kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Palestina zauritua / Imanol Murua Uria / Susa, 1998

Zauri desberdinak eta antzekoak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-01-16

Imanol Murua Uriak orain dela bi urte eta erdi argitaratu zuen Suetena Belfasten liburua Humberto Unzuetarekin batera. Oraingoan bakarka egin duen bezala, orduko hartan Ipar Irlandako gizartea eta politika aztertu eta azaldu zituen, baina ez era objektibo eta hotzean, barrutik baizik, bertan egonda, bertan biziz, bertakoekin hitz eginez, gatazkaren bi aldeak erakutsiz. Gatazka guztiek bi alde baitituzte, biak saminak, biak arrazoiz beteak, biak desberdinak, biak elkarren artean puntu asko dituztenak.

Suetena Belfasten liburu arrakastatsua izan zen, eta ondoren euskal literaturan beste idazleen antzeko saiakerak errepikatu dira, beste herrialdeak hizpide izan dituztenak, baina oraindik ere Ipar Irlandako arazoari buruz idatzitakoaren maila berdindu gabekoak. Orain Imanol Murua Uriak genero berean beste lan bat idatzi du, eta nahiz eta arras diferentea den aurrekoarekin alderatzen badugu, oraingoan ere aurrekoaren maila lortu du.

Palestina zauritua liburuak Palestinaren eta Israelen arteko gatazka erakusten digu. Idazlea Palestinan izan da eta bertan palestinarrekin, herriarekin bizi izan da, haiekin eta beste askorekin elkarrizketatu eta mintzatuaz: islamistak, judu ultraortodoxoak, soldaduak, presoak eta abarrak.

Ondorioz, oraingoan ere gatazka bera erakusteaz gain, gatazkaren barruan murgildurik dauden alderdi guztiekin egoten saiatu da, bai alde batean bai bestean egunero egoera hori sofritzen duen herriarekin. Liburuak horren guztiaren kronika biltzen du.

Aurreko lanean bezala, nahiz eta orain bakarrik jardun, Imanol Murua Uriak trebezia handia erakutsi du ikusi eta sentitzen duena irakurleari azaltzeko. Gehienetan, gauzak kontatu baino gehiago, istorioak, eta historia, argi eta garbi adierazi baino gehiago, zeharka azaltzen digu.

Umorea eta gatazkaren sustraia

Horretarako nahiago du umorea erabili, eta askotan liburuaren orrialdeetan kronika adierazgarri eta nabarmen baten bila abiatzen bagara ere, lerro artean nahi dugun guztia aurki dezakegu. Hori eta Imanol Murua Uriak duen trebezia gatazka eta arazoak azaletik baino gehiago sustraitik aztertzeko, bere estiloaren bi ezaugarri nabarmenenak dira.

Hala ere, oraingo honetan herri palestinarrarekin egindako lana israeldarrarekin egitea faltan botatzen da. Imanol Murua Uria saiatu da hori lortzen, noski; aurreko liburuan gatazkaren bi alderkiak oso ongi islatuak gelditzen ziren, baina oraingoan lan bera gehienbat palestinarrekin egin du. Liburuak dakartzan eraskinak —mapak, kronologia, bidaia aurreko jakingarriak— aurrekoan baino ugariagoak eta sakonagoak dira, eta lan hori liburua irakurtzen hasi aurretik asko eskertzen da, baina arazoa osotasunean aztertzeko orduan, nik behintzat, Israelen ikuspegi zabalagoa eta sakonagoaren falta sumatu dut. Liburuan Palestinaren zati handi bat islatuta geratzen den bezala, ez dut uste Israelekin gauza bera gertatzen denik. Bestalde, gaia bera jorratzeko orduan ere oraingo ikuspegia desberdina da. Liburu honetan, idazlea kazetariaren inpartzialtasuna gordetzen saiatu den arren, gehien zein zaurik mintzen duen adierazten du.

Bai liburu hau eta bai aurrekoa irakurriz, ni gehien harritu, tristetu baina baita poztu ere egin nauena zera da: gatazka hauetan guztietan parte hartzen duten bi aldeen artean zer-nolako desberdintasunak eta, era berean, zer-nolako antzekotasunak dauden ikustea.

Batetik, sekula gerturatuko ez diren iritzi eta jarrerak direla dirudite, baina, bestetik, txanpon beraren bi aldeak besterik ez direla ohartzen gara, bata besteagandik oso gertu daudela. Gertutasun horretan arazoak konpontzeko aukera ere espero dugu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak