kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Txori erratuen bilera / Jose Luis Padron / Erein, 1998

Poesiaren biztanle bihurtzeko Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-12-05

Legazpin jaio eta Urretxun bizi den Jose Luis Padron gaztearen euskarazko bakarkako lehen liburua argitaratu berri du Ereinek. Lehendik ere Ilargirik gabeko kalea (Urruzuno, 1987), Antioju borobilduen kristaletatik zehar, De la manera de vivir más humilde y callada, Profundos senderos de niebla y carne (Pasaiako Udala, 1991), Egunez egun jendetzaren kiratsa (Lasarte Oriako Udala, 1993), Vida al margen de todo (Bermingham, 1995), Itzal izotzezkoan bildurik, Los ojos deseados (Central Hispano, 1996) eta La memoria extendida (Bermingham, 1998) argitaratuak zituen Padronek, bateko zein besteko lehiaketetan irabazle izan ondoren gehienak. Hau da, ordea, esan bezala, euskaraz bakarka argitaratzen duen lehen liburua.

Bakarka argitaratzearena, ordea, zehaztu egin behar dugu. Jose Luis Padronek, egia esateko, Concetta Probanzarekin batera mamitu, landu eta argitaratu baitu lan hau. Poema guztiak Padronenak dira, baina Probanzaren marrazki bat dute guztiek alboko orrialdean. Irudiz zein olerkiz osatutako liburua da. beraz. Eta ez genuke aipatu gabe utzi nahi Probanzaren lana. Urretxuar hori Arte Ederretako lizentziaduna da, eta grabatua, margolaritza, ilustrazioa eta komikia bezalako alorrak lantzen ditu bere lanetan. Zenbait liburu ditu ilustratuak, eta baita beste zenbaiten azalak eginak ere. Aurten bertan, gainera, Portugalete Hiria eta INJUVE komiki sariak jaso ditu.

Marrazkilariaren eta poetaren arteko elkarlana da, beraz, Txori erratuen bilera liburua. Eta bi lanen arteko orekan asmatu dutela esan behar da. Hiztegi eta esapideen aldetik sinpleak dira Padronen hitzak. Poesia narratiboaren joera nabarmentzen da, eta esan beharrekoak itzulingururik gabe idazten ditu egileak. Liburua zabaltzen duen Eraman ezazu poemak, nolabait, argi uzten du hori eta, halaber, liburua izango denaren aurrerapen gisa, laburtu egiten du datozen orrialdeen nondik norakoa. Baita idazleak adierazi nahi dituenak ere.

Lehengo poema izan arren, argi geratzen da dagoeneko liburuan zer aurkituko duen irakurleak eta, batez ere, egileak zer erakutsi nahi izan duen. Aldarrikapen gisakoa da lehen poema hau: “Poema honek ez luke garai berri bat iragarri nahi. / Eta ez luke belaunaldi oso baten errealitate sozial, politiko eta kulturala / erakutsi nahi ere. Ezta langile, ikasle, herriaren ahotsa izan ere. / Edo kalean amets egiten duen jendearena”. Zehatzagoa ere bada egilea poema honen bertsolerroetan. “Poema honek ez luke giza balioaren neurri zehatza eman nahi”, “Poema honek ez luke izan nahi zuk euskara eta literatura suspenditzearen/ kausa” edota “Poema honek ez du ezer berezirik nahi. Gainerakoek nahi dutena besterik ez”, esaldiak, kasu.

Egilearen barne bidaia hasten da gero. Bakardadearen prezioa erakusten digu, bihotzarekin ordaindutako poemetan barrena. Etsipena nabari da batzuetan, malenkonia askotan, amodioak akuilatzen du luma, heriotza hiri bat da, poetak ez du barrerik egiten, izakiaren oinarriak aurkezten dizkigu eta negua idazten du. Poesia da bidea. Jose Luis Padronek lehen poema liburua eskaini digu, Concetta Probanzaren irudiekin osatua. Eta guk liburuak bata bestearen segidan Durangon. Hurbildu txori erratuen bilerara, alde egin baino lehen, poesiaren biztanle bihurtzeko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak