokalari askok Espainiako herri xehean bilatzen duena gertatzen da: agirretarren borroka ezagutzearekin batera ulertu egiten baitu, hedabide gezurtien gainetik eta mendekuaren azpitik (mendeku gosea gainditzeko artea da Metxarentzat politika).

Zaila izango da noski hedabideok kutsaturiko gogoak argitzea. Baina lanbide horretan hamaika prediku sumindu baino eragingarriagoa da Carmen eta Metxaren artekoaren bertsio ofiziala, zortzi lerrotan emana, irri eraginez erakartzen baitu.

Ezker abertzalean politika poetikoa nagusi izan den garaiari agur eta ohore egin dio nolabait hemen Koldo Izagirrek. Orain politiko pedagogoa dago boladan, bikaina ziurrenik politiko gisa; baina literatura usteldu egiten dio irakurlea gogoan lar izateak. Izagirrerenean sartu nahi badu, irakurleak joan beharko du bertara; pedagogoa, berriz, zuregana dator, baita eskatzen ez diozunean ere.

Eleberri hau euskal narratiban berezi egiten duen ezaugarria paralelotasuna da. Bihotz bi, Hamaika pauso, Otto Pette, Tigre ehizan, Ur uherrak, Gizona bere bakardadean, Sara, eta Zeru horiek-en historia eta bizitzaren arteko dualismoa dago: bizitza ona da, historia txarra, historia berez da ilaurgile, bizipozaren eragozpen, eta abar. Izagirrek bakarrik ikusten ditu bizitza eta historia osotasun trinko legez. Historiak zeharo bereganatua du Metxaren bizitza. Aipatu maisulanetan, zenbat ahantziago eta ahulago historia, hainbat bizkor eta pozkorrago bizitza; eta, historia ageri delarik, bizitza hautsi egiten da. Izagirreren paralelotasunaren arabera, aitzitik, aldi berean pozpuzten edo ahitzen dira bizitza eta historia. Nolanahi ere, ETAren su-etenak dualismo hura aldarazi egingo du apika.

Ezin konta ahala dohainek hornitzen dute klasiko bizigarri hau, baina Metxa ostika oldartuko litzaidake laudoriak pilatzen hasiko banintz. Hala ere, ezin azpimarratu gabe utzi hitz jolas, kopla tartekatze, kakotxik ezak, eta abar, kontakizunaren onuran datozela beti, ez direla txapliguak.

Metxa eta Beñatena da harremanik hunkigarriena, aita zentzudunaren gainetik jauzi eginez gauzatua, noski. Beñatek Metxa aitontxikiari bidaltzen dizkion gutunetan Espainiako erregearen zigilua buruz beheiti jartzen du; jaulierren kexari erantzunez, zigiluetan artaburu bat para dezaten proposatzen du Metxak, gertu beti arazoei konponbideak bilatzeko. Edo Cervantesen aurpegia. Cervantes jarriz gero zigiluetan, buruz goiti ibiliko lirateke euskaldunen gutunetan.

Izagirreren eleberrian gizakiak dira nagusi; baina bigarren pertsonaiarik garrantzitsuena gauza bat da, giderrik gabeko koilara, zulogintza ahalbidetzen baitu, eta hortaz ametsa. Koilara ispilua da, buruz beheiti itzultzen dizu burua. Eta nobela hau Metxaren ametsen kronika duzu: ispiluaren bestaldean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak