kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Koaderno gorria / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 1998

Samina eta esperantza Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-12-26

Hamaika urte eleberririk argitaratu gabe egon ondoren, Koaderno gorria izeneko berri honekin heldu zitzaigun Arantxa Urretabizkaia Durangoko Azokara. Gure artean dagoeneko arrastoa utzi duten Zergatik Panpox (1979), Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1982) eta Saturno (1987) haiez gain, euskarazko helduen literaturan bide egitera datorren lan berria ere gogoan izan beharko dugu aurrerantzean. Izan ere, eleberri honek agerian uzten baitu —aurrekoek baino argiago ziurrenik— Urretabizkaiak intimismoan bustiriko literatura idazteko duen ahalmen bizia.

Azken buruan, batik bat, hori baita Koaderno gorria: seme-alabak lapurtu dizkioten ama baten samina islatzen duen liburua. Arrazoi politikoak tarteko direla, emakume batek, senarra eta umeak utzi behar izan ditu. Hasiera batean distantziak baizik bereizten ez zuen familia, ordea, gerora ausentziak bananduko du. Senarra zein umeak desagertu egingo dira, eta emakumeak zazpi urte emango ditu haien berririk izan gabe.

Venezuelan daudela jakitean, ordea, mezulari bat bidaliko du bertara emakumeak, umeek gogoan duten ala amaordekoak beraren lekua osorik hartu duen jakitera. Mezulariari koaderno gorri bat emango dio amak. Seme-alabei zuzenduriko koaderno bat, hasieratik egoeraren gogorra agerian uzten duena: “Zuen ama naiz. Zu, Miren eta zu, Beñat, nigandik jaio zineten, duela hamahiru eta hamar urte. Duela zazpi urte desagertu zineten, zuen aitak nigandik lapurtuak. Hori da egia, hori eta ez dakidala zer kontatuko zizuen aitak niri buruz”.

Hitz horiekin hasten den koaderno intimista eta mezulariak Venezuelan koadernoa haurrei helarazteko dituen gorabeherak biltzen ditu eleberriak, bi planotan. Narrazioak hartzen du plano bat, mezulariaren ibilerena, eta bihotzaren oihuek, idazkera erabat intimistak, berriz, beste planoa, koaderno gorria. Plano horretan Urretabizkaiak inoiz baino ederkiago erakutsi digu literatura intimistan idazle handia deia. Amatasunari lotutako sentimenduak, haurdunaldiaren zirrarak eta bakardadearen etsipenak orrialde latz bezain ederrak idazten lagundu dio haurrak gogoan dituen protagonistari. Koaderno gorriaren idazleari.

Nolabait, ama baten samina eta esperantza biltzen dituen liburua da hau. Zazpi urtez semealabak desagertuak izan dituenaren samina. Baina, halaber, aurkituko dituen esperantza. Berriro ura bere bidera itzuliko den esperantza.

Eta gisa bereko samina eta esperantza islatu du gure artean liburu honen argitalpenak ere. Saminduak ginen aspaldian, nahikoa kezkaturik, emakume batek gurean eleberririk argitaratzen ez zuela hainbat hilabete bazirelako. Urretabizkaia heldu zaigu, ordea. Samina baztertu eta koaderno gorri batean esperantzari leku eginez.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak