« Epopeia albaniarra | Etsipena dela-eta »
Camembert helburu / Jon Alonso / Susa, 1998
Nork esan du artea aspergarria dela? Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-01-30
Jon Alonsok, aski ezaguna baldin bada ere gure literaturaren eta kulturaren mundu murriztuan, ez du oraindik obra oparorik. Harritzekoa bada ere, orain artean bi lan soilik argitaratu ditu: Idiaren eraman handia (1995) saiakera —Euskaltzaindia-BBK saria jaso zuen— eta urte berean Susaren eskutik argitaratutako Katebegi galdua eleberria. Oraingoan ere, hizpide dugun lan berria Susak plazaratu du.
Jon Alonsoren azken lan hau ez da saiakera klasiko bat, bai estiloz eta bai egituraz zeharo desberdina den beste zerbait baizik: eleberriz mozorrotu den saiakera. Edo hobeto azaltzeko asmotan, azken liburu honetan Jon Alonsok bere aurreko bi lanak bildu eta nahastu ditu. Batetik, gai baten inguruko saiakera dugu eta, bestetik, Katebegi galdua-n bezala, intriga eta misteriozko film baten antzera eraikitako eleberri baten aurrean gaude, pertsonaia bat eta elkarrizketa bizi eta erritmo azkarra duena.
Gaia zein den? Orokorrean artea, baina zuzenki, liburuaren azpitituluak dioen bezala, Toulouse-Lautrec mende bat geroago du Jon Alonsok liburuan hizpide.
Toulouse-Lautrecen azterketa
Toulouse-Lautrec XIX. mende bukaerako pintore frantsesa izan zen. Artearen historian bere ospea eta garrantzia postinpresionismoa izeneko higikundearen barnean sailkatua izan delako irabazi du. Higikunde horretan Toulouse-Lautrecekin batera Gauguin, Van Gogh eta Cezanne margolariek hartu zuten parte.
Haiek guztiak, berezko eskola edota taldea sortu ez bazuten ere —haien arte ko harremanak nahikoa eskasak eta gehienetan arazo ugariz beterikoak izan baitziren—, elkarrekin daude, garrantzi itzela baitute gero etorri zen arte berrian, hots, XX. mendeko abangoardietan eta haien ondorengoetan.
Haiek izan ziren errenazimendutik zetozen kontzeptu eta irizpide estetikoak hautsi zituztenak (perspektiba, eskortzoa, errealismoa eta abar), artea ulertzeko era berri bati atea irekiz: kolorearen garrantzia formarekin eta edukiarekin alderatzen badugu, artistaren sentimendua edozein gai edota mezuren gainetik, formaren garrantzia zirrara islatzeko orduan eta abar. Honetaz eta gai gehiagotaz hitz egiteko (XIX. mendearen bukaeraren eragina, argazkigintza asmakizunaren ondorioak, errealitatearen eta asmakizunaren arteko desberdinatasunak, orijinalaren eta faltsifikazioaren arteko harremanak…), Jon Alonsok Toulouse-Lautrec pertsonaia gisa erabiltzen du. Baina liburua azterketa pisutsu bihurtu beharrean, saiakera eleberriz mozorrotzen du, eta gure egungo garaietan kokatutako istorio bat kontatzen digu, lehendik Katebegi galdua eleberrian erabilitako elementuak berreskuratuz.
Jon Alonsori bi genero horien arteko nahasketa, mestizaia, oso ongi atera zaio, liburu bikain baten aurrean baikaude, bai saiakera gisa eta bai eleberri gisa. Alde batetik, arteaz kontatu, pentsatu eta hausnartzen duena, beti bitxia eta aberasgarria da; beste aldetik, eleberriak tentsioa eta interesa mantentzen du.
Istorioak zirrara sortzen duen garapena du eta, pertsonaiak pasarte batzuetan oso ongi definituak ez badaude ere eta elkarrizketek maiz luze jotzen badute ere, xehetasun horiek ez dira oztopo garrantzitsuagoa den ikuspuntu orokorrarentzat.
“Nork esan zidan niri artea aspergarria zela?”, galdetzen dio bere buruari eleberriaren protagonistak. Toulouse-Lautrecen margolan bati buruz ikerketa egin behar duen galerista euskaldun batek. Nik ere, liburu hau irakurri ostean, galdera bera egiten diot irakurleari. Norbaitek uste izan badu artea beti aspergarria dela, hemen du aukera iritziz aldatzeko.
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Barbaro iraun
Louisa Yousfi
Amaia Alvarez Uria
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Aiora Sampedro
Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson
Irati Majuelo
Itzulerak
Miren Agur Meabe
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Jon Jimenez
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Asier Urkiza
Hitzak palmondo
Silvia Federici
Nagore Fernandez
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels
Aritz Galarraga
Maitasun kapitala
Karmele Jaio
Mikel Asurmendi
Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro
Paloma Rodriguez-Miñambres
Jausiz
Alain Mendizabal Diaz
Maddi Galdos Areta
Hiriak eta urteak
Xabier Montoia
Irati Majuelo