kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Teknikaren meditazioa / Joxe Azurmendi / Kutxa, 1998

Zelan erantzun teknikaren mehatxuari Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-08

Geure garaia astintzen duen krisiak bultzaturik, Joxe Azurmendik teknikaren gaineko gogoetarik garrantzitsuenak aurkeztu eta eztabaidatu egin dizkigu, batez ere Heidegger, Karlos Santamaria eta Felix Duquerenak, baina zen maixuen eran, meditazio berriren bat emendatu gabe. Liburua oso da egokia bigarren hezkuntzako “Zientzia, teknika eta gizartea” ikasgaiaren irakasleentzat.

Izan ere, pasarte gogoangarriz eta umore tragikomikoz mukuru beterik dator: Musilen istripu “teknikoaren” iruzkina, betiko zurezko zubiaren eta zentral hidroelektrikoaren arteko aldea, spray bat erabiltzea arazo kosmiko bilakatua, haurraren “aita, zer iragartzen du han goian ilargiak?”, gudu molde berriak —mende honetako gerretan hiliko militar eta zibilen kopuruen alderantzikatzea kontuan harturik, gerran ez hiltzeko erarik ziurrena soldadu ibiltzea da honezkero…

Krisiaren alde bat, teknikak kontrolpetik ihes egin izanak eragiten digun ikara da: aspaldi handian teknikaren alde lilluragarriari eta praktikoari —robotak morrontza desagerraraz lezake—, mehatxu eta arrisku sentimendua nagusitu egin zaie. Baina kinkarik larrienean ageri ohi da salbabidea.

Izua ez du soilik teknikak edozein txorori mundu osoa kolpe bakar batez suntsitzeko eman diezaiokeen aukerak eragiten, baizik teknikak gogoeta zapartatzeko duen ahalmenak, eta gizakia inguru hurbiletik erauztekoak: hedabideen edo interneten aurrean, eperik laburrenean tokirik urrutienera heltzeaz batera, laguna, urtaroak, bizitza, gorputza, sentimenduak, hausnarra, arrotz bilakatzen zaizkigu.

Bestalde, antzinako makina eta gaur egungoa, naturarekiko harremanari dagokionez, funtsean dira desberdinak: antzinako zurezko zubiak ibaia bakean uzten zuen bere betiko ibilian; egungo zentral hidroelektrikoak kitzikatu, aldarazi, erauzi egiten ditu ura eta natura, energia sor dezaten behartuz. Aristotelenean abiatu baina batez ere XVII. mendetik goiti nabaritu den dagoena kalkuluaren bidez menperatu, erabili eta etekina atera beharrekotzat hartzeak, natura gordeleku ustiagarri gisa ikustea “natural” bilakarazi digu. Horrela, pentsamolde kalkulatzailea erabat nagusitu da geure aroaz; meditazioak alde egin digu. Eta kalkulua, Estatua legetxe, berez da menperatzailea, uniformizatzailea, hotza. Baina, esan bezala, atakarik latzenean hasten ohi gara irtenbidea igartzen: badago natura, gizakia, herriak, bizia, diferentziak, mendean hartu, batu eta lehenbailehen mozkin bihurtu beharrean, bakean libre uzten dituen eta abegi egiten dien jarrera bat.

Egia da Joxe Azurmendik teknikaren arazoari soluziorik ez diola bilatu dioela. Soluzioek liluratzen gaituzten inuzenteok ordea atseginez ezagutu ditugu liburuan barrena Santamariaren eta Heideggeren salbabideak: teknikaren zemaiei poesiaz —adieraz dezala poetak santutasuna, munduaren ilunean—, heziera berriaz, jakinduriaz abegi egitea. Gainera, Joxe Azurmendik gogoeta hori egiteak berak teknikaren aurreko jarrera zuzena zein den erakusten digu —zenbaitetan gehiago begiratu behar baitzaio pentsatzaile handiaren eginari esanari baino.

Zegamarrak teknika baliatu egin du, jakina, ordenadorea-eta, liburua idazteko, baina distantzia gordez, arima ostu eta hustu diezaion eragotziz. Teknikak hipnotizaturikoak ezin du teknikaz hausnartu, ezin baitu tramankuluari tentelki tinki behatu baizik. Azurmendik, berriz, patxadaz erabili du teknika, bere zerbitzuan.

Bestalde, teknikaren zentzuaz pentsatu du Azurmendik, soilik gogoetaren aurrean zabal daitekeen zentzua gordetzen baitu teknikak ezkutuan. Enigmatikoa eta sekretua baita zentzu hori: erdikusten hasten garelarik, ihes egiten digu. Meditatuz saiatu da Azurmendi teknikaren enigma argitzen.

Azurmendiren jarrerari esker, traste teknikoen aurreko patxadari eta enigmara zabalduriko arimari esker alegia, poesiak, meditazioak, jakinduriak bizirik iraun lezake, mundu teknikoan berean baina babesturik. Halaz ere, jarrera hori ez zaigu eginik ematen, zerutik erorita. Gogoetaren ahalegina behar du, hedatuko bada, eta hari atxikiz gero aro teknikoaren muinera daroan eta berau zeharkatzen duen bidea apaila genezake.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak