kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hautsa eta maitemina / Joan Mari Irigoien / Elkarlanean, 1998

Figuraziotik abstrakziora Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-01

Artearen historiaz hitz egiten dugunean, nahitaez, eta egun oraindik gehiago, estiloaz hitz egiten dugu. Artearen historiaren inguruko irakurketa desberdinak egin daitezke, baina guztietatik egokiena artea kultura zabalago baten barnean txertatzen duena da. Artea, azken finean, beste edozein adierazpen kultural bezala baita, gizarte bati lotua dago, eta, ondorioz, gizakiari eta bere bilakaerari.

Eta bai gizakiak bai gizarteak azken mende, belaunaldi, hamarkada, urteetan sekulako aldaketak jasan dituela garbi dago. Eta oraindik esanguratsuagoa da aztertzea nola aldaketa hauetatik gogorrenak, erradikalenak, laster bukatu behar den azken mende honetan izan dira.

Kulturak bere esparruaren barnean aldaketa guzti hauek ere isladatu ditu, bere adierazpen desberdin guztiaz. Baina seguraski era bortitzenean, erradikalenean, artea eta, zuzenki, pintura izan da borroka eta aldaketa hauek hobekien eta garbiro jasan dituena, horretarako pinturak dituen abantailengatik. Azken mende honetako pinturak, orokorrean, aldaketa handiak ezagutu ditu. Estilo eta korronte desberdinak egon dira, ugariak eta desberdinak, eta guztiek izan duten amankomunezko elementu bakarra zera izan da: denbora gutxi mantendu dira, berehala mugimendu berri bat azaldu eta ordura arte berria zena zaharra bihurtu da. Hau ez da soilik artean gertatzen, beste adierazpen kulturaletan ere, eta egun gero eta maizago.

Baina mugimendu, korronte eta estilo guztien artean badago bat sortu zenetik mantendu dena, aldaketa askorekin eta haize berriei gehienetan jaramon eginez, baina bere berezitasunak ere mantenduz: bere izena abstrakzioa da.

Abstrakzioa azaldu baino lehenagoko pintura figuratiboa zen, hau da, margotzen zena errealitatean zeuden elementuekin identifikatzen zen, gero esanahia beste kontu bat zen, baina margotzen zena errealitatean zegoen, figuratiboa zen. Abstrakzioarekin, bestalde, errealitatea baztertu eta margotzen hasi zena —puntu, lerro, plano, irudi, forma, hutsune, kolore— irudimena, izpiritutik zuzenean ateratako emaitza zen, abstraktua.

Abstrakzioa poesian

Joan Mari Irigoien gure artean nahikoa ezaguna bada ere bere eleberriengatik, ez da hainbeste poesian burutu dituen liburuengatik, eta idatzi eta argitaratu bat baino gehiago egin ditu, eta ez soilik helduentzat, baita haurrentzat ere. Lehenengoen artean Hutsetik esperantzara eta Denborak ez zuen nora nabarmendu behar dira; bigarren taldean Metak eta kometak aipagarriena dela iruditzen zait.

Eta zergatik aurreko hitz guztiak figurazio eta abstrakzioaren inguruan? Irigoienen poesiak Hutsetik esperantzara liburutik Hautsa eta maitemina arte, eta Metak eta kometak-tik igaroz, antzeko ibilaldia egin baitu, figuraziotik abstrakziora. Noski, literaturan mende honetan zehar aldaketa sakonak egon dira, baina abstrakzioaren muga eta eremuetara hurbildu direnak ez dira hainbeste izan. Gure artean Joan Mari Irigoien horietako bat izan da, eta bere azken poesia bilduma honetan horrela erakusten digu.

Irigoienen poesiak lirikotasunez beterik daude, zeharo musikalak dira, eta askotan hitzez baino gehiago kolorez, formaz, doinuz osatutako poesiak direla dirudite. Errealitatea eta esanahia baztertuz, sentimendu eta sentsazioengatik apustu egiten du. Askotan surrealismoan ere murgilduz, hizkiak nahastuz, gauza bitxiak batuz, umorea erabiliz, e.a.

Pinturan abstrakzioarekin gertatzen den bezala, poesian ere estilo eta forma hauen balorazioa bakoitzaren irizpidean gelditzen da. Hala ere, pinturan figurazioaren lege eta arauekin abstrakzioa ulertu ezin dugun bezala, poesian ere berdin gertatzen da. “Azken orduko isilak/ geriza damaigu. Heldu da atsedena/ Bildu gaitu kiribilak/ den guztia da ez dena/ hutsune bat, hitzik gabeko poema”

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak